Kometak aidera
Aitak Dian-6 urdina itsaslabar ondoko zelaigune harritsuan aparkatu zuen. Motorra itzali eta asperen egin zuen pozik. Oraindik oroitzen dut kotxea gelditu aurreko dardarizoa, beti “kalatzen” zitzaion erabat itzali aurretik. Kotxearen kulpa omen zen, kotxe frantsesak horrelakoak ziren; bat ere ez fidagarriak. Kotxe alemaniarrek berriz, horiek ez zuten hutsik egiten, baina garestiak ziren. Kotxeko atea irekitzerakoan Continue Reading
Aitak Dian-6 urdina itsaslabar ondoko zelaigune harritsuan aparkatu zuen. Motorra itzali eta asperen egin zuen pozik. Oraindik oroitzen dut kotxea gelditu aurreko dardarizoa, beti “kalatzen” zitzaion erabat itzali aurretik. Kotxearen kulpa omen zen, kotxe frantsesak horrelakoak ziren; bat ere ez fidagarriak. Kotxe alemaniarrek berriz, horiek ez zuten hutsik egiten, baina garestiak ziren. Kotxeko atea irekitzerakoan barreneraino sartu zitzaidan kresal eta belar moztu berriaren usain nahasketa zoragarri hura. Ez zait ahazten; arnasten zen aire garbi hura zerbait zoragarri baten atarian nengoela esaten zidan. Hamar urte nituen, agian bederatzi, eskuetan berak egin zidan kometa neraman. Kometaren koloreek bazirudien oihu egiten ziotela zeru gris ilunari: gorri bizi-bizia, itsas urdin eta erdian arrasto zuria, aitak erdi txantxetan laino artean sartzeko pasaporte gisa definitu zuena.
Aurreko gauean sukaldea inprobisatutako nabigatzaileen tailer bihurtu genuen. Lurra egunkariekin estali genuen, banbuzko listoiak lerrokatu genituen, guraizeak, kola zuria eta erleen argizari-usaina zuen hari karrete bat. Aitak argiaren ordainagiri baten atzealdean eskema marraztu zuen, krokisa. Marrazkilari trebea zen. Arkitekto izateko jaioa omen zela zion amak, baina garai hartan zaila zen nahi zena izatea, komeni zena izatearekin nahikoa. Krokis zalea, edozer gauza azaltzeko krokis bat egin beharra omen zuen. Kometaren planoa ere bai, jakina. Banburen puntak harraskako harriaren kontra nola zorroztu erakutsi zidan: “Gauzak modu bakarrean egin daitezke, ondo, tira, bitan, ondo eta gaizki, baina bigarren horrek ez du balio. Egitekotan beti ondo. Gaizki egitekotan hobe ez saiatzea”. Nik hortzekin eusten nion sokari berak marinel trebe baten gisa egitura tenkatzen zuen bitartean, eta ehunaren zeta kurruskatzen zen bakoitzean pentsatzen nuen munduko olatu guztien gainetik nabigatzeko gai izango zen itsasontzi bat eraikitzen ari ginela.
-Prest?- galdetu zuen kotxearen maleteroa kainoikada baten zaratarekin ixren zuen bitartean.
Baiezkoa egin nuen, baina nire urdaila estutu egin zen urduritasun hutsez. Belardiaren ertzeraino joan ginen, hain belar luzea zen, iparraldetik zetorren haize etengabearen aurrean erreberentzian makurtzen zela zirudiela. Ozeanoak erritmo geldo eta sakonez jotzen zituen harkaitzak, aspaldiko kanta baten konpasa markatu nahi izango balu bezala. Aitak begiak itxi zituen une batez, arnasa hartu, eta besoa sorbaldetatik pasatu zidan.
-Gakoa entzutean datza – esan zuen. -Haizeak hitz egiten digu. Ez hura dominatzen saiatu, galdetuiozu zer kontatu nahi dizun.
Bobina eman zidan eta kometa bere buru gainean eutsi zuen, haize bolada aproposaren zain. Putz erabakigarriak belarra astindu zuenean, besoak altxatu eta mugimendu bakar batez askatu zuen. Oihala bizitu egin zen, gorantz okertu, eta pentsamendu zoriontsu baten arintasunaz tira egin zion sokari. Atzamarretan tirakada bortitz bat nabaritu nuen: oihal puska hark ihes egin nahi zuen, eta bat-batean nire ardura zen kometa hura munduari lotuta edukitzea. Urrats bat aurrera egin nuen, haria apur bat lasaitu nuen aitak esanda, eta gero tenkatu berriro, eta sentitu nuen nola haizeak kometaren oihalaren jostura bakoitza bere hats ikusezinaz betez dantza arazten zuen.
Une batez guztia isiltasun bihurtu zen nire buru barruan. Olatuak lehertzen ari ziren eta kaioak garrasika ari ziren, baina unibertsoa nire eskuen eta ausardiaz gorantz zihoan kolorezko geziaren arteko harira mugatu zen. Aita nire atzean jarri zen, bere esku handiak nireen gainean jarri zituen.
-Arnastu berarekin, utziozu berari esaten nondik egin nahi duen hegan.
