Goierriko kaleetako propagandaz

Bizi ditugun garaiei erantzunez, azken asteetan Goierriko kaleak ere faxismoaren eta Estatuen autoritarismoaren aurkako aldarriz bete ditugu. Baina lan hori etengabe oztopatu dute hainbat udalek eta alderdik: Legazpiko udaltzainek zenbait kide identifikatu dituzte kartel batzuk eskuetan eramate hutsagatik; Beasainen, EAJko zinegotzi batek pankarta bat jartzea eragotzi zien gazte batzuei, bestela berak kenduko zuela esanez; Legorretako EAJk sare sozialen bidez herrian propaganda jartzea gaitzetsi zuten; Zumarragan, Josu Jon Imazen jarduna seinalatuz egindako pintaketen aurkako adierazpena egin zuten PSEk eta EAJk; Lazkaoko eta Ormaiztegiko udalek herrian azaltzen den pankarta edo kartel oro lehenbailehen kentzeko jarrera autoritarioa daukate eta abar luze bat. Hauek guztiak egunerokoan aldarriak kaleratzeko ditugun oztopoen adibideak baino ez dira.
Batetik, instituzioetatik kanpo egiten den politika kriminalizatzeko eta oztopatzeko helburu argia dauka propagandaren aurkako eraso sistematiko honek. Geroz eta autoritarioago bihurtzen ari diren Estatu egituretan, Estatuan bertan integraturik ez daudenek gero eta zailtasun handiagoak dituzte politika egiteko.
Bestetik, ideia erreakzionarioak eta faxismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari diren honetan, arriskutsua iruditzen zaigu gorakada horren aurka antolatzen garen gazteoi etengabe oztopoak jartzen aritzea. Izan ere, ikusten ari gara nola ari diren areagotzen matxismoaren normalizazioa, migranteen aurkako jarrerak edota pobreenen kontrako jazarpena, besteak beste. Gainera, ideia hauek hedatzeko finantzaketa bideak eta baliabide ugari dituzten bitartean –sare sozialak, eskuin-muturreko think tankak, ohiko komunikabide handiak edota enpresariek finantzatutako influencerrak–, gazte langileok geure baliabide propioak sortu behar ditugu ideia erreakzionarioen aurka borrokatu ahal izateko, horien artean, kale mailako propaganda.
Gainera, azken hilabeteetako gertakariek erakusten digute urgentziazkoa dela faxismoaren aurka lanean jarraitzea: Euskal Herrian bertan ikusi dugu Falangea, Vox edota Vito Quiles bezalako agitatzaile faxistei kale mailan aurre egin ezean, ateak zabalik dituztela; edota, nazioartera begiratuz, Amerikako Estatu Batuetan ikusten ari gara faxismoa eta estatuen autoritarismoa zein muturretara irits daitezkeen.
Hortaz, oztopoak jarri nahi badizkigute ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu kalean propaganda egiteko eskubidea defendatzen jarraitzea, langileok daukagun oinarrizko eskubide politikoa baita. Zentzu horretan, kaleak aldarriz betetzen eta faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka lanean jarraituko dugu.
Urtarrilaren 31n Bilbo eta Iruñeko kaleak hartu!












