Burgesiaren ofentsiba gelditu
Ordiziako Gaztetxeak koronabirusaren eta hark gizartean dituen eraginen inguruko iritzi artikuluetan lehena. Unai Cobos de Juanek, Alarma Egoerak eskubide zibilen arloan nahiz langileen egoeran izan duen eragina aztertu du:
Gazte Koordinadora Sozialistak ireki berri den testuinguru globalaren aurrean kanpaina politiko bat abiatu du, Burgesiaren ofentsiba gelditu! lemapean. Zer ari da jazotzen?
Kontraesan sozialen erritmoa bizitu egin da azken asteetan. Batetik, eskubide zibil eta politiko guztiak ukatuak izan dira Alarma Egoeraren ezarpenaren ondotik. Horrekin batera, kaleen militarizazioa burutu da. Aldiz, ez dira desagertu lana egiteko eskubide sakrosantua, enpresa estrategikoetan bederen, ez eta enpresari handien erabakitzeko eskubideak edota poliziaren askatasun politikoak. Bada, azken hauen paradisuan aurkitzen gara. Izan ere, totalitarismo poliziala eta patronala handitu besterik egin ez diren garai hauetan, garbi ari da geratzen osasungintza-adituen funtzionamendu-irizpideetatik haratago, irabazien metaketan eta kontrol sozialean oinarritutako irizpideak ari direla lehenesten Estatu Espainiarrean. Gainera, informazio bonbardaketaren aurrean, birusaren jatorria ez dago argi eta honek hartuko dituen dimentsio sozialak ezkutatuak izaten ari zaizkigu. Nor ari da erabakiak hartzen? Nor dago interesatuta halako erabakiekin? Ez al da osasuna lehentasun nagusia?
Zilegi da osasun krisialdiaren forma hartzen ari den egoera honetan langileriaren aurkako erasoaldi orokortua gauzatzen ari dela interpretatzea, beronen babes politiko eta ekonomikorako aukerak deuseztatuta geratu direlarik. Salbuespen Egoera batean gaude! Egia zein osasunak lehentasun izateari utzi diote! Oligarkiak dauka zuzenean botere legegilea! Antolatzeko garaia da!