Olentzero
Bat batean esnatu zen mutikoa. Susmo batekin. Olentzero pasa zen, bai, baina ez zuen espero zuena utzi. Pasa bai, bai eta paso ere. Ohe ertzean eseri zen, pentsakor. Ez zuen negarrik egin. Ez zen kexarik izan. Olentzerok urtero bide berdina egiten zuen, mendiko bere etxolatik herrira. Orden berdinean. Eta orden bat bazegoen, akats bat ere Continue Reading
Bat batean esnatu zen mutikoa. Susmo batekin. Olentzero pasa zen, bai, baina ez zuen espero zuena utzi. Pasa bai, bai eta paso ere. Ohe ertzean eseri zen, pentsakor. Ez zuen negarrik egin. Ez zen kexarik izan. Olentzerok urtero bide berdina egiten zuen, mendiko bere etxolatik herrira. Orden berdinean. Eta orden bat bazegoen, akats bat ere egon zitekeen.
Eguna argitu baino lehen, jantzi eta irten egin zen. Olentzerok egindako bidea alderantziz berregitea erabaki zuen, pausoz pauso, lurrean besteek ikusten ez zutena irakurri ahalko balu bezala. Astiro joan zen, poliki eta adi. Ez zuen ezer bilatzen, zentzua baino ez.
Aurkitu zuen lehen gauza zurezko tren bat izan zen, bi zatitan hautsia. Aurrerago, pieza solteak zituen kutxa ireki bat. Gero haurrentzako beroki berri bat, hesi baten ondoan abandonatua. Haurrak berehala ulertu zuen haiek ez zirela galdutako opariak, abandonatutakoak baizik. Opariak soberan jasotakoek leihotik behera botatakoak.
Aurrera jarriatu zuen Olentzeroren bidea berreginez. Aurkitzen zuen objektu bakoitzak bazuen bere historia: laburra eta tristea, baina oraindik bizia. Haurrak bere buruan pentsatu gabe jaso zituen. Ahal zuen moduan konpondu zituen, garbitu eta kontuz aukeratu. Zakua inork nahi izan ez zituen opariekin bete zuen.
Herrira jaitsi zenean ez zen etxera itzuli. Beste batzuetara gerturatu zen. Ilunantz zeuden sukaldeetara. Bisitarik espero ez zutenetara. Opariak zaratarik atera gabe utzi zituen, gauza garrantzitsuak egiten diren bezala. Amaitu zuenerako egunsentia iritsi zen.
Biharamun goizean, herria desberdin esnatu zen. Ez zen haurren poza bakarrik, zerbait sakonagoa zen. Guztiak berdinagoak ginela edo. Inork ez zekien zergatik, baina aidean zegoen.
Menditik Olentzero begira zegoen. Ez zegoen harrituta. Bazekien zerbait baieztatu besterik ez zuen egin. Bere etxera bidean zihoan haurraren bidera irten zen.
-Bila zenbiltzana ez zen jostailua, ezta?
Zeku berri bat eman zion, handiagoa, kriskitin bat zintzilik zuena.
-Gaurtik aurrera, nire laguntzailea izango zara.
Haurrak onartu egin zuen pozarren. Ez zen agian espero zuen oparia, baina bai behar zuena.












