Amatasuna ez da existitzen
Sabinen bahiketaren kondairak dio Erromaren lehenengo aroetan, biztanle gehienak gizonezkoak zirela. Arazo honi aurre egiteko, Romulok, Erromaren fundatzaileak, kirol proba batzuk antolatu zituen Neptuno jainkoaren omenez. Inguruetako herrialdeetako biztanleak ere gonbidatu zituzten, Sabiniako biztanleak besteak beste; emakumeak eta umeak ere bai.
Jokoak hasi zirenean, gizonezko erromatar bakoitzak emakume sabindar bat bahitu zuen. Ondoren, gizonezkoak hiritik kanporatu zituzten eta emakume bahituak lasaitzen saiatu ziren, haiekin ezkondu nahi zutela eta harro sentitu beharko zutela azalduz, Erroma jainkoek aukeratutako hiria baitzen.
Emakume sabindarrek baldintza bat jarri zuten ezkontzeko: etxean, beraiek aginduko zuten gizonen gainetik, josteaz bakarrik arduratuko ziren, beste etxeko lanak alde batera utzita. Umeak izateari ere uko egin nahi izan zioten, baina erromatarrek indarrez hartu eta haurdun utzi zituzten.
Bestalde, gizon sabindarrak haserretu egin ziren, bahiketagatik batetik, baina, bestetik, Sabinak traidoretzat hartu zituzten erromatarrekin ezkondu izanagatik. Beraz, Erromari eraso egitea erabaki zuten. Hirian sartzeko, Sabina batek erraztu zien sarrera. Emakumeak ordainetan besoko batzuk eskatu zien, sabindarrek, ordea, hil egin zuten, gizonezko erromatarrei traizio egin izanagatik.
Eta, azkenik, bi taldeen arteko borroka hasi zenean, Sabinak bi armaden artean jarri ziren, eta elkarri eraso ez egiteko eskatu zieten guztiei, izan ere, soldadu erromatarrek irabaziz gero, beren guraso eta nebak galduko zituzten, eta sabindarrek garaituz gero, berriz, beren semeak eta senarrak. Beste burutaziorik ez, eta auziari amaiera eman eta bakezkoak egiteko, otoruntza handi bat egin zuten, eta bi herrietako gobernua bi agintarien artean partekatu zuten.
Nahiago nuke kondairatik irakasgai jasoren bat ateratzeko modua izango banu, baina nire ustea laburbildu egingo dut: ez dut horrenbeste gizonkeria batera aspaldi irakurri. Zalantzarik gabe, mendeetan gizonezkoen arteko aliantzak beti existitu dira, gerran nahiz bakean, beren interesak defendatzeko, besteak beste, emakumeoi amatasuna lapurtuz.
Kondairak behintzat balio izan dit Victoria Sauren El vacio de la maternidad. Madre no hay más que ninguna liburuaren tesia ulertzeko: amatasuna ez da existitzen. Alegia, haurra sortu, elikatu eta hazteaz harago, amatasunak orain arte, behintzat, ez du apenas eraginik ez presentziarik esparru politiko, ekonomiko eta sozialean izan. Bestela, bahitutako emakume haiek beren semeei jakinarazi ahal izango zieten, amatasuna euren intereserako erabili beharrean, oso bestela egin behar zutela: emakumezkoekin elkar hartuta, Erroma eta Sabiniako estatuak suntsitu, eta Sabinekin partekatuko zuten agintaritza berria sortu.