Zaldibarkoa ez da kasualitatea
Gogoan dut EITB-k eta El Diario Vasco-k Atez atekoaren aurka egiten ziren mobiliziaioei ematen zieten kobertura mediatikoa. Manifestazioak zuzenean, konexioak egunero zabor poltsak balkoietan jartzen zituztenekin…
Zaldibarkoa ez da istripu ‘natural’ bat izan. Ez da ‘kasualitatea’ izan. ‘Euskal Oasia’ deitzen dioten kudeaketa eredu horren isla izan da. Herritarroi komunikabide nagusienetatik gauza bat saltzen diguten bitartean, errealitatea bestelakoa da. Erantzunkizunak eta hondakin arriskutsuak alfonbra azpian izkutatzen saiatzen direnen eredua baita.
Zaldibarko zabortegia pribatizatu zutenak, Goierrin zein Gipuzkoa osoan ‘basuren gerra’ antolatu zuten berberak dira. Birziklapen masiboari balazta jarri eta kudeaketa pribatua izango duen Zubietako erraustegia bultzatu duten berberak dira.
Amiantoa eta lindanoa (azken hau egiaztatzeko), minbizia eragileak biak, modu deskontrolatuan pilatzea ez da ez istripu naturala ez eta lan istripua. Ohiko kudeaketa oker/anker baten ondorioa da.
Zaldibarkoa, desastre humano, ekologiko eta politiko bat da. Geroz eta gutxiago ordezkatzen gaituzten jauntxo hipokrita batzuen interesak babesteko kudeaketa ereduaren emaitza da. Sare sozialetan ‘PNVstyle’ bezela ezagutzen den eredua.
Txiolari ordiziar bati irakurri diot, EAEko airearen kalitatea begiratzeko aplikazioa eta web orria juxtu egun hauetan ez dabiltzala. Kasualitatea izango da hau ere.
Ez dugu Notre Dameko katedrala erre zenean, bertako bi langile lurpean (11 langile + lan istripuz urtea hasi zenetik) daudenean baino sentsibilitate askoz gehiago erakutsi duen lehendakari bat merezi.
Hau gutxi ez eta Gipuzkoako Aldundiak Zaldibarko hondakinak (amiantoa eta agian lindanoa) bere gain hartzeko eskaintza luzatu du. Enpresa pribatu batek kudeatzen duen Mutiloako zabortegira agian. Lasai egoteko esango digute baina ni behintzat ez naiz batere batere fido kudeaketa ‘onaren’ eredu omen diren hauekin.