San Silvestre mistoa
Urruti geratu da Kathrine Virginia Switzer, Bostongo maratoiko antolatzaileak engainatuz, dortsala jantzi eta lasterketan korrika atera zen 1967. urtea, ez zailtasunik gabe, jakina: ikuskatzaileetako batek ezagutu egin zuen eta «nire lasterketatik irten, itzulidazu dortsala», esanez atera nahi izan zuen indarka ibilbidetik.
Garaiko kronikek diotenez, senargaia atera zen babestera eta hainbat korrikalari-bizkartzain gizonezkok lagunduta iritsi zen Kathy helmugara. 1972. urtetik aurrera emakumezkoek era ofizialean parte hartu ahal izan dute maratoian. Bestalde, hiru urte badira, gurean, Urola Triatloi klubak San Silvestre mistoa abian jarri zuenetik eta, aurten, aurrenekoz, gizon-emakumez osatutako bikoteek parte hartu dute soilik.
Emakumeen eskubideei eta espazio publikoetan duten ikusgarritasunari dagokionean, asko aurreratu da, halere, San Silvestre mistoak hainbat galdera piztu dizkit: Zergatik ez zuten lehen emakumezkoek lasterketan parte hartzen? Eta zergatik pentsatu dute antolatzaileek gizonezkoek lagunduta irten egingo direla? Zergatik egin nahi dute orain gizonek korrika emakumeekin? Zergatik ibili behar dute gizonezko askok korrikalagun-neska bila? Bestalde, zergatik baldintzatzen dituzte korrikalariak bikote mistotan korrika egitera? Zergatik ez onartu emakume-bikoteak? Edo gizon-bikoteak? Edota hirukoteak edo kuadrillak?
Baten bat honezkero pentsatzen ari da ekimena borondate onez egina dagoela eta gaia behar baino gehiago aldrebesten ari naizela. Baina San Silvestre mistoa gure gizarteko portaeren isla ere badela iruditu zait; askotan atzerakoi samarra. Baina, aitor dezadan ni ez naizela korrikalaria, eta emakumezko korrikalariei ekimena gustatzen bazaie, aurrera. Nik aukeran nahiago nuke edozein korrikalarik, nahi bezala eta baldintzarik gabe, parte hartuko lukeen lasterketa, eta jendaurrean korrika egitea erreparoa ematen dion emakumerik balego, Lilatona aukera polita iruditzen zait.
Alabaina, korrikalaria ez izan arren, gustatzen zait ilundu eta gero, bidegorrian barrena ibiltzea, bakarrik. Eta askotan beldurra izaten dut, eta tuneletik aurrera ez naiz aurrera egitera ausartzen, eta orduan, sekulako gatazka sortzen zait: senargairik edo bizkartzainik gabe ibiltzeko daukadan eskubideari eutsi edo zuhurtziaz jokatu. Gogorarazi nahiko nuke emakumeak, maila ezberdinean baina, eraso matxisten mehatxupean, alerta egoeran bizi garela hainbat testuingurutan.
Emakumezkoen markak orain artean beti izan dira gizonezkoenak baino apalagoak lasterketetan. Emakumezkoak, ordea, marka guztiak hausten ari gara gure eskubideen aldeko eta eraso matxisten aurkako borrokan. Tamalez, ausardia hori biktima asko eragiten ari da emakumeen artean, matxismoa inoiz baino bortitzago erantzuten ari baita azken boladan. Matxismoa haserre bizian dago eta inoiz baino arriskutsuagoa da.