Igartzako bizi-printza
Iker Zalduak Beasaingo Mendi Duatloiaren barruan sentititakoari buruz idatzi du.
“Every day things are getting worse, egunero dena okerrago”. Horra hau irakurtzen ari zareten askok txosnatan, tabernetan, gaztetxetan edo pubetan (dutxan ere bai!!) ozen abestu ohi duzuen kanta. Hertzainak ziren, Garitaonaindiak guk denok baino hobeto abesten zuen, noski. Kontua, ordea, 35 urte geroago gaurkotasun nabarmena hartu duela kantuak, nabarmenegia.
Dena den, profezia hark, bazuen beste bat berarekin… diskaren tituluan erreparatzen badugu… Hau dena aldatu nahi nuke. Eta gauden zurrunbilo itogarrian ari dira batzuk “etorri” zaigun garai honetako “normaltasun berria” aldatzeko asmoan, lehengoratzeko asmoan.
Atzo Igartzako Duatloiaren VIII. edizioa jokatu, ospatu, zen. Zomorroa agertu zenetik bertan behera utzi edo geratu dira, bata bestearen atzetik, kirol ekitaldi herrikoi ia denak, domino fitxak bezala, aurrekoaren erorketaren kolpearekin hasten zen hurrengoa ere erortzen. Baina, dominoko lerro horretatik, urrats bat eman du ezkerrera Igartzako duatloiak, eta ez da erori, zortzigarrena jokatu, ospatu, zen atzo, eta nik parte hartzeko aukera, zortea izan nuen.
Ez zegoen nire buruan bertan parte-hartzeko irrika, mendi-bizikletan ez bainaiz ibiltzen, mendi-bizikleta lagun bati utzia diot, garajean bainuen apaingarri fosilizatu bihurtzen. Baina, astelehenean bizilaguna etorri zitzaidan bikoteka egiteko proposatuz. Ez nizkion buelta gehiegi eman proposamenari, ostegunean korrikako zirkuitua (nire zatia) begiratzen nengoen, eta larunbatean irteera-puntuan nengoen eta Eneko lagun, amaiera-puntura ere iritsi nintzen. Sekulako gozatua izan zen niretzat. Azken lasterketa Garinen jokatu nuen, urtarrilean, eta patuak nahi izan du berriro zomorro osteko nire lehen lasterketa ere etxean jokatzea, Igartzan.
Arrieta baserrira arte majo sufritu nuen, bero zegoen, irteeran ero moduan atera ziren guztiak, eta ni ere multzo horretan noski, ezin hasieratik agerian geratu. Arrietan Anartz koadrilako lagun handia nuen zain, mahuka eskuan hartuta, ur-erauntsia niregan askatzeko prest. Handik aurrera, bustita, eromena izaten ari zena zoramen izatera pasa zen niretzat, pixkanaka gustura sentitzen hasi nintzen eta zoratzen amaitu nuen, gozatzen erabat. Eneko zain nuen (dagoeneko urduri eta aspertuta ziurrenera) bizikletarekin, nire txikitako eskolako atarira iritsi nintzen, eta begira han jolasten jarraitzen dut oraindik (beno, orain jokatzen!), txipa aldatu genuen eta atseden hartzera, bere txanda!
Iritsi zen Eneko, pasa zidan txipa, eta azken 3 kilometroetan, presiorik gabe, gozatzen jarraitzera. Helmuga zeharkatu nuen eta bidean animoak ematen aritutako asko ikusi nituen auzoan, amaitu zen kirol-saioa, eta hasi laguntasunaren tartea, ez baita hor amaitzen lasterketa, denborarekin kontrolatzen den tartea amaitzen da hor, ondoren datoz terrazako tragoak, pintxoak eta lagunarte gozoa, lasterketako unerik onenetakoa, dudarik gabe.
Sekulakoa izan zen hau berriro sentitzea, etxean bezala etxean, auzoan. “Things are getting worse” dio telebistak, dio irratiak, dio egunkariak, baina halakoak antolatzen dituztenek bizi-printzak oparitzen dizkigute, bejondeizula Xiker, bejondeizuela antolatzen eta laguntzen aritu zineten guztiei! Zuei esker, kantuan aurrera egin dezakegu eta guztion artean abestu “Ez dago kerik surik gabe, badakizu, altxa behar da burua”. Edo are, urtebete lehenagoko beste kantu bat abestu dezakegu, “inon baino alaiagoa izanen da, ta zer! ez da berdin”