SALTOKIAK KONTU HANDIZ IBILI BEHAR DIRA ITXURAZKO IKUSKARITZA-ZERBITZUEN IRUZURRAK SAIHESTEKO
Eusko Jaurlaritzak saltokiek «ikuskaritza-liburuak» edota «su-itzalgailuen ikuskapena» aurkezteko eskakizun irregularrak jaso dituzten hainbat kasu hauteman ditu. Legez kanpokoak dira eta diru-kopuru txikiak kobratu nahi izaten dituzte. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan kontsultatzea komeni da, eskaeraren bati susmoa hartuz gero, egiaztatu gabeko zerbitzuak onartzea ekiditeko. Eusko Jaurlaritzak arreta handiz ibiltzeko ohartarazi dio merkataritza-sektoreari, azken asteetan, itxurazko ikuskaritza-zerbitzuen aitzakiaren bidez egindako hainbat iruzur-kasu hauteman dituelako. Orain arte hauteman diren iruzurrak Bizkaiko saltoki txiki batzuetan gertatu dira; merkataritza-araudian ez dagoen «establezimenduaren ikuskaritza-liburua» eskatu zitzaien. Ondoren, itxurazko ikuskatzaileak diru-kopuru txiki baten truke, 50 euro inguru, establezimenduaren titularrari aipatutako agiria eman zien, iruzurra gauzatuz. Beste kasu batzuetan, itxurazko ikuskatzaileek establezimenduko su-itzalgailuak ikuskatzea exijitzen dute eta antzeko zenbatekoak kobratzen dituzte kokapenari, edukiaren iraungipenari eta antzekoei buruzko balorazioak egiteagatik, horretarako gaituta egon gabe. Eusko Jaurlaritzak gogorarazi nahi du Industriak baimendutako lizentziadun enpresek baizik ezin dituztela egin suteak prebenitzeko instalazioen ikuskapenak, su-itzalgailuena barne. Mantentze-kontrol horiek egin ahal izateko aurrez kontratu bat sinatu behar da establezimenduaren titularraren eta mantentze-enpresa egiaztatuaren artean, su-itzalgailuena, kasu honetan. Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan kontsultatzea komeni da, eskaeraren bati susmoa hartuz gero, egiaztatu gabeko zerbitzuak onartzea ekiditeko. Arabako Lurralde Ordezkaritza, Samaniego kalea 2, Gasteiz. Tel.: 945017060 Posta elektronikoa i-perezcitores@ej-gv.es Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza, Concha Jeneralaren kalea 23, Bilbo. Tel.: 944031426 Posta elektronikoa mp-ibanez@ej-gv.es Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza, Easo kalea 10, Donostia. Tel.: 943022581 Posta elektronikoa l-iribar@ej-gv.es