Ilargia
Eguzkia mendi urdinen atzean ezkutatzen zen bakoitzean, Aimarrek hautsez betetako aldapa igotzen zuen gariaren arrokaraino eta ilargiaren zain esertzen zen. Handik bere herrixka osoa ikusten zuen: buztinezko lau kale, hozten ari ziren tximiniak… munduaren taupadak itzaltzen ari zirela zirudien. Baina zeru handiak eusten zion, batez ere ilargiak, astiro pizten zen hari ikusezin batetik zintzilik. -Ilargi, Continue Reading
Eguzkia mendi urdinen atzean ezkutatzen zen bakoitzean, Aimarrek hautsez betetako aldapa igotzen zuen gariaren arrokaraino eta ilargiaren zain esertzen zen. Handik bere herrixka osoa ikusten zuen: buztinezko lau kale, hozten ari ziren tximiniak… munduaren taupadak itzaltzen ari zirela zirudien. Baina zeru handiak eusten zion, batez ere ilargiak, astiro pizten zen hari ikusezin batetik zintzilik.
-Ilargi, zer dago han urrunean ikusten diren mendixka haietatik haratzago? -galdetzen zion gauero.
Hasieran isiltasuna eta labanda usaineko brisa zen erantzuna. Baina Aimar ez zen nekatzen: mapa txiki bat bularrean taupadaka zuela jaio zen. Beste haurrek uztak amesten zituzten bitartean, berak erraldoiak eta hiriak bezala arnasten zuten itsasoak imajinatzen zituen, non etxeak bata bestearen kontra jotzen zuten amaitu gabeko puzzle baten piezak bailiran.
Goizalde batean ilargiak ezustean erantzun egin zion. Haren ahotsa ez zen zerutik etorri, harritik baizik: haurraren bizkarrezurrean gora zetorren dardara bat.
-Harantzago badira bide batzuk kolorez aldatzen direnak zapaltzen dituenaren arabera, barregura sortarazten duten istorioak kontatzen dituzten ibaiak eta izena ere ahaztu duten mendi zaharrak, -xuxurlatu zuen -baina beste lur horiek ezagutuko nahi izanez gero, hiru giltza beharko dituzu.
-Ze giltza? -galdetu zuen Aimarrek.
-Entzuten jakingo duen buru bat, hautsari beldurrik izango ez dioten oinak eta berriro itzultzeko gai izango den bihotz bat. Horiek hirurak dituzunean, bidea azalduko zaizu begien aurrean.
Aimar lehen giltzaren bila hasi zen: edozer kontatu nahi zuen edonori arreta jarri zion. Urrutiko gudarosteetan borrokatu zen errementariari; udan elurra jausten den lekuan olerkiak gordetzen dituen maistrari; galdutako inauteria diruditen eskuak dituen Matilda zaharrari. Errelato bakoitza Ilargiak agindu zion zubian adreilu ikusezin bat zen.
Denbora berean bere oinak trebatzen zituen. Gari-soroetatik ibiltzen zen lasterka oinek giltzarri zaharren moduan kexuka hasten ziren arte. Muinoraino harriz betetako zakuak bizkarrean zamatuta igotzen zen.
Bizilagunek izan zuten Aimarren asmoen berri, eta saiatu ziren ideia zoro hura burutik kentzen. Zurginak urrutiko bideak pipiak jandako egurrarekin alderatu zizkion: “toki okerrean zapalduz gero guztia zartatuko zaizu”. Sendalariak aipatu zion nola merkatari bat munduari bira eman ondoren bueltatu zenean, begietan hainbeste irudi pilatu zituen ezen etxeko koloreak ikusten ahaztu zuela. Aimarrek arretaz aditu zien, errespetuz, hura ere giltza bat baizen; oharpen bakoitza, paradoxikoki, bere iparrorratzaren beste pieza bat zen.
Ilargirik gabeko gau batean ama ondoan eseri zitzaion sutondoan. Ez zen hizketa handiko emakumea, poltsikotik esku-bete gatz eskaini zion.
