Chaplinen bisita
Leher eginda iritsi nintzen etxera. Egunak luzeegi jo zuen. Ohean jauzi eta loak bere lana egin zezan uztea nahi nuen soilik. Pertsianak jaitsi, argiak itzali eta manta azpian murgildu nintzen. Orduan, isiltasuna guztia biltzen hasi zenean, kolpetxo bat entzun nuen. Leuna, erritmikoa, mailu txiki bat balitz bezala. Tok-tok-tok. Malguki baten moduan zutitu nintzen. Argia piztu Continue Reading
Leher eginda iritsi nintzen etxera. Egunak luzeegi jo zuen. Ohean jauzi eta loak bere lana egin zezan uztea nahi nuen soilik. Pertsianak jaitsi, argiak itzali eta manta azpian murgildu nintzen. Orduan, isiltasuna guztia biltzen hasi zenean, kolpetxo bat entzun nuen. Leuna, erritmikoa, mailu txiki bat balitz bezala. Tok-tok-tok. Malguki baten moduan zutitu nintzen.
Argia piztu eta hantxe zegoen bera, armairuko atearen kontra jarrita. Chaplin. Edo Charlot. Benetakoa. Edo bere itzala. Edo bere espiritua asperdura greban. Kolpeak ez zituen mailu batekin jotzen, bere bastoiarekin baizik. Onddo-kapela zuen jarrita, bibotetxoa, eta bere jarrera berezi horrekin; alde batera erortzera joango balitz bezala. Baina inoiz ez da erortzen. Chaplin ez.
-Zer egiten duzu zuk hemen? -bota nion.
Ez zidan erantzun. Xamurki gerturatu zen bere ohiko pauso labur eta oinak zabal horiekin. Ohearen ertzean eseri zen, goitik behera begiratu ninduen eta azkenean, espero nuena baina ahots leunago batekin esan zidan:
-Amets egitera bazoaz, esajeratu.
Hori esan zuen, besterik ez. Ondoren, bastoiaren puntarekin argia itzali eta iluntasunak berriro estali zuen guztia manta baten modura.
Eta orduan hasi zen guztia.
Ametsak irentsi egin ninduen. Hiri oker batean agertu nintzen; nire auzoaren bertsio handiagoa eta aldrebesagoa. Semaforoek besoak zituzten eta beraien artean elkar agurtzen zuten; kotxeak aurreskuaren konpasean egiten zuten aurrera, atzera, alde batera eta bestera, eta semaforoetan kapota gora; etxeak makurtu egiten ziren kale kantoiekin txutxu-mutxuka aritzeko. Nire ondoan, Chaplin irribarrez oinez eta tarteka saltotxoa; bera zuzentzen ari zela zirudien kaosaren erdian.
Bezero guztiak atzetik aurrera hitz egiten zuten kafetegi baten ondotik igaro ginen. Chaplinek tea eskatu zuen bi katiluekin malabarrak egiten zituen bitartea. Zerbitzariak, bere bibote berdina zuena, amaigabea zirudien erreberentzia batekin agurtu zuen. Nik hauek jarraitzen saiatzen nintzen, baina bat batean nire hankak luzatzen hasi ziren; gora eta gora. Konturatzerako jirafa jaio berri bat bezain baldar ematen nituen pausoak.
-Esajeratu -oroitarazi zidan Chaplinek bere bastoiaren keinu xume batekin.
Eta esajeratu egin nuen.
Gurpil laukiak zituen bizikleta baten gainera egin nuen jauzi. Etorbidetik behera abiatu nintzen euria lurretik gora zetorrela; euri tantak puzgarrien antzera zerurantz zihoazen. Chaplin nire bizikletara igo zen eta elkarrekin gaua igaro genuen ahotsik gabeko film bateko iheslarien modura.
Melodia ikusezin baten erritmora dantzan ari ziren bankuak zeuden parke batera iritsi ginen. Erdian, ohe birakari bat bira eta bira zebilen etenik gabe. Chaplinek koltxoi gainera egin ninduen bultza. Bizkarrez erori nintzen eta ohe birakariak abiadura izugarria hartuz zerurantz bidali ninduen.
Konturatzerako hiri gainean ginen hegan. Tximiniek xaboizko burbuilak jaurtitzen zituzten eta haietako batek, Chaplin eta biok irentsi gintuen. Burbuilaren barruan zine zaharren usaina zegoen; desafinatutako pianoarena; estreinatu berria zirudien ametsen aroma. Chaplinek bere begi triste eta distiratsuekin begiratu ninduen.
-Hau bai da amets egitea, -esan zidan -bestea lo egitea da soilik.
Kraska batean burbuilak eztanda egin eta guztia urtu zen.
Begiak ireki eta nire ohean nengoen. Izerditan, bihotza zoro. Logela isilik zegoen… baina argia piztuta zegoen, ziur nengoen itzalita geratu zela.
Mesanotxearen gainean tolestutako papertxo bat. Nire esku dardartiekin ireki nuen.
“Esajeratu, beti!”
Begiak itxi eta Chaplin urruntzen ikusi dut etxeko korridoretik. Bere pauso txiki eta arinekin, hankak apur bat kanporantz okertuta. Bastoiak erritmoa jartzen dio bere eskuan biraka. Bere burua handitzen edo txikitzen duen keinu komiko ezagun horrekin, ontto-kapelari ukitu bat eta atzera jauzitxoa. Badirudi mundua presaka dabilela eta berak, inork ez bezalako malgutasunaz kaos horri barre egiten diola. Azken unean biratu eta kapelarekin agur egin zidan.
Ordutik ohera joan orduko hark esandakoa betetzen saiatzen naiz. Berriro itzuliko balitz ere. Beste hiri oker baterako gonbita egiten badit ere, beste kaos zoragarri batetara. Chaplinen neurriko ametsetara.
Gau hartan ez ninduen loak hartu. Nik hartu nuen lo.













