Eskerrik asko Bikuña-enea!
Lekanazpi elkarteak, Bikuña-eneko bizilagunei esker ona agertu nahi izan die, herriko taldeekin egin zuten kontzertua antolatzeko garaian emandako erraztasunengatik.
Kontzertu akustikoa plazan egiteko baimena emateagatik; gugan jarri duzuen konfiantzagatik; herriko musikariei babesa eta aterpea emateko prest egoteagatik, eskerrik asko Bikuña-enea!
Uztailaren hasieran, Lekanazpi elkarteak Legazpiko Udalari Bikuña-enea plaza erabiltzeko baimena eskatu zion. Kontzertu akustikoa antolatzen ari ginen. Udalak idatzia bidali zigun, esanez, plazak ur-filtrazioak dituela eta egiturazko arazoak daudela; bizilagunek udalari 2018. urtean, plazako erabilera mugatzea eskatu omen ziotela. Udalak Lekanazpiri plazaren erabilpena baimentzeko, Bikuña-enea plazako jabeen adostasuna jasotzea eskatu zion.
Berehala lanean hasi ginen eta Bikuña-enea plazako bizilagunen iritzia jaso dugu: 90 etxebizitzetatik, 51k plaza erabiltzeko baiezkoa eman dute, 2k ezezkoa eta 37k ez dute erantzun arrazoi desberdinengatik (ez zeuden etxean, ez dute iritzirik eman nahi, plaza publikoa dela argudiatzen dute, e.a.).
Bizilagunak, jakin ezazue Lekanazpi elkarteko ateak zabalik dauzkazuela nahi duzuen guztirako.