Oraingoan ere, umeak jomugan
COVID-19a dela eta udalekuak bertan behera uzteko hartutako erabakia dela eta, Altzagako udalekuetan ibili diren umeen gurasoek, gutuna bidali dute.
Larunbatean zabaldu zen berria sare sozialetan, eta igandean eman zigun udalak EUDELek agindutakoaren berri. Egun batetik bestera, beraz, utzi dituzte udalekuak bertan behera. COVID- 19a dela eta, hasieran hartu ziren neurriak parkeak ixtea izan ziren, eta orain berriz ere kutsatu kopuruek gora egin dutenez, lehenengo neurrietako bat ere haurrei eragiten diena izan da.
Udalekuak martxan jartzeko foru aldundiak protokolo zorrotz bat betearazteko eskatu zuen, aisialdi taldeak kontigentzia plana diseinatu zuen, eta gurasook arauak betearazten zirenaren konpromisoa hartu behar genuen. Baina batez ere, haurrek neurriak errespetatu behar zituzten. Egunero, etxean tenperatura hartu diegu eta eskuak garbitu dituzte, eta frontoira bidean jada maskara jartzen zuten gurasoek ia ezer esan beharrik gabe. Hara iristean begiraleek ere gauza bera egiten zuten ezertan hasi aurretik. Egin dituzten jarduera guztietan, begiraleek hala esanda, ederki ibili dira gure haurrak. Betearazteko esandako guztia txintik esan gabe bete dute, guk uste dugunaren aldean, bai baitakite arriskua hor dagoela, eta inondik inora ez dute beraien aisialdia murriztuta ikusi nahi, ez dituzte parkeak itxita ikusi nahi, ez dute bakarrik jolasean ibili nahi… Eredugarri izan dira, eta hala ere, ez da nahikoa izan.
Denek haur hauek gauzak bere onera etortzeko duten desioa izango bagenu, bestelako normaltasun berri batean geundeke. Denek. Baita agintari politikoek ere. Batzen gaituen distantzia behar adinakoa izan arren, betikoei eragiten dieten neurri murriztaileak ezartzean egoskortu baitira, neurri berberak errealitate ezberdinei ezarriz, gainera.
Hau horrela izanik, irailean ikastetxe batean edo bitan kasu positiborik badago, EAEko ikastetxe guztiak itxiko dituzte?