Sekretuen denda, Mila!
Beti zazpi gauza erosten zituen.
-Lau gauza zoaz Joxe!
-Bueno, ordun galletak, kris-kras hoik jarri behar dizkiazu, ta kafea re bai.
Eta horrela zazpi gauza izan arte.
Dendara ez ziren gizon asko sartzen orduan, orain ere ez, baina garai hartan gutxiago. Joxe zen bakar haietako bat, beti zazpi gauza. Eta baita Joxe Bixki ere. Hara! Bi Joxe!
Sekretuen denda ere bazen, konplizitatearen denda, isiltasunaren denda, eta aldi berean, hitz egiteko leku bat. Hilabetearen bukaeran ogia erosteko dirurik ez zuenari, Milak ez zion galderarik egingo, inoiz. «Lasai, ekarriko diazu ta…» batekin agurtuko zuen emakumea. Ardo goxo kopatxo bat behar zuenari, eman egingo zion, erdi ezkutuka, kontu batzuek esanez. Bere semearentzat zigarroak ezkutuan erosten zituen andre jipoituari, zigarroen lekuan, sagarrak apuntatuko zizkion kontuan.
Kotxerik ez zegoen etxeetako etxekoandreak ziren ohiko bezero gehienak, gida baimenik gabeak besteak. Egunero, kanpazoa hartu eta birziklapenaren dotriñarik jakin ez arren, ardo eta gaseosa botila hutsak dendara itzultzen zituztenak. Gero etxera bueltatu eta bazkaria jarriko zutenak. Sua piztu, arropak garbitu, lehortu eta jasoko zituztenak. Eta beraien ama, amaginarreba, osaba zaharra, alaba, semea, iloba…zainduko zutenak. Etxean zain egoten zirenak. Sarrerako ateek, irekitzeko soka bat izaten zutenekoa, edo giltza bera atean egoten zen garaia.
Eta zimendu haiek mantendu zitezen, hantxe Mila, kontu alai batekin, irrifar batekin, dendan hara ta hona, korrika txikian beti. Jendeari aditu, zerbitzatu, txisteren bat kontatu, boligrafoz dena apuntatu eta eskuz sumar egin eta 750 pta, kontsulta barne.
Aspaldi itxi zuten sekretuen denda, ez dago. Ez daude bi Joxe, Paulina, Rufina, Trini, Anttoni, Maria Jexux, Romanita, Julita, Beatriz, Malores…
Zure biloba txikiak eta alabaren konpainiaz gozatu dezazula Mila, Martinek utzitako zuloa bukaerarik gabekoa den arren. Muxu Mila.