-Eraman zurekin, -esan zion -hemen eta munduko edozein txokotan zapore berdina izango du: dastatutakoan nor zaren eta nongoa zaren oroituko duzu.
Aimarrek kristaltxo zuriak larru-zati batean bildu eta hirugarren giltzaren taupada nabaritu zuen.
Hura izan zen zailena: nola sortu bueltatzen jakingo duen bihotza? Arratsalde batean aita ikusi zuen josten, eta orduan ulertu zuen: abentura bakoitza oroimen bati lotu behar zitzaion, amuletoak bailiran. Horrela ba, bere jakaren barrualdean bere bizitzako oihalkiak josi zituen: aitaren jakako botoi zahar bat, galburu lehor bat, etxeko txakurraren izena paper txiki batean idatzita. “Haizea berriegia irudituko zaidanean, hauek nire sortetxearen formak gogora araziko dizkidate”.
Asteak joan eta asteak etorri, ilargia isilik egon zen udaberri-burua iritsi zen arte, harriek dardar egin zuten eta zerua ezti kolorez piztu zen. Ilargia inoiz baino goizago esnatu zen, handi eta laranja, ogi biribil egin berri baten gisa.
-Hiru giltzak dituzu.- iragarri zuen -Bihar, eguna argitzean, zoaz ekialdera. Arto sailetan lehen ageri ez zen bide bat irekiko da zuretzat.
Aimarrek ez zuen begirik bildu gau hartan. Zorroa behar bezala estu lotu zuen, adobezko hormak laztandu zituen, leuna zegoen, oraindik lo zegoen amaren azala bezala. Goizaldean, ukuilu zaharraren atzealdean zabaltzen zen arto sailetan sigi-saga egiten zuen bidezidor distiratsu bat aurkitu zuen, norbaitek ilargiaren malkoekin leundu izan balu bezala.
Lehen pausoa ematearekin batera bidea aldatzen hasi zen; jada ez zen buztinezkoa, zilarrez eta harri bitxiz eginikoa zirudien. Haizeak musika ezezagun bat zekarren, inoiz entzungabeko txori lila batzuek kantatutakoa. Ez zuen atzera begiratu: bihotzak, oihalkiz brodatuta eta gatzez mamitua, beregatik oroituko zuen.
Egun osoa oinez eman zuen, eta gaua iristean, ilargia, bere zain baten bat badagoela dakienaren aktore baten elegantziaz agertu zitzaion. Aimarrek begirada altxatu eta barre egin zuen: bere parean zegoen, baina pinu urdinak eta airean irudiak marrazten zituzten ipurtargiak ere bazebiltzan.
-Hitz egin zenidan gau bakoitza, gauza posibleen iturrira botatako txanpona zen -esan zion ilargiak -Orain urak isla bueltatzen dizu bide bihurtuta.
-Eta bihar? -galdetu zuen Aimarrek.
-Eguzkia beste izen batekin deitzen duen jendea aurkituko duzu, fruitu basati eta arrotzaren gustua duten ogiak. Eta beldurrak itzal bihurtu nahi izango zaituenean, dastatu amak emandako gatza, ukitu jaka barruan jositako aitaren botoia, galburua, ukitu guztia, etxeko txakurraren izena idatzi zenuen papera… argi harien modura egingo dute tira zugatik.
Aimar lurrean etzan zen, belarretan, eta lo hartu aurretik ulertu zuen bidaia hura ez zela ihes egitea, bere herrixkako mugak zabaltzea baizik, itsasontzi batek itsasoan bere oihalak haizez betetzeko zabaltzen dituen moduan. Esnatzean, txori baten kantuak marrazkiak egiten zituen haritz baten enborrean, eskua poltsikoan sartu eta amuletoak ukitu zituen. Bihotzak zerbait erantzun zion: “Ez ahaztu, egin aurrera”. Irribarre egin, zorroa gorputzera estutu eta basoko itzaletik gari-soroen argira irten zen ilargia pozik eta nekatuta lurraren beste aldeko haurren ametsak zaintzeko mendien atzean itzaltzen zen bitartean.













