Maleta bat
Maleta begiratzen du. Irekita dauka ohe gainean. Barruko oihala gris eta zirpildua dago. Urteak dira irekitzen ez duela. Iristen edo badoan goizaldearen itxura osoa du. Ez dago txartelik, ez dago jomugarik, ez dago maparik; gauza bakarra dago bere buruan, isilik eta setati: joan beharra. Poliki dabil gelan gora eta behera aurkituko ez duen erantzun baten Continue Reading
Maleta begiratzen du. Irekita dauka ohe gainean. Barruko oihala gris eta zirpildua dago. Urteak dira irekitzen ez duela. Iristen edo badoan goizaldearen itxura osoa du. Ez dago txartelik, ez dago jomugarik, ez dago maparik; gauza bakarra dago bere buruan, isilik eta setati: joan beharra.
Poliki dabil gelan gora eta behera aurkituko ez duen erantzun baten bila. Airea geldirik dago, trinko, egur eta oroimen hauts usain batekin. Leihoan, bere aurpegiaren isla beste batena dirudi: gizon zahar batena, ezezaguna.
Lau gauza.
Ezer gehiagorik ez.
Agindu egin dio bere buruari.
Maletaren ondoan eseri da eta pentsamenduek nora daramaten zain dago; aukeraketa horrek, maleta ixtean, nolabait aurrerantzean nor izango den erabakiko balu bezala.
Argazki bat hartu du lehenik. Erditik tolestuta dago, papera horituta eta ertzak zahartuta. Bertan bera eta emakume bat irribarrez. Itsasoaren aurrean, haize gaziak beren ileak nahastu ditu. Ez du orioitzen noizkoa zen, ez eta zertaz hitz egin zutenik ere, baina bai ondorengo ixiltasuna, luzea eta barea, une hura berriro ere errepikatuko ez zela usaindu zutenean. Maletaren sakonean utzi du, oraindik ere erretzen duen zerbait lurperatzen denean bezala., nolabait aurrerantzean nor izango den erabakiko balu bezala.
Ondoren zalantza. Mahai gainean pilatutako liburuak begiratzen ditu, koadernoak, aspalditik seiak laurden gutxi erakusten duen ordularia. Guztiak astuna dirudi, karga gehiegi. Aulkian beste koaderno bat tapa beltzak dituena. Hutsik dago. Ez daki bertan ezer inoiz idatziko ote duen, baina lasaitasuna ematen dio inoiz etorkizuna marraztu ahalko duen hori eramatea, isiltasunean bada ere.
Hirugarrenak lan gehiago eman dio. Mesanotxean bila hasi da. Han ere musuzapi bat. Zuria arrasto urdinduna. Ez du itxuran balio handirik, oraindik gordetzen duen perfume arin baten usain leuna ez bada. Amak erabiltzen zuena da; malkoak lehortzeko erabiltzen zuena, ni laztantzen ninduen bitartean. “Pasako da, dena pasatzen da arrastoa uzten badu ere”. Batzuetan hitz sinpleenak amuleto bihurtzen dira. Poliki eta samurtasunez tolestatu eta koadernoaren ondoan jarri du.
Azken baterako lekua dago oraindik. Logela begiradarekin arakatzen du erantzuna gela berak xuxurlatuko dion itxaropenaz. Bere begiak objektu txiki batean paratu dira: harri bat, harri txiki leun bat, intxaur baten tamainakoa. Seme alabekin errekan jolasean jaso zuena segurona. Ez zekien zergatik jaso izan zuen bere garaian. Orain hari begira pentsatzen du gauza gogorrenak ere denborarekin leundu egin daitezkela.
Maleta itxi du.
Ixte hutsak egin duen zarata agur bat dirudi, eutsitako kanpai hotsa.
Ohe ondoan eseri da berriro ere orain itxita dagoen maletari begira. Ez daki nora doan. Agian inora. Askotan iritsi da puntu horretaraino. Agian joatea baino, begiradaz aldatzean datza. Agian dagoeneko bere barruan kabitzen ez den hori alde batera uztean datza.
Kanpoan zeru grisak euria iragartzen du. Zutitu, maleta eskuan hartu eta malkoak begietatik kenduz aterantz doa. Ispiluaren aurrean geratu da. Desagertu baino lehen, azkenekoz bere aurpegia ikasi nahi duenaren antzera begiratzen du bere isla.
Ez dago beldurrik. Ez dago presarik. Aukeratu dituen horiek, bakoitzak bere izana du, bere arrazoi sekretua. Argazkia: izan zen hura. Koadernoa: izan ahalko zena. Zapia: kontsolatzen duena. Harria: betirako dena.
Atea irekitzean haize freskoak aurpegia kolpatzen dio. Arnasa sakon hartzen du. Etxea atzean geratzen da, geldik, itzal baten moduan. Lehen pausoa ematean zoruak erantzun egiten dio, konplize.
Ez daki norantz doan, baina bere bularrean taupada batek bidaia hasi dela esaten dio.













