Jakintza ikastolak komunitateari
Azkenaldian, Ordiziako Jakintza ikastolari buruz esan direnen harira, erantzun bat eman beharrean sentitu gara. Ez da ohikoa Ordiziako ikastolarentzat...
Azkenaldian, Ordiziako Jakintza ikastolari buruz esan direnen harira, erantzun bat eman beharrean sentitu gara. Ez da ohikoa Ordiziako ikastolarentzat idatzizko erantzunak plazaratzea edota komunikabideetan agertzea, baina gure ikastolari buruz esan diren gauza batzuk argitu nahi genizkioke, lehenik eta behin gure komunitateari, baina baita gizarteari ere.
Lehenik eta behin, gure ikastolako matrikulazio prozesuan egon diren balizko irregulartasunen inguruan, puntu batzuk argitu nahi genituzke:
- 2017ko apirilaren 6an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren agiriaren arabera, Jakintza Ikastolak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan (3, 4 eta 5 urteko geletan) 9 gela (225 ikasle) irekitzeko BAIMENA DAUKA. Baimen hau, 132/2010 errege dekretuan oinarrituta dago, eta bertan dioenez, ikasle kopurua betetzen bada, gela kopuru hau ireki eta martxan jartzeko BAIMENA dauka. Horrek esan nahi du Jakintza ikastolak Haur Hezkuntzako maila bakoitzean urtero 75 ikasle jasotzeko eta matrikulatzeko aukera duela.
- Beste kontu bat da gela horien FINANTZAKETA EDO ITUNPETZEA. Jaurlaritzak aukera du gela horiek finantzatu ala ez erabakitzeko. Horretarako arau batzuk ditu, eta, horien artean garrantzitsuena itundutako ikastetxeen planifikazioa da; horren arabera, lau urtez behin Jaurlaritzak erabakitzen du hurrengo lau urteetan itundutako ikastetxe bakoitzak gehienez zenbat gela izan ditzakeen finantzatuta.
- Kasu honi dagokionez, 2018/2019 ikasturterako Jakintza ikastolan HH 3ko bi gela ituntzea planifikatu zuen Jaurlaritzak. Lehenago aipatu dugun bezala, horrek ez du esan nahi ezin zirenik hiru gela martxan jarri, baizik eta bi gela baino gehiago ezin zirela finantzatu. Ondorioz, Jakintza ikastolak 50 ikasle onartzeko aukera zeukan, baina 62 matrikula eskaera jaso zituen, eta nahiz eta gurasoek bigarren aukera bezala Lazkaoko San Benito ikastola aukeratu zuten, azkenean Ordiziako ikastolan matrikulatu ziren.
- Aplikazio informatikoak 50 ikasle baino onartu ez zituenez eta, baremazioa aplikatuz, 12 ikasle bigarren aukerara bideratu zituenez, ikastolak paperez aurkeztu zituen ikasle guztien datuak (62 ikasle horienak), eta Ordiziako Jakintza ikastolak ikasle guztiak onartuko zituela adierazi zitzaion Administrazioari. Horren aurrean, Administrazioaren erantzuna prebarikatu gabe eman zezakeen bakarra izan zen: ikasleak Jakintza ikastolan matrikulatu eta hirugarren gela hori ez kontzertatzea.
- Egoera horren aurrean, HH 3ko hirugarren gela bat martxan jartzea erabaki genuen, zeinaren finantzaketa guraso eta langileen esku geratu zen. Arrazoi asko aipa daitezke erabaki hori azaltzeko.
Batetik, gure hezkuntza proiektuaren aldeko hautua egin zuten 12 familia kanpoan utzi nahi ez genituelako.
Horrez gain, gure gelak ratioz gainezka eduki nahi ez genituelako, hartara handik aurrera etor zitezkeen ikasle guztiei atea ixten genielakoan. Hartutako erabakiari esker, ikasturte honetan zehar 4 ikasle berri hartu ahal izan ditugu itundu gabeko gela horretan.
Ikasturte hau horrela igaro ondoren, 2019-2020rako hirugarren gela horren finantzaketa eskatu zen berriro, Ordizian 6. gela zabaltzea ezinbestekoa baitzen. Ordizia eta inguruko herri txikietako haur kopuru guztia hartuta, maila horretan, gutxienez, 120 ume baitaude.
Ordiziako egoera berezia aztertu ondoren, Jaurlaritzak erabaki du Ordizian 6 gela ituntzea (3 gela Urdaneta ikastetxe publikoan eta 3 gela Jakintza ikastolan). Modu honetan, ratio txikiagoak bermatzen dira –ikasle gutxiago gela bakoitzeko–, eta gainera bi ikastetxeetan geratuko lirateke plaza libreak, aurrerantzean datozen ikasle berriak modu orekatuagoan banatu ahal izateko bi zentroen artean.
Beraz, Jakintzak egin duena zera da: gure ustez ikastolarentzat baina baita Ordiziako herriarentzat ere egokia ez zen erabaki bati helegitea jarri dio, hirugarren gelaren finantzaketa eskatuz.
Honaino balizko irregulartasun batzuen aurrean ikastolak eman nahi zituen argibideak.
Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza-proiektua libreki lantzeko aukera izan behar luke. Bertan ikasleek ikasketak bukatzean eduki beharko luketen profila erabakitzen da eta hori lortzeko erabili beharreko metodologiak lantzen eta erabakitzen dira. Ondoren hezkuntza proiektu hauek aztertuz, gurasoek aukera dute gehien gustatzen zaien proiektua aukeratzeko. Ordiziako kasuan, bi aukera daude. Gurasoek aukera izan beharko lukete libreki beren seme alabentzat egokien ikusten duten proiektua aukeratzeko. Horregatik bi ikastetxeen artean aukera hori bermatzea (posible denean) garrantzitsua ikusten dugu.
Kanpoko jatorria duten ikasleei dagokienez, ikusten dugu herriko bi ikastetxeen artean desoreka bat dagoela: guk, gurera etorri diren ikasle GUZTIAK onartu ditugu BETI, baina ikasturtean zehar kanpotik iristen diren ikasle berriak nekez har ditzakegu gela guztiak ratioz gain baditugu eta Hezkuntza Sailak gela berriak kontzertatzen ez baditu.
Herrian ematen den egoera hau, herri apustu bat dela uste dugu eta horrela ulertzen dugunez, lan talde bat sortu dugu herriko eragileekin elkarlanean lan egiteko asmoarekin. Nahi duenak, nahi duenerako hementxe gauzka, lan egiteko prest. Bitartean, gure ikastolan, gauzak ahalik eta hoberen egiten jarraituko dugu. Horretarako errespetua eskatzen dugu. Bakoitzak bere bidea egiten jarrai dezagun eta behar den guztirako elkarlana sustatu dezagun. Errespetuan oinarritutako Ordizia anitz eta elkartu bat lortzeko lan egin dezagun, hori baita hurrengo belaunaldiei utzi diezaiekegun altxorrik handiena.