CAF errailetik atera da Palestinan
2020ko otsailaren 22an, Euskal Herriko Palestinarekiko elkartasun-nodo ezberdinek 70 gizarte eragileren babesarekin, “CAF jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik” koalizioaren sorrera plazaratu genuen Ordizian. Koalizio honen helburua CAFeko zuzendaritzari Jerusalemgo tren arinaren proiektuan parte ez hartzeko presioa egin nahi dion kanpaina artikulatu bat abian jartzeko eta antolatzea izan zen. Bi urteko lanaren ondoren, lerro hauen bidez, kanpainaren balantze txiki bat euskal jendartearekin partekatu nahi dugu.
Ezaguna da trenbideen alorrean puntakoa den euskal enpresak Jerusalemgo hiri okupatuan Tren Arineko linea handitzeko eta mantentzeko (gaur egun Cfir ‘s Light Train edo JLR deitzen zaio ingelesezko siglengatik, Jerusalem Light Rail) lanen lehiaketa irabazi zuela. Esleipena 2019ko abuztuan egin zen, eta Shapir enpresa eraikitzaile israeldarrarekin parte hartzen du kontratu horretan. Enpresa hori NBEk 2019an Israelen legez kanpoko kolonietatik eta Palestinaren okupaziotik etekin ekonomikoak dituzten 112 enpresen zerrenda lotsagarrian agertzen da.
Aurreko hilabete horietan, lizitazio-prozesuari uko egiteko CAFeko zuzendaritzarekin hitz egiten saiatu arren, eta Enpresa Batzordeak lehiaketatik irteteko eskatu arren, aldebakartasunez aurrera jarraitu du erabakiak Nazioarteko Zuzenbidea larriki urratzen duela jakitun izan arren.
Ezer berririk ez. Herrialde honetako gehiengo sozialak badaki Israelek bere okupazio, kolonizazio eta apartheid erregimenari eusteko nazioarteko konplizitatea beharrezkoa duela. Eta zentzu horretan, enpresek funtsezko papera betetzen dute. Ez dugu guk bakarrik esaten, nazioarteko erakundeek eta giza eskubideen aldeko erakundeek ere hala diote.
Izan ere, tren arinaren proiektuak lur palestinarrak konfiskatzea dakar berekin. Trena eraikitzearekin batera palestinarren mugimendu askea oztopatu eta legez kanpoko kolonia israeldarrak lurralde okupatuek eta Jerusalemgo hiri zaharra lotzen ditu. Horrela, potentzia okupatzailearen biztanleria lurralde okupatura lekualdatzea erraztuz eta bertako biztanle zapalduen bizi baldintzak kaxkartuz.
Kontratuaren esleipenaren berri izan genuenean elkarrizketaren fasea (hobe esanda saiakera) amaitu zela jakin genuen eta gizarteak proiektua gaitzesteko iritzi kritikodun korronte bat sortu behar genuela. Horrela iritsi ginen duela bi urte Ordizian egindako kanpainaren aurkezpen publikora, 70 gizarte talde baino gehiagoren laguntzarekin.
Lehenengo urtean gizartean eragiten saiatu ginen, Euskal Herriko hainbat hiriburu eta herritan mobilizazioak eginez, komunikazio kanpainak eginez, sinadurak bilduz eta Andres Arizkorreta CAFeko presidenteari gutunak bidaliz; era berean, kulturaren eta euskal gizarteko pertsona erreferenteen laguntza jaso genuen, baita proiektu honen aurkako bineta eta ilustrazioak ere. Erakundeen esparruan, Nafarroako eta EAEko parlamentuetan agerpenak egin ditugu, eta aldian behin bilerak egin ditugu Enpresa Batzordean ordezkaritza duten sindikatuekin (LAB, ELA, ESK eta CCOO).
Baina presio sozial hori gorabehera, Arizkorreta jaunak, CAFeko zuzendaritzak eta akziodunek entzungor egiten jarraitzen dute eta tranbiaren obrek aurrera darraite. Bai, tranbiaren luzapenaren lanak martxan dauden bitartean beste linea baterako lehiaketa berri bat martxan dago. Gainera, Solaris (CAFen beste dibisio bat) autobusak saltzen dizkiote Egged-ri. Enpresa honek kolonien eta Israelen artean lurreko garraioa egiten du. Hau gutxi ez eta CAFek Israelgo Estatuarekiko harremanak indartzen jarraitzen du Tel Aviv-eko kontratuarekin Jerusalemgo jarrera otzana ordainduz.
