Suteak Aralarren
Abuztuaren 24an Aralar natur parkean izandako sute baten berri izan genuen eta suhiltzaile bat zauritua izan zela, eroriko baten ondorioz. Suhiltzailearen osasun egoera hobetuko zela espero dugu. Hurrengo egunetan jakin dugu nolakoa izan den azken sutea: 10 hektarea, Enirio-Doniturrieta pistaren ezkerreko, malda oso piko batean, mendi babeslean, eta larreak, sasiak eta zuhaitzak (haginak, gorostiak, lizarrak, haritzak, pagoak, hurritzak eta elorriak) erre dira. Aldundiak, Natur parkearen arduradunak, agindu du ikerketa egingo duela eta emaitzak publiko egitea eskatzen dugu. Era berean, Enirio-Aralar mankomunitateak, lur horietako jabeak, Ertzaintzan salaketa jartzea espero dugu, eta Ertzaintzako Ingurumen taldeak behar diren giza eta material baliabideak izatea ikerketa sakona egiteko. Horrezaz gain, Mankomunitateak ere ikerketaren emaitzak publiko egitea eskatzen dugu. Gainera, mendi babeslean izan da azken sute hau, lurzorua nahiz ur baliabideak babestearren, zuhaitz sail zabalez estaltzea komenigarria den eremuan, eta horregatik erretako eremuko baldintzek posible egiten dutenean bertako zuhaitz landaketa egitea eskatzen dugu.
Ez da hori udaran izan den erreketa bakarra, abuztuaren 13an Igaratzako festa egunean, Perileku inguruan 2 Ha erre ziren, kasu horretan otadia. Kasu honetan ere, beharrezko ikerketa eskatzen diegu erakundeei eta emaitzak publiko egitea. Ezin dugu onartu urtero horrelako suteak egotea Aralar Natur Parkean, azken hiru urteetan gertatu dena eta hori ekiditeko behar diren neurriak hartu behar dituzte erakundeek.