Borrokarako geldialdi akademikoa Vs arduragabekeriaren kultura
Atzo martxoak 25 osteguna IKAS (ikasle autodefentsa sarea) plataformak deituta hezkuntzako autoritarismoa salatzeko zein ikasleen oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko hego Euskal Herriko 16 udalerrietan bezala mobilizazioa izan zen Beasainen. Ni neu ere bertan izan nintzen. DBH-ko edo Batxiko ikaslea ez banaiz ere, ezinbestekoa ikusten baitut langileon antolakuntza gaitasunen hazkunde proportzionala ipar duten egitasmoak babestea. Horregatik, IKAS-etik daramaten borroka prozesuarekiko elkartasuna transmititzeko intentzioz bertaratu nintzen.
Mobilizazioak nagusiki bi sentsazio utzi zizkidan. Alde batetik indar estimulu itzela eman zidan 200dik gorako ikasleon parte hartzea ikustean, Goierrin geroz eta jende gehiagok iraultzarako eta borrokarako grina dugula ikustean eta bereziki IKAS plataformaren antolakuntza eraginkortasunaren (Gasteizen, Bidasoan eta Iruñean autoritarismoaren kontrako neurri konkretuak lortu baitituzte) fruituak ikustean.
Beste aldetik ordea, asko haserretu ninduen, mobilizazioan zehar, Txindokiko ikasle asko paro deialdiari zein mobilizazioari errespetu faltaz Beasaingo tabernetako terrazetan eserita ikusteak. Errespetu falta diot Txindokiko paro deialdiaren bozketa ikusita; 244 baiezko, 13 ezezko, 24 txuri eta 36 desbinkulatu (gela batean paroaren ordu berdinean azterketa baitzuten, bai bai: paro orduan azterketa). Agerikoa baita, mobilizazioaren arrazoipean deitutako paroari baiezkoa emandako ikasle askok, arduragabekeriaz eta ikasle-langile guztien alde borrokan, zein atzoko deialdiaren antolaketan ibili diren beraien ikaskideak diren ikasle konprometituekiko errespetu faltaz tabernara joateko hautua hartu zutela.
Jarrera lotsagarria izateaz gain, onartezina bezain salagarria iruditzen zait, baina zoritxarrez azken urteetan jarrera hauekiko inpunitate handia dagoela ikusten dut eta gutun hau horrekin hausteko bidean ekarpen bat egitera dator. Are, gutun honek duen irisgarritasunak ahalbideratzen duen ikastetxeetara eztabaida hau eramateko borondatez idazten dut.
Zer dute esateko arduragabekeriaz eta interes partikularraz jokatu duten ikasleek? Beraien jokabidea azaltzeko zein esplikazio arrazional dago atzean?
Bukatzeko, ikastetxe guztietan ematen den fenomeno jenerala izanda, eztabaida, Txindokiko ikasleen bizkar kokatu beharrean (Txindokikoa, gertatutakoa azaltzeko adibide konkretua besterik ez baita izan), jokabide jeneral gisara kokatu nahiko nuke.