Goierrin ere Greba Orokorra!

Ekonomia ongi doala esaten digute. Enpresa handiek inoizko irabazirik handienak lortzen dituzte. Baina gero eta langile gehiagok lan egin arren zailtasunak dituzte hilabete amaierara iristeko.
Goierri Euskal Herrian pertsonako batez besteko diru sarrerarik handienetakoa duen eskualdeetako bat dela esan ohi da. Eta horri lotuta, greba deialdiak gurean izan dezakeen eraginaren ingurko zalantzak ere entzun izan ditugu. Baina batez bestekoek askotan errealitatearen zati bat ezkutatzen dute.
Izan ere, Goierrin hilean 2.000 eurotik gorako soldatekin batera, 800, 1.000, 1.200 edo 1.300 euro gordineko soldatak ere badaude. Modu berezian gazteei, emakumeei* eta jatorri atzerritarreko euskal herritarrei eragiten dieten miseriazko soldatak. Asko lanaldi partzialetara kondenatuta daude, kontratu bat bestearen atzetik egin behar dute edo gutxieneko diru sarrerak lortzeko bi edo hiru enplegu izan behar dituzte.
Diskurtso ofizialek edo egoera ekonomiko eta sozialaren analisi orokorrek askotan ezkutatzen duten errealitatea da hau, baina gure herrietako eguneroko bizitzaren parte da. Enpresak garbi mantentzen dituzten azpikontratatutako langileak dira, gure jakiak ekoizten dituzten nekazari edo abeltzainak, langile askori eta ikasleei jaten ematen dieten catering zerbitzuetako langileak, adineko pertsonak zaintzen dituztenak, udal eraikinak, anbulategiak, ospitaleak, eskolak edo kiroldegiak eta etxeak garbitzen dituztenak, janari dendak antolatzen eta arreta ematen dutenak, edo lehengaiak ekarri eta garraiatzen dituztenak.
Eta askotan ez dira beste batzuk: gu geu gara, edo gure seme alabak, anaia-arrebak, lehengusuak, bizilagunak, eskolako gurasoak edo lagunak.
Nola bizi daiteke pertsona bat soldata horiekin, 600, 700 edo 900 euroko alokairua ordaindu behar bada? Nola iritsi hilabete amaierara funtsezko elikagaien prezioak %15, %20 edo %30 igo direnean? Edo argindarraren eta etxea berotzearen kostua bikoizten denean?
Soldaten prekarizazioarekin batera, kontsumo eredu jakin bat hedatzen ari da: esplotazioa, kostuak eta lan baldintza okerragoak beste herrialde batzuetara esportatzen dituena, eta planeta suntsitzen duena. Soldaten gainbeherak, gainera, jendea ustez “merkeagoak” diren produktuak kontsumitzera bultzatzen du botere ekonomiko-finantzarioek kontrolatzen dituzten salmenta gune handietan. Horrek kalte egiten die gure baserritarrek modu jasangarrian ekoitziriko jakien salmentari eta herri eta auzoetako tokiko komertzioei.
Greba orokorrak denontzat gutxienez 1.500 euroko soldata bermatzeko aldarria egiten du: Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari egokitutako gutxieneko diru sarrera bat, duintasunez bizitzeko aukera emango duena. Eta, gainera, erabaki hori hemen hartu ahal izatea: Euskal Herrian duintasunez bizitzeko zenbateko soldata behar den guk geuk erabaki ahal izatea, Madrilgo erabakien menpe egon gabe.
Garai batean enplegu bat izateak gehiengoarentzat duintasunez bizitzeko aukera ematen zuen. Gaur egun, ordea, enplegua izanda ere pobrezian bizitzera kondenatzen gaituzte: etxerik gabe, emantzipatu ezinik, funtsezko beharrak ase ezinik, soldata batzuek hori guztia ezinezko egiten dutelako.
Ekonomia ongi doala esaten digute eta, aldi berean, enpresa handiek inoizko irabazirik handienak lortzen ari dira, baina langileen soldatak ez dira proportzio berean hazten. Bizitza garestitzen ari da, baina soldatak ez dira igotzen.
Horregatik, 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabakitzeko aldarriarekin deituriko greba hau ez da elkartasun ariketa hutsa, aberastasuna pixka bat hobeto banatzeko proposamena ere bada. Gure eta gure ingurukoen bizi baldintzak hobetzeko proposamena, gizarte kohesioa bermatzeko tresna bat, lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzea saihesteko neurri bat. Azken batean, denok hobeto bizitzeko proposamena.
Gainera, gutxieneko soldata igotzeak gainetik dauden soldatak ere gorantz bultzatzen ditu, eta horrek soldata guztien igoera eta aberastasunaren banaketa justuagoa sustatzen ditu.
Patronalak ez du negoziatu nahi, eta Nafarroako Parlamentuan zein Eusko Legebiltzarrean ez dute proposamena eztabaidatu ere egin nahi, nahiz eta 138.595 herritarren sinadurek babestutako ekimena izan.
Pobrezia eta prekaritatea hedatzen ari direnean, sektore prekarizatuenaren aldeko politikak ez egiteak eskuin muturra indartzen du. Horregatik da garrantzitsua herritar guztion ongizatea bermatzea, eta ongizate hori bermatzeko beharrezko neurriak hemen hartu ahal izatea.
Horregatik guztiagatik, 1.500 euroko gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzea nahi dugulako, Goierrin ere, martxoaren 17an Greba Orokorra.
Egin greba, itxi komertzioak eta tabernak, bete kaleak eta hartu parte goizeko zein arratsaldeko mobilizazioetan.













