Natura babesik gabe Gipuzkoan, zentral eolikoen aurrean
Urtea Madrilgo Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak 2025eko urtarrilaren 3ko datarekin onartutako ebazpen pozgarri batekin hasi dugu. Statkraft multinazionalak Aramaio eta Eskoriatza artean egin asmo zuen 11 aerosorgailuz osatutako zentral eolikoa atzera bota du.
Hamabost egun beranduago argitaratutako ebazpenak (Resolución de 3 de enero de 2025, de la Dirección General de Calidad y Evaluación Ambiental, por la que se formula declaración de impacto ambiental del proyecto «Planta Eólica “Itsaraz”, de 60,4 MW, en las provincias de Álava, Bizkaia y Gipuzkoa) hitzez hitz jasotzen du: “…. Zuzendaritza Nagusi honek …, proiektuaren aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du, proiekturako hautatutako kokalekuan eta planteatutako neurriekin ezin baita baztertu hegazti-fauna babestuan eta espazio babestuetan eta Natura 2000 Sarean eragin negatibo nabarmenak izatea, horien artean baitago proiektua, eta horrek Urkiolako KBEaren osotasunari kalte egin diezaioke“.
Ebazpena ez da luzea, baina zorrotza eta zuzena da. Bertan jasotzen denez, hainbat pertsona eta gizarte eragileek aurkeztutako helegiteez gain, Seo-Birdlife ornitologia-elkarteak eta Araba zein Bizkaiko Aldundiek egindako helegiteetan jarri dute arreta. Bi administrazio hauek natura-guneetan eta bereziki, babestutako hegaztiengan aerosorgailu horiek izan zezaketen eragin kaltegarria erakutsi dute; hainbat harrapakariren habia eta bazka-lekuak kaltetzeaz gain, haien urteroko migrazioa kaltetuko lukeelako proiektuak.
Bada, ebazpen hori irakurtzeko astia hartzen duenak ikusiko du Gipuzkoako Aldundiak ez duela parte hartu izapidetze-prozesuan, hainbat aerosorgailu Gipuzkoako lurretan jartzeaz gain, Aizkorri-Aratz parke naturala eta inguruko basabizitza kaltetzea aurreikus denean, ebazpenean jasotzen den bezala.
Egoera oso larria da. Gipuzkoako Aldundiko Mendiak eta Naturaren Zaintza zuzendaritzak giza baliabideak eta baliabide materialak bideratzen ditu babestutako hegaztien jarraipena egiteko. Zuzendaritza horretan antolatuta dauden basozainek, besteak beste, EAEn babestutako hegazti nekrofagoen eta desagertzeko arriskuan dagoen miru gorriaren (Milvus milvus) jarraipen lanak egiten dituzte; zorroztasun handiz, teknikariek diotenez.
Zertarako balio du lan horrek guztiak, hegazti babestuak arriskuan jarriko dituzten proiektuetarako ez bada baliatuko informazio hori?
Berriki, Gipuzkoako Aldundiko Lurralde Oreka Berdea sailak Batzar Nagusietan antolatutako Gipuzkoako Basogintzari buruzko ponentzian, Mendiak eta Naturaren Zaintza zuzendaritzako zerbitzuburuari entzun genion esaten, nola egiten duten lana miru gorrien habiak zuhaitz-mozketetatik babesteko. Harro agertu zen egindako lanarekin babestu dituzten habi kopuruarengatik. Zoriontzeko moduko lana da, dudarik gabe. Baina, Itsaras zentral eolikoari buruzko ebazpenak berak jasotzen duenez, proiektu horri begirako egindako azterketan, “Miru gorriari dagokionez, espeziea Gipuzkoan eta Araban bizi eta ugaltzen dela adierazi du. Eztei ondoko aldian, 90 ale detektatu dira batez beste 96 ± 4 m-ko altueran hegan egiten zuten 35 taldetan”. Aerosorgailu guztiek eragingo liekete. Honen inguruan ez du ezer esateko Gipuzkoako Aldundiak?
Ondokoa ere jasotzen du ebazpenak: “Antzemandako espezieen artean, hegazti-faunaren azterketak udaberriko erroldetan sai zuriaren bost ale ikusi zirela islatzen du. Dokumentuak adierazten duenez, udako espezie bat da, inguru horretan ugaltzen dena, eta lurralde egonkor bat du Izpisten, aerosorgailuen lerrokaduratik 6 km iparraldera, beste bat Udalaitzen, 7 km ipar-ekialdera, eta beste bat Anboton, 8 km iparraldera”. Guztiak EAEko hegazti nekrofagoen planak babes neurri gisa ezartzen duen 10 Km-ko distantzia baino gertuago. Honi buruz ere ez du ezer esatekorik Gipuzkoako Aldundiak?
Eta hauek adibide hutsak baino ez dira, ingurumenean eta biodibertsitatean ez ezik, paisaian eta oro har, ondare naturalean proiektu horrek eragingo zukeen kalteen dimentsioa Ministerioak atzera botatzeko modukoa izan baita.
Baina Itsaraz ez da Gipuzkoako basabizitzan eragina zukeen eta izapidetze-prozesuan dagoen parke bakarra. Buruzai eta Trekutz lehenagokoak dira, Piaspe ere hor dago. Azken honetarako berariaz eskatu zitzaion zuzendaritza horri parke eolikoak eragina lukeen eremuan, babestutako hegazti eta saguzarrek duten presentzia eta eremuaren erabilerari buruzko txostena egitea. Aurkeztu al du Lakuan? Zergatik besteetan ez, haien inguruetan ere babestutako espezieen jarraipena egiten denean
Energia berriztagarrien ekoizpenerako Eusko Jaurlaritzak egin duen planteamendua (ordenaziorik eta ingurumen eraginen neurketarik gabea), gure ondare naturalaren kontra, legez babesten denetik, inoizko arazorik handiena da. Nola babestu behar dugu basabizitza baldintza hauetan?
Aitziber Sarobe, Edurne Huesa, Hilario Manzanedo, Karlos Murua. Naturkon Gipuzkoako natur eta ekologista taldeko kideak