Neguburua
Neguburua iragarri gabe iritsi zen, gauza garrantzitsuak iristen diren modura. Ez zen txalaparta ttakunik izan, adar hotsik ere ez. Ohikoa baino gau luzeagoa soilik; memoria zuen hotz zorrotza, zaharra, oinordekotzan jasoa. Herria lozorroan zegoen oraindik. Tximiniek leun arnasten zuten eta isiltasuna bide ertzetan pilatzen zen, lodi, ukigarria ia. Etxe barruan argia minimoa zen: kandela biluzi Continue Reading
Neguburua iragarri gabe iritsi zen, gauza garrantzitsuak iristen diren modura. Ez zen txalaparta ttakunik izan, adar hotsik ere ez. Ohikoa baino gau luzeagoa soilik; memoria zuen hotz zorrotza, zaharra, oinordekotzan jasoa.
Herria lozorroan zegoen oraindik. Tximiniek leun arnasten zuten eta isiltasuna bide ertzetan pilatzen zen, lodi, ukigarria ia. Etxe barruan argia minimoa zen: kandela biluzi bat piztuta, ez fedeagatik eta beheko sua babesagatik. Kanpoan iluntasuna zen nagusi. Gauaren eremua hura. Bere erregetza labur baina erabatekoa.
Gau horietan denbora geratu egiten zen. Ez aurrera eta ez atzera. Geldik, zelatari. Eguzkia une ahulenean zegoen, lur jota. Baina itxuran bakarrik. Hor hasten zen pizkundea, mantso, ia sumagaitz. Oharkabean gertatuko zen. Bizitzari eusten dioten hainbeste gauza bezala.
Leihoaren ondoan eseri zen. Kristala izoztua zegoen. Ez zegoen ezeren zain. Neguburuari ez zaio ezer eskatzen; oroitzeko unea da. Jada ez zeudenekin pentsatu zuen; isilean ahoskatu zitzakeen izenetan; esan-gabeko hitzetan; amaigabeak iruditu arren iragandako neguetan. Aita zenak esaten ziona etorri zitzaion burura: iluntasuna ez da amaiera, geldiunea da. Halabeharreko etena.
Beste neguburuak oroitu zituen, haurra zenekoak, gauak beldurra ematen zionekoak eta egunsentia promesaz janzten zenekoa. Aitak bere esku sendoak sutan epeltzen zituen; amak bere ahots xamurrez ahaide nagusien kondairak kontatzen zizkigun. Heriotza eta pizkundez hitz egiten zuten gaueko historien istorioak. Magiaz eta misterioz tindatuak. Kontatze hutsak egiazkoak bihurtzen zituenak.
Gauerdian haizeak etxeko teilak dantzan izan zituen. Ez zen mehatsua, abisua zen. Gauak berea egin zuen. Guztia mugaren mugan: argia, hotza, pazientzia, itxaropena. Eta orduan, amaieraren ate horretan, aldaketa.
Kandelari putz egin zion. Ez zegoen argi gehiagoren beharrik. Eguzkia bazetorren bueltan; hurrengo gaua laburragoa izango zen, eguzkia bazetorren.
Neguburuak ez du argiaren itzulera ospatzen, bere indarra baizik. Bizitza ez da eten. Atseden hartu du. Eta atseden hartzen duen orok indarra pilatzen du. Bizitzak bizi jarraitzen du.












