Gure udal-eskumenen alde
Legazpi, Urretxu eta Zumarragako EH Bilduko ordezkariek, Ingurumen Administrazioaren Legeari eta udal eskumenei buruz egindako idatzia:
EAJ eta PSEk zuzenketa bat onartu diote Ingurumen Administrazioari buruzko Legeari, zeinak gure udal-eskumenak murrizten dituen. Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak udalei proiektuak inposatu ahal izango dizkie, Interes Publiko Handiagoko Proiektuak (PIPS) direla argudiatuz gero. Hala, Eusko Jaurlaritzak errausketa-instalazio bat edo zentral eoliko bat PIPS gisa deklara dezake, eta eraiki nahi izanez gero, udalek ezingo genuke ezer egin, nahiz eta proiektua udalerriko hirigintza-araudiaren aurkakoa izan. Egin nahi duten azken aldaketak gainera, ekimen pribatuei ere atea irekitzen die eta, beraz, tokiko kapitala ez duten enpresek gure baliabide naturalak erauzteko bidea irekitzen da.
EH Bilduk Legazpi, Urretxu eta Zumarragan PIPS figuraren aurka aurkeztu zuen mozioa erabat baztertu zuten EAJ eta PSEk, gure udalerrien autonomiarako kaltegarria dela eta gure tokiko demokrazia urratzen duela jakinda ere. Urretxun Plan Orokorra onartu berri da eta Legazpin eta Zumarragan plana diseinatzeko prozesuan gaude, prozesu parte hartzaile baten baitan egin behar baita. Hala ere, EAJ eta PSEk onartutako zuzenketarekin, zenbait proiektu aurrera eramanarazi ahal izango dira, nahiz eta herritarren iritziaren aurka joan. EUDELek berak ez dagoela ados adierazi du eta udal autonomiaren aurkako erasoagatik kezka agertu du.
Erronka handiak ditugu klima eta energia krisiari aurre egiteko. Modu ordenatuan eta planifikatuan egin behar da, lidergo publikoarekin, gure baliabide naturalei kalterik egin gabe, udal-autonomia errespetatuz eta herritarren parte hartzearekin. EAJk eta PSEk inposatu dituzten aldaketek, ordea, kontrako bidean jartzen gaituzte: anakronikoa eta gure baliabide naturalen espoliazioari bide ematen diena.