Udaletako langileen ahotsak
Udal eta foru hauteskundeen atarian, nola bizi dute Goierriko udal langileek hauteskunde bezpera? Agintean dauden ordezkari politikoen izena eta kolorea ...
Udal eta foru hauteskundeen atarian, nola bizi dute Goierriko udal langileek hauteskunde bezpera? Agintean dauden ordezkari politikoen izena eta kolorea mudatuko da edo ez, baina udal langileak ez dira zeuden tokitik mugituko. Guztiak dira barku bereko eskifaia-kideak; kapitainak aldatu egiten dira; arraunlariek, ordea, ez dute ontzia uzten.
Mikel Zabala Lazkaoko udaltzainburua da; 20 urterekin hasi zen udaletxean lanean. Honezkero, 24 urte dira bertan ari dela. «Herritar askok ez ditu zinegotziak ezagutzen eta guk bitartekari lanak egiten ditugu nahi duten horrengana irits daitezen. Alderantziz ere gertatzen da; politikariek, hala behar dutenean, herriaz dugun ezagupena baliatzen dute. Gu bitartekariak gara neurri handi batean». Zabalak argi du herriaren agintea herriarena dela, politikariek jardunaren bidea markatzen dute. Orain artean, Lazkaon EAJren eta Bilduren udal gobernuak ezagutu ditu eta biak Lazkaoren hobe beharrez lanean aritu direnaren zalantzarik ez du.
Joxemiel Berasategik 22 urte daramatza Ordiziako lorezain lanetan. Aitortzen du agintea onartzea ez dela beti erraza, «gure arloan gustuek asko eragiten dute; batzuei lorategiak gustatzen zaizkie eta besteei basoak». Azken lau urteotan murrizketen eragina handia izan dela dio, «udal zerbitzu guztietan nabaritu ditugu, baina lana, halere, atera egin behar da».
Herritarrentzat lan egiten dutela diote, hauteskundeak jakin-minez zein kezkaz bizi dituzte Hauteskundeak direla-eta udal jardunean etenik ez dagoela diote hiruek aho batezMiren Castillo Urretxuko kultur teknikaria da 1987. urtetik. Behin hauteskundeak igarota, zinegotzi berri batekin lan egitea egokitzen bazaio emango dituen urratsak azaldu ditu: «Arloaren argazkia erakutsiko diogu eta gai berriak berarekin lantzen hasiko gara poliki-poliki. Egokitzapen fase bat egongo da, jakina». Oso argi dauka bera teknikaria dela eta agintera iristen den politikariaren zeregina irizpidea zein izango den ezartzea dela. Hauteskunde sasoia aurreikusten dutela dio, «badakigu lau urtean behin iristen direla eta gure sailen jarduna bermatuta dago hauteskunde garaian ere, nola ez? Kiroldegia ez da isten eta kultur etxeak ere ez». Langile publikoak dira eta herritarren zerbitzura daude nor bere herria den barkuan.
















