Iratzargailua
Iratzargailuak tiro bat jo zidan. Goizeko seiak ziren, eta ohituta nengoela uste banuen ere, goiz horretan unibertsoak jarri zidan gustu txarreko lehergailu bat izan zen hura. Begiak itxi nituen; itxaropena nuen, iratzargailua, nire arreta faltagatik minduta, isildu egingo zela. Eta ez, jakina. -Bost minutu gehiago… -esan nion marmarka burua moztu aurretik errukia eskatzen duenaren ahotsaz. Continue Reading
Iratzargailuak tiro bat jo zidan. Goizeko seiak ziren, eta ohituta nengoela uste banuen ere, goiz horretan unibertsoak jarri zidan gustu txarreko lehergailu bat izan zen hura. Begiak itxi nituen; itxaropena nuen, iratzargailua, nire arreta faltagatik minduta, isildu egingo zela.
Eta ez, jakina.
-Bost minutu gehiago… -esan nion marmarka burua moztu aurretik errukia eskatzen duenaren ahotsaz.
Ordulariak, bihotz eta gupidarik gabe, garrasika jarraitu zuen, eta nik, ekintza heroiko eta trakets batean besoa airera luzatu eta itzali egin nuen. Lanpara kolpatu nuen, baso bat ur isuri eta guztia blai. Orduan konturatu nintzen egunak ez zuela ondo hasteko bat ere asmorik.
Haztamuka zutitu nintzen, eta ohe azpian lo egiten zuela jakin gabe hiru hilabete bila neraman zapatilarekin estropuz egin nuen. Komuneko ispiluan nire isla zegoen zain: gizon arraildu bat, begi bat erdi itxita eta burkoaren marka gerra-orbaina bailitzan aurpegia gurutzatzen ziola.
-Picassoren margo bat dirudizu! -esan nion nire islari.
-Ba zuk! Zure burua ikusiko bazenu! -erantzun nuen ni islaren rolla hartuta aurpegia ur hotzarekin garbitzen nuen bitartean.
Kafea zen nire salbazioa. Baina kafe-makinak, zaharra eta mendeku-zalea, erabaki zuen hura ez zela elkarlanean aritzeko egun aproposa. Zarata susmagarri bat atera zuen, katuari isatsa zapaltzen zaionean bezala, eta lau tanta beltz bota zituen, kafe usainik gabe, metal usaina zutenak.
-Zu ere nire kontra? -bota nion etsipenaz.
Hozkailura abiatu nintzen zer gosaldu bila, eta orduan konturatu nintzen: galtzontziloak alderantziz eta galtzerdi desberdinak nituen. Bakoitza kolore batekoak. Unibertsoak lotsa arazi nahi bazidan, ikuskizuna emango niola erabaki nuen.
Behin jantzita, gutxi gora behera, eskailburura irten eta hirugarreneko bizilagunarekin egin nuen topo. Beti lore-usain handiko kolonia erabiltzen zuen Ilea urdinez tindatzen zuen atariko kuxkuxero harekin.
-Egun on! Ondo egin al duzu lo? -galdetu zidan irribarre faltsu batekin.
-Seko! Urez betetako ontzi bat jaurti eta blai egin nauten arte! -bota nion eskailarak jaisten nintzela.
Kalean, aire hotzak duintasun pixka bat berreskuratzeko balio izan zidan. Oinez nindoan, eguneko eginbeharrak errepasatuz, uso batek opari bat bidali zidanean. Gelditu egin nintzen, desastreari begira.
-Zortea ematen omen du! -bota zidan kalean behera zetorren ezezagun batek.
-Ba gaur gainezka daukat! Pixka bat nahi? -erantzun nion sorbaldako uso kaka orbana eskainiz.
Autobus-geltokira garaiz iritsi nintzen. Nire muturren aurrean nola alde egiten zuen ikusteko garaiz. Sakon arnasa hartu, eta patxadaz hartzea erabaki nuen.
“Bizitza lasterketa bat bada, argi eta garbi dago ni gurpilik gabeko bizikletan noala”, pentsatu nuen.
Hurrengo autobusa iritsi eta behin eserita, lasaitasun ia espiritual batean murgildu nintzen. Orduan, lasaitasun horretan nengoela: “laneko motxila egongelako aulkian ahaztu dut”.
Itzulerarik gabeko puntua zen hura.
Irribarre egin nuen. Bai, irribarre. Izan ere, anabasa haren erdian, tximista baten moduan ideia bat etorri zitzaidan: “goizetan bizirik irautea lortzen badut, Everest gainera oinutsik iristeko gai izango naiz”.
Mugikorra atera eta mezu bat idatzi zion nagusiari:
“Berandu xamar iritsiko naiz, epifania existentziala izan dut iratzargailuarekin”.
Autobusa aurrera zihoan, eta eserlekuaren kontra etzanda, begiak itxi nituen. Pentsatu nuen agian bizitzaren gakoa ez dela goiz esnatzea, baizik eta umore onean esnatzea.













