Ehun mila hutsune
Ehunmilak proba egitekoa zen joan den asteburuan. Iker Zalduak, aurtengo hutsuneak utzitako sentipenak bildu ditu, kronika honetan.
Xabier Letek idatzi zuen behin, “Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona”.
Ni ziur nengoen, nire buruari esaten nion, badakit bai edukitzean zein den ona!!! Baina, hutsuneak neurtzen du gabeziaren tamaina. Ez naiz ni eskulturgintzan aditua, baina Oteizak bazekien zerbait, hutsuneak zenbat betetzen duen, zein dimentsio duen.
Ostiralean, gaueko hamaiketan zen hastekoa hamaikagarrena, nire hirugarrena. Eta denboraren orratza Beasaingo plazako magiara hurbildu ahala, hutsunearen ziztadak nabaritu nituen, Vangelis ipini nuen ozen, terrazara atera nintzen, euri langarretan ginen, negar fina goitik behera. Mendira begiratu nuen eta pentsatu nuen, hor gabiltza! gure gorputzak isolatuta dauzkagu baina gure arimak lasterketan ziren dagoeneko, hasia zen Ehunmillak eta hasi berria G2H.
Eta hasi nintzen momentuen bilduma egiten, Beasaingo plazako leherketa, taupada festa. Zaldibiako txalo zaparrada, artean inozo samar den lasterkariaren irribarre gardena. Larraitz, “hau serio zihoak” marmarka hire buruari. Txindokiko lepoan Txalapartaren txinparta. Lizarrustin egunsentia (beno, nire kasuan; beste batzuek askoz ere aurrerago ikusten baitute egunsenti hori bera, baina guztiok begiratzen diogu goxo, frontala motxilan gordez). Etxegarateko makarroiak, Trevisokoak una mierda hauekin konparatuz! San Adriango lagunartea, lasterketa honen ezaugarri berezi. Mutiloko ezina eta ekina, senideen babesa. Eta berriro Beasaingo plazako leherketa, albumaren hastapen, albumaren amaia.
Konturatzerako hutsuneak hartu ninduen sakon, zerutik zetozenak nahasi ziren nire begiekin irteten ziren tantekin, eta Leterekin akordatu nintzen Laboaren ahotsetan, “Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona”. Hamaikagarrena hala joan da, uste dut ezin daitekeela esan egon ez denik. Parte hartu izan dugun guztiok sentitu baitugu nolabait aritu garela korrika, askok egin diogu gure omenalditxo xumea, bakoitzak bere bazterrean, bere erara. Ziur naiz inork izango zuela egiteko bulkada, “Eta egiten badut? Ez dago anoa punturik, ez dago jenderik bazterrean, ez dago anbulantziarik, min hartuz gero bakarrik nago, baina zer demonio!”. Conquest of Paradise amaitzerako ordea, konturatuko zen hura boluntariorik gabe ezinezkoa dela, balizatu gabeko bidean porrota ziurra dela.
Pandemiak jo gaitu ordea, eta orain Ordiziara begira gaude, musukoen garaia da, buffak tiraderan dira. Distantzia soziala dugu aldarri, besarkada lotsa kontua izatetik lotsagabekeria izatera pasa da. Ni zaindu gu zaintzeko da leloa, elkartasuna elkarrekin ez egotea da orain. Batak besteari bostekorik ez, bakearen keinua eraso bilakatu da. Hutsuneak berriro, Oteiza malapartatu hura! Bahekian bai zerbait!
Baina garai goibel hauetan, hor dugu mendia, hor ditugu basoak eta hor xendrak. Hamabigarrena etorriko da, Ehunmillakek paradisua konkistatuko du berriro, begiko ilusioak entzungo ditugu berriro, pauso hots nekatuak ikusiko ditugu, garaipenaren zaporea izango du berriro Oazurtzak, loria ukituko dugu eta behinola belauneko lesio batek ekarritako zoramena usainduko dugu, zorigaiztoko lesio haren zorioneko sendabidea jasoko dugu herrian, leihoetan zintzilikatu ditugun kamisetak soineratuko ditugu eta hutsuneari zentzua emango diogu, inguruko mendi guztiak betez.