Begiak itxi nituen. Zin egingo nuke zurrumurru bat entzun nuela, ia hitzak, bolada bakoitzean. Ireki nituenean, zeruak inoiz imajinatuko ez nukeen baino sakonagoa zirudien, eta kometak marrazki zabalak deskribatzen zituen, bere nagusitasunaz harro.
Handik minutu batzuetara, aitak are gorago eramatea proposatu zidan. Haria lasaitu egin genuen ia karretea agortu arte, eta puntu ñimiño bat bihurtzen ikusi genuen, hala ere tiraka jarraitzen zuena. Orduan, haize bolada jolasti batek bortizki astindu zuen: isatsa bihurritu egin zen, muturra kulunkatu, eta izua sentitu nuen besoetan gora igotzen zitzaidala. Sokari zakarregi tira egin nion, korapiloek azala erre zidaten eta betiko galduko nuelakoan nengoen.
-Patxadaz —esan zuen aitak, eskuak berriro nireen gainean pausatuz—. Utzi haizeari esan nahi duena amaitzen.
Emeki-emeki lasaitu nuen, arnasa hartu nuen eta tentsioa egonkortu egin zen; Amets, minutu bat lehenago horrela bataiatu genuen kometa, bere dantzara itzuli zen. Aitak txalo egin eta algara ozena bota zuen, kanpandorre batek ilunabarrean bezala. Harrotasun bero bat sentitu nuen neure bularrean zabaltzen: berak konfiantza zuen nigan, baita ni neu ere zalantzan nengoenean. Bigarren horretan ulertu nuen, hitzik gabe, ausardia ere ikasi egiten dela.
Eguzkia zerumugaren marra ukitzen hasi zen. Zerua arrosa eta laranjaz tindatu zen, gure kometaren koloreek pizten zituela zirudien.
-Oihalak jasotzeko ordua, etxean zain izango ditugu ia!—bota zuen—. Haizeak bere gaurko istorioa kontatu du jada.
Haria apurka-apurka berreskuratu genuen, metroz metro agur. Amets gure eskuen artean zartatu zenean, aita autoko kapotaren gainean eseri zen eta bere ondora gonbidatu ninduen. Isilik geratu ginen, itsasoak eguzkia nola irensten zuen ikusten.
-Badakizu zergatik gustatzen zaidan zurekin kometak hegan egitea? —galdetu zuen, niri begiratu gabe—. Izan ere, gogorarazten dit badirela gauza batzuk joaten utzi eta, hala ere, haiei lotuta jarraitu dezakegunak. Hazten zarenean urrutira hegan egingo duzu, baina beti egongo da hari bat gure artean.
Ez nuen erantzuten jakin. Baiezkoa besterik ez nuen egin, gorde egin nituen hitz haiek eta arratsaldeak betiko iraun zezan desiratu nuen.
Itzulerako bidaia goxoa izan zen. Lo hartu nuen, burua haren sorbaldan, irratian kantu batek Dian6aren dardarizoa leuntzen zuen bitartean. Gaur egun ere arrakastarik gabe bilatzen ari naiz kantu hura. Ia segundo batez esnatu nintzen, besoetan ohera eramaten ninduela ohartu nintzenean. Begiak itxi baino lehen, beste abentura bat agintzen entzun nion. Sinetsi egin nion; haurrek beti sinesten dute.
Orain, urte asko geroago, itsaslabar horretara itzultzen naiz iparraldea jotzen duenean. Nire autoa ez da urdina, baina berak aparkatzen zuen lekuan uzten dut. Maletategia ireki eta Amets ateratzen dut: bere oihalak orduko koloreak gordetzen ditu, nahiz eta han-hemenka bere historia kontatzen duten puntadez josita egon. Gauza bera sentitzen dut urdailean. Kometa jaso eta zain geratzen naiz. Haize egokiak soka askatzen duenean, begiak itxi eta entzun egiten dut. Murmurioen artean, aitaren barrea antzematen dut, bularra dardararazten zuen barrea, eta ziurtasun epel batek betetzen du inoiz hutsune bat egon zen lekua.
Amets gorantz doa, bira egiten du, ezinezko irudiak marrazten ditu. Hariari irristatzen uzten diot nire hatzen artean, eta laztan sutsua sumatzen dut azalean: haurtzaroko erredura gozo bera. Eta ulertzen dut, azken batean, berak irakatsi nahi zidan lezioa: hegaldi batzuk betierekoak dira, eta loturak ere badaude haize bolada bortitzenak ere hautsi ezin dituenak. Kometa-arratsaldeak dauden bitartean, beti egongo da non elkartu.
Uste sendo hori bihotzari lotuta, tinko eusten diot hariari, eta Amets gu biontzat dantzatzen uzten dut. Itzuli bakoitza asmatutako oroitzapen bat da, baina hain sentitzen da erreala, bizi izana zin egingo nukeela. Opariak “bake giroan” onartzen dituen zeru baten azpian, semea eta aita aldi berean naiz berriro, ezinezkoa dena hatz puntekin ukituz eta, azkenean, bizitzak ukatu zigun oroitzapen hura osatuz, baina irudimenak eta haizeak ukitu gabe itzuli didatena.













