Lilia eta ni
Mundua lekuz aldatu izanaren sentsazioaz esnatu nintzen. Ospitalean esnatzea izenik gabeko toki batera itzultzea bezala izan zen. Ez nekien zenbat denbora egon ote nintzen lokartuta, ez nekien ametsik egin ote nuen ere. Sentsazio bat bakarrik: gorputzaren pisua, zuriegia zen argia leihotik sartzen eta inguruko makinen hotsa. Segundo batzuk behar izan nituen non nengoen ezagutzeko, zergatik Continue Reading
Mundua lekuz aldatu izanaren sentsazioaz esnatu nintzen. Ospitalean esnatzea izenik gabeko toki batera itzultzea bezala izan zen. Ez nekien zenbat denbora egon ote nintzen lokartuta, ez nekien ametsik egin ote nuen ere. Sentsazio bat bakarrik: gorputzaren pisua, zuriegia zen argia leihotik sartzen eta inguruko makinen hotsa. Segundo batzuk behar izan nituen non nengoen ezagutzeko, zergatik nengoen han.
Burua poliki jiratu nuen, ezagun izan zitekeen edozeren bila. Eta orduan ikusi nuen. Mesanotxean, ur gardeneko edalontzi batean. Lili txuri bat.
Une batez imajinatu egin nuela iruditu zitzaidan. Lorea aratzegia zen horma biluzi eta usain lakarreko toki hartan egoteko. Begira paratu nintzen, zorabiatuta, lilia beste tokiren batetik iritsitako bisitari isila balitz bezala, inork iragarri ez zuen mezularia.
Ez nekien nork utzi zuen han. Agian erizain bihozberen batek; agian lo nengoela ni ikustera etorritako inor; agian senideren batek, ni ez esnatzea nahiago zuen esku batek, keinu mutu hura utzi zidan.
Ahalegin handiz tentetu nintzen, gertuagotik ikusi nahi nuen. Petaloek, bere samurtasun perfektuan, nirekin batera arnasten zutela zirudien. Eskua luzatu eta petalo bat ukitu nuen. Leuntasunak harritu ninduen. Eta bat batean, bitan pentsatu gabe, erauzi egin nuen. Maindire zuriaren gainera erori zen, elur maluta bat bezain arin.
Keinuak oroitzapenak ekarri zizkidan: haurra nintzela aitak gurariak eskatzeko txikori belarrari putz egiten erakusten zidanekoak. Putz egiten nuen bakoitzean etorkizun berri bat zabaltzen zen, airera jaurtitako promesa bat. Petalo hura erauztean berdina sentitu nuen. Gurari bat, isila, berriro zutik egotearena.
Beste bat kendu nion. Eta beste bat. Bakoitza gozo erortzen zen, ni begiratzeko denbora gelditu izan balitz bezala. Ez ziren galerak, askapenak ziren. Petalo bakoitzak zerbait arintzen zuen nire barnean: ez esnatzeari beldurra, izandako eta izango ziren minak, oraindik ere etorriko ziren atsekabeak.
Azken petaloa han zegoen. Zain bezala. Zalantza egin nuen. Lilia biluzik geratuko zen, osatugabea. Eta ni? Eta berriro ohetik altxatzeko indarra berreskuratuko ez banu? Baina bizitza horrelakoa da, horretan datza: beti zerbait galtzen, beti gure zerbait atzean utziz, eta hala ere, aurrera eginez.
Azken petaloa hartu nuen. Liliak tente jarraitu zuen edalontzian, apaingarririk gabe, bere gorputz biluzia erakutsiz. Ederra zen, ez zen hauskorra. Kontrakoa: indar lasai bat zerion, inguruan guztia erori eta oraindik taupadaka dabilen bihotza bezala.
Berriro etzan nintzen nigan zerbait aldatu zela sentituz. Gorputzak ahul jarraitzen zuen, baina nire sakonenean zerbait loratzen hasi zen, ziurtasun bat: altxatzea ez zen erraza izango, baina abian zen. Lilia, biluztuta ere zutik jarraitzen bazuen, nik ere ahalko nuen.
Begiak itxi nituen, irri txiki baina benetako batekin. Kanpotik, leihotik, argi ari bat zetorren. Hari hura nahikoa nuen. Liliak han jarraitzen zuen lekuko gisa: oraindik bazegoen zer bizi, oraindik indarra bazegoen.
Eta ni itzultzekotan nintzen. Biak loratuko ginen berriro ere. Lilia eta ni.













