Legazpin kamerarik ez, kontrol soziala gelditu
Begi bistakoa da egungo gizartea krisialdi kapitalistan murgildurik dagoela. Eguneroko ogi bilakatu dira lan baldintza prekarioak, produktu eta bizi bitartekoak eskuratzeko zailtasuna, etengabeko errepresio politikoa… agintariek autoritarismoaren gorakada bultzatzen dute «bakearen» eta «segurtasunaren» izenean, eta gazte langileok egoera horretara moldatu nahi gaituzte: isilik eta otzan nahi gaituzte, antolatu gabeko gazteria nahi dute… horretarako estatu kapitalistak bermatzen dituen dozenaka bitarteko martxan jarriz. Auzi berari erantzuten dio Legazpiko Udalak herrian bigilantzia kamerak jarri izanak.
Neurri berri honekin, udalak kontrol sozialerako mekanismoak areagotzea lehenetsi du, oinarrizko askatasun eta eskubideen deuseztapenean oinarritutako joeran sakonduz. Baina, zein interesi erantzuten dio kameren instalazioak? Noren segurtasuna bermatzen dute?
Krisi sozial eta politikoaren aurrean enpresari handiek eta horien zerbitzura dauden politikari profesionalek haien posizioak mantentzeko erabiltzen dituzte neurriok. Kamerak jartzeko erabakia, beraz, ongizate eta segurtasunaren aitzakiapean saldu badigute ere, norberaren intimitatearen eta antolatzeko eskubidearen aurkako beste kontrol mekanismo bat gehiago da. Zentzu horretan ulertu behar dugu zein den kontrol sozialaren helburu nagusia: klase menderakuntza.
Hortaz, eskubide eta askatasun unibertsalak bermatu daitezen baldintzak ezartzeko, beharrezkoa zaigu komunismoaren aldeko hautua egin eta antolakuntzan berrestea, klaserik gabeko gizartearen eraikuntza baita dominazio forma oro deuseztatzeko bidea. Hori dela eta, Legazpiko GKStik herritarrei dei egiten diegu ostiral honetan, hilak 17, arratsaldeko 18:30ean Legazpiko Plazan burutuko dugun elkarretaratzera batzera.