IRRIZBLAI AISIALDI TALDEAREN AURKEZPENA
Kaixo denoi:
Gaur goizean Ordizian sortu berri dugun aisialdi taldearen aurkezpenaren prentsaurrekoa eman dugu. Bertan, gauza asko azaldu ditugu.
Hasteko, euskal-kultugintza eta aisialdia uztartzeko goteo.org kanpainako diru-bilketan ordiziarrek erantzun bikaina eman digutela aipatu, bai herriko merkatariek eta baita dendariek ere. Aurreikusi genuen diru-kopurua lortu dugu eta, ondorioz, Domingo Unanue Plazako lokaleko obrak laster abian jartzea espero dugu. Larunbatean, euskararenegunarekin amaituko da kanpaina, beraz, esan beharrekoa da, oraindik azkenekarpenak jasotzeko aukera ere badugula. Hala eta guztiz ere, gure eskerrik beroenak gure proiektu hau babestu eta zabaltzen lagundu diguzuen guztioi.
Bigarrenik, aipatutako aisialdi taldearen sorreraren berri eman nahi nahi izan dugu. Lehengo urtean, gazteek aisialdiko begirale ikastaroa herrian bertan egiteko aukera izan zuten, eta horrek, gutariko askoren interesa piztu zuen aisialdian. Horregatik, Ordizian aisialdi talde berri bat osatzeko lagun talde bat osatu dugu. Irrizblai da gure taldearen izena eta hementxe duzue logoa. Ikusten duzuen moduan, mugimenduz beteriko marka sortu dugu, jolastera gonbidatzen gaituena eta pertsonalitatez betea; jolasak (pilotak), irakurketa (kaligrafiazko tipografia)... haurren mundura gerturatzen gaituena eta, noski, koloreak ere gure nortasunaren parte dira.Irrizblai taldearen helburua, Ordiziako aisialdiaren eskaintza osatu eta zabaltzea izango da, bere ikuspegirik zabalenean. Epe luzera begira, aisialdi taldean parte hartzen duten haurrek, bertako etorkizuneko begirale izateko lan egingo dugu eta, denbora beharko den arren, ziklo hori ixtea izango genuke helburu.Ordiziako gazteez gain, inguruko herrietako gazteak ere baditugu taldean eta herri ezberdinen arteko harremanak eginez, eskualde mailako ekintzak antolatzea ere polita izango litzatekeela iruditzen zaigu. Dagoeneko ia 40 gara taldean eta hemendik dei egiten diogu, aisialdian interesa duen orori, gurekin harremanetan jartzera.Amaitzeko, Irrizblai taldearen NEGULEKUEN proposamenaren berri eman nahi genuke. Gabonetako opor garaiko goizak eskulan, ibilaldi, festa eta irteerez josi ditugu.Txikienentzat “txikiblai” izango dugu, 2 urtetik 5 urtera bitarteko haurrei zuzendua. Lehen Hezkuntzakoentzat, berriz, “gazteblai” 1.mailatik 6.mailaraino. Goizeko 10etatik 13etara bitarte izango da abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era.Bi astetako prezioa 120€koa izango da eta egun bakoitzeko kuota, aldiz, 15€koa. Izena emateko epea abenduaren 1etik 13ra bitartekoa izango da, eta beraz, irrizblai@gmail.com helbidera mezutxo bat bidali edota deitu 688 84 51 38 telefonora. Horrez gain, sare sozialetan ere aurki gaitzazkezue, hala nola, Facebook, Twitter eta Instagramen, Irrizblai izenaren bitartez. Ilusioz beterik gaude eta hemendik ordiziar guztiak animatzen ditugu Irrizblai taldeko kide izatera! Mila esker eta laster arte!