Kutsadura eta kutsadura
Dionisio Amundarainen idatzia, taberna askotan entzun daitekeen musika mota jakin batek eragiten duen kutsaduraz:
Lagun batek (2022-07-14an) Berria-n plazaratu duten Zubietako erraustegi inguruko errekaren kutsaduraren albistearen kopia bidali dit. Eta nik erantzun, hurbiltasunak ematen didan konfiantzaz.
Bai, entzun diat gaur goizean irratiz kutsadura horren berri.
Baina harritzen nauena beste gauza bat duk. Joan den igandean Bizkaiko lau lagunekin, bi bikote, denak erretiroa hartuak, paraje zoragarri bateko jatetxean bazkaldu nian, giro onean, azken aldiko hitz zarata zentzugabea salbu. Zazpiak aldera herriko taberna batera etorri gintuan, eta kanpoko toldopean eseri; bi emakumeak joan hituen barrura, edateko zerbait ekartzera. Bien hitzak: musika izeneko sekulako zarata zegoela barruan; gainera, bietan bat haserre bizi ‘musika’-ren hitza matxista lotsagarria zela, Hego Ameriketako zinta-edo. Laster alde egin behar izan genian toldopetik ere: sekulako porro-usain zakarra ekartzen ziguan haizeak.
Horra zerk harritzen nauen: tabernako (taberna askotako) zikinkeria eta kutsadura hori inork ez duela salatzen. Kutsadura hirukoitza: akustikoa, matxista eta hauspoetakoa.