EH Bilduren ahulezia
Akordioak eta adosteko ezintasuna onartu ordez, EH Bilduk nahiago izan du EAJri errua egoztea. Beti da errazagoa norberaren akatsak onartzea baino, aurkari politikoa errudun egitea.
EH Bilduk azken lau urteotan Ordizia Orain udal taldea izan du bidelagun, baina azken ezohiko osoko bilkurarako adostasunik lortzeko ez dira gai izan eta EH Bilduk landutako aurrekontua ez da aurrera atera. Hauteskundeen atarian bukatu dira bi taldeen arteko akordioak eta adosteko ezintasun hori onartu ordez, EH Bilduk nahiago izan du EAJri errua egoztea. Beti da errazagoa norberaren akatsak onartzea baino, aurkari politikoa errudun egitea.
Ia urte erdian ez dira gai izan 2023rako aurrekonturik aurkezteko eta kudeaketa gaitasun falta hori estaltzeko ahaleginean, legealdia aurrekontua onartu gabe bukatzea saihestu nahi izan dute. Ordizia Orainen bozeramaileak osoko bilkuran esan bezala, aurrekontuak kosta ahala kosta onartu nahi izan zituen EH Bilduk, eta horregatik aurkeztu zituen udal hauteskundeetarako hamar egunetara. Baina ez zaio ondo atera jokaldia eta aurrekontuak onartu gabe geratu dira.
EH Bilduk Ordizia Orainen laguntza izan du legealdi guztian arrabola pasa eta gainerako taldeen ekarpenak alde batera uzteko. Hori gutxi ez eta EAJren ekarpenak gutxiesteko adierazpen publikoak ere egin ditu. Gehiengo osoa balute bezala jokatu dute lau urteotan eta horretara ohitu dira, konturatu gabe EH Bildu gutxiengoan egon dela agintean. Ordizia Orainen laguntzarekin, bai, baina gutxiengoan, eta horren kontzientzia galtzea izan da EH Bilduren ahultasun handiena. Izan ere, akordioak lantzea eta batzuekin eta besteekin adostasunak lortzea eta zubiak eraikitzea beti izaten da ona, baina gutxiengoan aginduta ezinbestekoa da.
Ordiziaren alde elkarlanerako gu beti egon gara prest eta hala erakutsi dugu lau urteotan. Beti izan dugu jarrera eraikitzailea eta Next dirulaguntzak Ordiziara ekartzeko lanketan parte hartzeko prest egon gara eta hala jarraitzen dugu. Baina EH Bilduk aurkeztu duen aurrekontua ez da Ordiziak behar duen aurrekontua, izan ere, hauteskundeetarako hamar egun faltan aurkezten den aurrekontu bat ez da herriaren mesedetan aurkezten, EH Bilduren mesedetan baizik eta gu joko horretan ez gara sartuko. Adostasunak landu egin behar dira, herria egunez egun eraikitzen da eta ez hauteskundeen atarian korrika eta presaka.