Udalari gutun irekia
Zaldibiako Nañarri etxean (postarientzat Santa Fe, 76) bizi naiz. Norbaitek harria jaurtiki aurretik, aitor dezadan, neuk, ez nagoela Zaldibian erroldatua, baina hori ez da oztopo denboraren erdia baino gehiago hemen bizitzeko
Zaldibiako Nañarri etxean (postarientzat Santa Fe, 76) bizi naiz. Norbaitek harria jaurtiki aurretik, aitor dezadan, neuk, ez nagoela Zaldibian erroldatua, baina hori ez da oztopo denboraren erdia baino gehiago hemen bizitzeko, gero eta gehiago, gainera, gutun honetan aipatzekoak ez diren zirkunstantzia askogatik.
Beste bat da, noski, gutuna idaztera naraman arrazoia: etxe aurreko aparkalekuekin sortu zaigu problema. 43 urte ditu etxeak; hasieran, aurrealde guztia aparkaleku zen: 22 inguru, ate aurrekoak eta ate tartekoak barne. Azken bolada luzean, murrizten joan dira aparkalekuak, baxu komertzialen jabeei udalak sarrera libre uzteko baimena (pasabide iraunkorra) eman dielako.
Momentu honetan, 8 aparkaleku besterik ez dago, eta denak ate aurrean, ate tartekoak denak desagertu dira. Asko zirenean, ahal zen guztian bederen, saiatzen ginen ate tarteetan uzten, eta inoiz edo behin ate parean utzi behar izaten bagenuen, problemarik gabe konpondu izan ginen, kentzeko eskatzen zigutenean kenduta, jakina.
Orain ez dezakegu hori egin; aparkatzekotan, ate parean utzi behar, edo frenteko etxearen aurrean aparkatu.
Badakit ez naizela ari etxe-blokeko bizilagun guztien interesak defenditzen, nireak baizik edo nire kasu berean daudenenak. Portzierto, 16 bizilagunetatik 4 bakarrik dira lokala daukatenak, beste 7ak kanpokoak dira (11 lokal dira guztira).
Nik konprenitzen dut lokal-jabeek ahalik eta erabilpen egokiena eman nahi izatea. Duela hilabete batzuk izan nuen elkarrizketa informal bat alkatearekin. Esan zidan konponbidearen bila zebiltzala. Udalak atera du oharra eta lokal-jabe guztiek udaletxera joan behar dute egoera normalizatzera.
Ondorioa ez dakit zein izango den, baina ezinbestekoa da Nañarriko biztanleei eta ingurumari horri soluzioa ematea. Gutun hau pertsonala da. Baliteke guztiz objektiboa ez izatea, baina onestasun osoan jardun dut nire subjektibotasunetik.
–Rufino Iraola Garmendia (Zaldibia).