isla
Aspaldiko kontalariek zioten garai batean aurpegiak ez zirela norberarenak erabat. “Distiren aurreko garaian” gertatu zen hori, idazkera bakarra belar gaineko haizea zenean eta ispilurik ez zegoenean, ez metal leundurik, ez eta beira etxekoturik ere. Egun haietan, egunsenti bakoitzak galdera bat zekarren: Nolakoa izango naiz gaur? Eta erantzuna urari eskatu behar zitzaion. Harrigordin herrixkan Lea bizi Continue Reading
Aspaldiko kontalariek zioten garai batean aurpegiak ez zirela norberarenak erabat. “Distiren aurreko garaian” gertatu zen hori, idazkera bakarra belar gaineko haizea zenean eta ispilurik ez zegoenean, ez metal leundurik, ez eta beira etxekoturik ere. Egun haietan, egunsenti bakoitzak galdera bat zekarren: Nolakoa izango naiz gaur? Eta erantzuna urari eskatu behar zitzaion.
Harrigordin herrixkan Lea bizi zen, ñabarduretan erabat ados jartzen ez baziren ere begi berdeak zituen neskatila. Jakinguraz gainezka zegoen eta beste haurrek errekako harriak biltzen zituzten bezala, berak bere buruaren deskripzioak biltzen zituen. “Gari soroan pausatzea erabaki duen galeperraren sudurra duzu” esan zion behin ehiztari batek; “ogi beroan zizelkatua dirudizu” esku leunak zituen atso gozo batek. Leak metafora guztiak gordetzen zituen bere buruan, baina susmoa zuen haietako batek ere ezin zuela ordezkatu bere bekainaren benetako keinua, ezta ilunabarrean bere masailean itzala eta argia bereizten zituen lerro xumea ere.
Goizero, eguna argitzean, klana urmael biribilera hurbiltzen zen. Talde ispilua zen: Uraren Begia esaten zioten leku hari. Inork ezin zuen aztoratu eguzkiak piztu baino lehen, forma galdu eta betiko silueta lauso bihurtzearen zigorraz, esaten zuten. Beraz geldirik itxaroten zuten ur-azala oraindik lainotsu azal jaioberriaren antzera leuntzen zen bitartean. Orduan bakarrik, banan-banan makurtu egiten ziren; urak norberaren bertsio dardarti gisa bere isla fidela itzultzen zien. Inork ez zuen Uraren Begiaren oparia bakarka jasotzen, beti zegoen norbait ondoan “bai, zu zara” edo “hori zara zu gaur” esango ziena.
Leak gehiago nahi zuen ordea. “Urak geldirik dagoenean erakusten badit, nire zein parte ezkutatzen du dardarez uzkurtzen denean? Edo, nor naiz gauaz, uraren iluntasunean ikusi ezin naizenean?” Zalantza horrek sua hartu zuen bere barnean txingar bihurtu arte. Haizerik gabeko arratsalde batean, Ikur bere lagunari, laguntzeko eskatu zion. Behingoagatik zizelatzaile eskolan piper egin zezan eskatu zion, urrutiko erreka batera joan nahi zuen, inoren menpe egongo ez zen aurpegi bat ehizatzera.
Denbora luzez ibili ziren pago baso batera iritsi arte, bertan sekretu gisa zuhaitzek gordetzen zuten ur geldi bat aurkitu zuten. Lea makurtu egin zen, eta dortoka oskol zabal batekin bere aurpegia jaso nahi izan zuen, urak eskaintzen zion isla. Jaso zuen, baina behatz artean ihes egiten zion ura besterik ez zegoen. Ur-azalaren gainean kantatu zuen bere kantuaren oihartzunak, banatu eta ihes egiten zuten uhinak sortu zitzan. Etsipenaz negar egin zuen, agian bere malkoekin… Ikurrek neskatoak ezinezkoarekin nola eztabaidatzen zuen ikusten zuen.
-Agian okerreko lekuan ari zara bila, Lea -esan zuen. -Urak ez du ezer, eman egiten du, gu gara jasotzen dugunak.
Ideia bat izan zuen Ikurrek: urazpiko harri beltz bat leuntzea, ez bertan bere burua islatzeko, horrek belaunaldi askoren pazientzia beharko luke, baizik eta bertan beste guztiek Learengan izan zuten begirada guztiak zizelkatzeko. Egunak joan eta egunak etorri arez eta koipez lixatu zuen; norbaitek neskatilaz aritzen zen bakoitzean esandakoa arrastoz eta hozkaz marrazten zuen. Harrian sortutako hura ez zen isla, mapa baizik. Gurutzatutako metaforen erliebea.
Leari eman zionean bere esku bustiekin eutsi zuen. Ez zuen bere aurpegia ikusten, baina arrastoak irakurri zitzakeen: han zeuden “galeperra”, “ogi beroa”, han ere “ilargiaren koxkadarekin” alderatu zuen silueta. Ulertu zuen bila ari zen aurpegia ere bazela besteen begiraden konstelazio hura, lohi emankorraren geruzak bezala jalkitzen.
Hurrengo goizean, Uraren Begian, Lea Ikurrek emandako harria bularrean zuela makurtu zen. Urmaelak une batez bere benetako aurpegia itzuli zion: bekainak, masailak, irribarre batekin marrazten zen ahoa. Baina ez zuen hura eustearen beharizana sentitu. Uraren emana harriaren memoriarekin bateratu zituen. Uraren isla lehen haize ufadarekin hautsi zen: bere irudia uhinetan zatituta aldendu zen. Presarik gabe zutitu zen.
Ordutik, baten batek “nola dakizu nor zaren egunero ura aldatzen bada?” galdetzen zuenean, Leak zera erantzuten zuen: “Goizero barrutik ezagutzen naizelako kanpotik bilatu aurretik. Urak siluetak gogora arazten dizkit; besteen hitzek historioak gogora arazten dizkidate; eta argirik ez dagoenean sentitzen dudana islarik behar ez duen sustraia da”.
Ilargi asko pasa ziren. Denborarekin gehiegi leundutako brontzezko ontzi zapal batek siluetak iradokitzen hasi zen. Askok lehen ispilu gisa hartu zuten hura. Leak begiratu, irribarre egin eta Ikerrek emandako bere harria jarri zuen ondoan. Besteei objektu opakoa iruditzen zitzaien, beretzat ordea, uretik eta ahotsetatik jasotako artxibo bizia zen. Pentsatu zuen, etorkizuneko ispiluak, kristal perfektua, dardarrik gabeko isla, zoragarriak izango zirela, bai, baina inoiz ez nahikoa: beti beharko zen urmaelen bat, hitzen bat eta harri leunduren bat.
Horrela ba, kontalariek diotenez, norbere burua ikustea ez da bakarrik begiratzea, urak une batean dakarrena eta korrenteak eraman ezin duenaren arteko dantza onartzea baizik. Gaur egun oraindik, bada urmael baten aurrean makurtu eta bere aurpegia begiratzen duena errito zaharra errepikatuz, nahiz eta, poltsikoan hamaika pantaila izan arren: urari norbere aurpegiaren isla eskatzea, eskertu eta berriro bueltatuz. Gizateriak izan zuen lehen irudi hura ez zegoelako marko baten preso, baizik eta goizean ur-azaleko lainoak aldegin orduko irudi lausotu eta urtsuan.













