Konfinamentuak itoko al gaitu?
Ordiziako Gaztetxeak koronabirusaren eta hark gizartean dituen eraginen inguruko artikulu bana idatziko du itxialdi garaian. Bigarren atalean, Xabat Aranburu Bategineko kideakk krisi honek langile familientzat dakarren presio gehigarria, eta osasun interesen gainetik interes enpresarialak hobetsi izana hartu ditu hizpide.
Osasun krisi bezala definitu diguten arren, bizi dugun krisiak baditu beste hainbat ezaugarri. Batzuk aipatzearren, langileon eskubide laboral eta politikoen urraketa kontzientea, jazarpen polizialaren areagotzea, matxismoa sufritzen dutenak euren borreroekin giltzapetzea eta arraza zapalkuntzaren indartzea.
Urez leporaino bizitzera ohituta baldin bageunden ere, egoera ekonomiko honek ur maila are gehiago igo du langile familiontzat. Gainera, Europar Batasunaren proiektu inperialistaren gainbehera azkartu du eta honek, ongizate estatuaren erorketan eta bizitza egonkorrak izan ditugun langile familietan eragina izango du. Uretan bizirauteko izan ditugun flotagailuak husten ari zaizkigu.
Estualdi honetan, nahikoa ez balitz, osasun irizpideak lehenetsi beharrean enpresarien interes ekonomikoak inposatu dizkigute, lantoki asko irekita mantendu dituztelarik birusaren hedapena bultzatuz. Paraleloki, udalen, sindikatu integratuen eta alderdi politikoen konplizitatez eta konfinamentuaren aitzakiapean langileon askatasun politikoak guztiz ezabatu dizkigute enpresarien, poliziaren, matxismoaren, arraza jazarpenaren eta abarren aurrean defentsa gaitasunik gabe utziz. Konfinamentua salbuespen egoera politikoa da. Urez leporaino gaudenean eskuak bizkarrera lotu dizkigute.
Langileok gure antolakunde propioak eraiki, askatasun politikoak berrezarri eta defentsa antolatzen dugu; edo konfinamentuak itoko gaitu.