Urte hauetan izan dudan aldaketaren testigu izan dira GOIBERRIk oparitu dizkidan orri hauek. Amets bat baino gehiagori forma eman diot. Bide berriak esploratu eta erakutsi dizkizuet. Ur Handitan murgildu naiz, Gailurrak zapaldu ditut. Kirolik egin gabe 40 urte pasa ondoren nire sendatze-prozesu honetan lagungarri izan zaidan korrika egitearen testigu bihurtu zaituztet. Azkena izatearen garrantzia azpimarratu dut. Mamuei aurre egin ordez, beraien laguna egin behar garela ere aipatu dut, aldapan gora eta behera eraman zaituztet, eta orain berriz, agur (edo gero arte, batek daki!) esatea tokatzen zait.
Zuetako askok kalean geratu izan nauzue, artikuluak gustura itxaroten dituzuela esan didazue batzuk, oso identifikatuta sentitzen zaretela besteek, beste batzuk berriz gure gurasoak ezagutzen zenituztela eta artikuluak aitzakia hartuta nirekin beraietaz hitz egiteko indarra atera duzue. Emandakoa baino gehiago jaso dut, horretan ez dut zalantzarik.
Azken artikulua idazteko aukera eman didazuela, eskerrak eman nahi dizkizuet Goierriko Hitza-ko ekipo osoari, irakurle guztiei (paperean zein Interneten) eta urte hauetan guztietan ondoan sentitu zaituztedan guztiei. Bihotzez, eskerrik asko!
Azken idatzi hau egindako ekarpenak izendatuz bukatu nahiko nuke, urtez urte, hitzez hitz, pausuz pausu eta emozioz emozio atera zaidana gogora ekarriz:
- 2013. Komunikazio ez bortitza, Hiru gehiago eta nahiko.
- 2014. Ubuntu [barru-barrutik atera zitzaidana zera izan zen: Amatxo], Ospitalean gaixo dagoen alabari gutuna, Ciberbullying-a [Eta garrantzitsuena: jazarpena jasatearen kulpa ez da zurea].
- 2015. Norbera maitatzearen garrantzia [Eta zuk? Maite duzu zure burua?], Gu eredu, Izenik gabeko ipuina, Haurren autoestimua, Ametsak edo Ametsak [Ez utzi inori zure ametsak lapurtzen], Gurasoei Gutuna [Ama, lasai nago. Aita, lasai nago. Triste bai, baina barruak lasai. Maite zaituztet, eta faltan bota… ez dakizue nola!].
- 2016. Motxilaren zama [Lokarriak askatzea beharrezkoa da. Behar ez diren pentsamendu, traste eta harremanak askatu behar dira, joaten utzi], Bizitza, Beldurrak, Izan Gaitezen, Gutunak, Ez naiz liskarrak izateko jaio, Egun Berriak.
- 2017. Mamuak [Ate hau ondo ixtea kostatuko zaigu, mamuak eta nik, biok batera itxiko dugu. Indarrak batuz eta poliki-poliki barruak askatuz], Trenak [Ez baita garrantzitsua helmugan dagoena, bidaia bera baizik], Gaitasunak [Kontuz ibili behar dugu txikitatik haurrei ematen dizkiegun mezuekin. Gaitasunak denok ditugu, gaitasun ezberdinak], Oporrak, Sugaar, 29097.
- 2018. Ze ondo gauden…, Sinesmenak, Gauza ttikiek egiten gaituzte handi, Sua, Errespetua [Egunerokotasunak sortzen digun estresak ez gaitzala ondokoak gaizki tratatzera eraman], Heriotza Duina [adierazten ez diren emozioak ez dira inoiz hiltzen], Bata Urdina.
- 2019. Iruzurgilearen Sindromea, Hemen nago, Ezkortasunari Ez, Maratoia, Atzera Buelta Posible Balitz [Urte asko pasatu ditut ume hori, gorputz hori, desagerrarazi nahian. Mina egiten, zapaltzen, gosez akabatzen… zigortzen eta gorrotatzen], Gripea lasterketa bat bezala da.
- 2020. Aldapan Gora [Askotan etortzen dena gustuko ez den arren, beste batzuetan mingarria berriz, horiek denak aukerak bezala ikusteak, zerbait ikasi eta indartsuago eta pertsonago egingo gaituztela konturatzen bagara, guretzako hobe].
Momentuz hauxe da emandakoa. Badakizue… gaizki esanak barkatu, eta ongi esanak… ba… kontuan hartu. Izan zoriontsu!