Ondo bizi, ondo izan
Abenduaren 1ean Basakanako ateak itxi genituen. Urte askotan lan egin ondoren, erretiroa hartzeko ordua iritsi zaigu guri ere. Bertan hamaika istorio bizi izan ditugu, batzuk onak, beste batzuk ez hain onak; batzuetan tentsoak, intentsoak, izugarri goxoak askotan, gure bizitzaren parte izan dira guztiak.
Bide luze honetan, gertaera eta pasadizo asko bizi izan ditugu, hogeita hamazazpi urtek askotarako ematen baitute. Baina azaroaren 29an sorpresaz antolatutako agurrak guztiak gainditu zituen. Dantzariei, musikariei, gu lasaiago egoteko lanean esku bat bota zigutenei, aurreko egunetan dena lotu zutenei, eta nola ez, tabernara etorri zineten guztioi, bihotz-bihotzez eskerrik asko. Ez dakigu hainbeste merezi dugun.
Zentzu berdinean, Aittuk egindako aitortza ere ohore bat izan da guretzat. Urte hauetan guztietan hainbeste maite dugun hizkuntzari, euskarari, bere lekua ematen saiatu gara tabernan; izan ere, bizitzako esparru guztietan izan beharko luke lekua. Tamalez, azken urteetan ostalaritzan euskararen erabilera gutxitzen ari dela sumatzen dugu, eta herritar askoren elkarguneak direnez, garrantzitsua iruditzen zaigu esparru honetan ere euskara zein gure kultura presente egotea, zaintzen ez baditugu, galdu egingo baitira.
Besarkada bat ere azken urteetan auzoan itxi diren taberna eta dendetako merkatariei, gure kalea ere gutxinaka husten ikusi baitugu. Herrian, auzoan, kalean, kontsumitu nahi dugu, hortaz, herri antolaketa eramaten duzuenoi eskatu nahiko genizueke herriko gune guztiak zaintzea, elkarbizitzarako oinarria baita.
Bukatzeko, bezero izatetik lagun izatera pasatu zareten guztioi, mila esker! Aberatsa izan da ia berrogei urteetako bidaia hau zuekin bizi ahal izatea.
Ondo bizi, ondo izan. Barraren beste aldean ikusiko gara!