Jakin badakigu Goierrin kanpainak kontraesanak sortzen dituela; nahiz eta beste proiektu batzuen eskaera-zorroa 9.000 milioi eurotik gorakoa izan batek baino gehiagok honelako kanpainekin lanpostuak arriskuan jartzen ditugula pentsa dezake; langileek nahikoa dute lan-hitzarmenak defendatzearekin. Gure ustetan Jerusalemgo lanetatik irtetea eskatzea guztiz bateragarria da. Izan ere, proiektu bati uko eginda enpresaren izen ona zaindu eta etorkizunerako ospea mantenduz proiektu honen ondorio negatiboetatik babestuko ginateke.
Horregatik, fase berri honetan eta datozen hilabeteetan herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko fase berri batean sartuz akziodunenganako (bereziki, Kutxabank, Bilbao Bizkaia Kutxa, Santander Asset Management eta Eusko Jaurlaritza) eragina zabaltzen saiatuko gara, nazioarteko zuzenbidea urratzen duen enpresa honetatik desinbertitzeko eskatuz.
Kanpaina hau Europan eta beste herrialde batzuetan palestinarrekiko elkartasun-talde eta -nodoetan ere sartu da. Eta zentzu horretan, nazioartean CAFek bere etorkizuna kolokan jar dezakeela uste dugu. Izan ere, mugimendu batzuk jadanik eman dira. Alde batetik, Norges Bank banku publikoak kudeatzen duen Norvegiako petrolio funtsak Shapir enpresako inbertsioei uko egin die. Enpresa hau, lehen aipatutako NBEko zerrenda beltzean dago eta, esan bezala, CAFekin lankidetzan dabil Jerusalemgo tranbiaren lan hauetan. Bestetik, Erresuma Batuan CAFek ez Hs2ko lanak ez irabazteko egindako presioa ezin da aipatu gabe utzi ez eta CAF Industria Ministerioaren menpe dagoen Harremanetarako Puntu Nazionalera eraman dutela multinazionalen jokabide- arauak ELGAren irizpideen arabera ez errespetatzeagatik. Adibide horiek CAFen bazterketa prozesuak aurrera jarraitzen duela erakusten dute, haren ospea kolokan jarriz.
Ondorioz, CAF eta haren langileak etorkizun are ziurgabeago baten parean daude orain. Veolia multinazional frantsesaren aurrekariak ez du ezer onik iragartzen ongi kokatuta dagoen eta kaudimena duen CAF bezalako lantegi batentzat. Frantziako enpresa honek Jerusalemgo tren-linea arinaren kudeaketan eta mantentze-lanetan zituen partaidetza guztiak saldu behar izan zituen nazioarteko BDZ kanpaina baten ondorioz.
“CAF jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik” kanpaina Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren bultzadaz CAF proiektu honetatik irtetea lortuko genuelako uste osoarekin jaio zen. Zerbaitek huts egin digu orain artean. Palestinako herria da gure gobernu eta enpresek Israelgo apartheidarekin lankidetzan jarraitzearen kaltetu nagusia. Proiektu hori ezin da bisualagoa izan; izan ere, tranbiaren proiektua auzo palestinarretan oinarritzen da. Ibilbidea auzo palestinarretatik bideratuz hauek desjabetu eta liskarrak sortuz egunero erasotzen eta etxetik botatzen dituzte. Ezin dugu ahaztu Gazako azken bonbardaketa masiboen oinarria Sheikh Jarrah auzo palestinarretik tranbia igarotzeko desjabetzen testuinguruan jaio zela. Argi eta garbi diogu Palestinako garbiketa etnikoari luzapena ematen dion proiektua dela. Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko eta CAFen gaineko presioa areagotzeko deia egin nahi dugu, CAFen etorkizuna ez dadin Jerusalemgo tranbiako errailetik atera eta Nazioarteko Zuzenbidearen errailetara itzul dadin.