Gogoratzearen garrantziaz
36ko Gerra • 75. urtemuga
Gaurtik uztailaren 29ra bitartean Goierriko Hitzak 1936an piztu zen 36ko gerrari buruzko artikulu sorta argitaratuko du, gerraren nondik norakoak, gertaerak, pasarteak eta elkarrizketak jasoz.
Ez da erraza 36ko gerrari buruz idaztea. Ez soilik galtzaileen historia aurkitzea zaila delako. Atzo 75 urte bete ziren faxistek gerra hasi zutenetik, eta oraindik ere zauriak ez dira itxi euskal herrietako sukaldeetan. Ezta Goierrikoetan ere.
Goierrin ez zen bereziki luzea izan 36ko gerra. Gerra guztiek, ordea, krudelki jotzen dituzte tokian tokiko herritarrak. Historia handia istorio txikiz osatuta dago. Ez dira istorio anonimoak gainera. Historia horrek izenak eta abizenak ditu, baserrien izenak, bidegurutzeenak, batailoienak, fusilatuenak eta fusilatzaileenak, senideenak edota zerbait ikusi eta isilean gorde dutenenak.
Gaur hasi eta uztailaren 29ra bitartean, Goierriko Hitzak altxamenduak Goierrin izan zuen eragina islatuko du. Zazpi artikuloko sailean, besteak beste, herrien okupazioen pasarteak, gerran senideak galdu zituztenekin eta gudari aritutakoekin elkarrizketak, fusilamenduak, Aranzadi elkarteko kideen lana… erakutsiz.
Goierrin 36 gerra uztailaren 24an sartu zen, Zegamatik. Lehen erasoaldia abuztuaren 5era luzatu zuen. Denbora horretan Zegama, Ataun, Idiazabal, Segura, Zerain, Mutiloa, Olaberria, Lazkao, Beasain, Ordizia, Itsasondo, Arama, Altzaga, Zaldibia eta Gaintza hartu zituzten. Faxistek Donostian jarri zituzten orduan begiak, eta hiriburua eta Irun hartutakoan Bizkairantz jo zuten. Irailaren 17an hasi zuten Goierrin bigarren erasoaldia. Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga hartu zituzten. Borrokaldiak ere izan ziren. Arma gutxirekin hornitutako milizianoek eta gudariek, ordea, ezer gutxi egin ahal izan zuten ondo armatutako eta entrenatutako ejerzitoaren aurka.
Memoria azaleratzen
Urte luzetan irabazleen historia ikasi behar izan dute galtzaileek. Horien memoria ezabatzen ere saiatu dira, baina lurpetik berreskuratzen dituzten gorpuen moduan, memoria ere azaleratzen hasia da. Horren erakusle, Aranzadi elkarteak Zaldibian berreskuratu zituen gorpuak dira.
Elkarte honek 1936ko gerrari lotuta dagoen batzorde bat du. Desagerrarazi zituztenen inguruko ikerketak egiten dituzte, eta lan horretan, fusilatutakoen hobiak berreskuratzen dituzte. Euskal Herrian 2002an berreskuratu zuten lehen hobia, Zaldibian. Irratian elkarrizketa bat egiten ari ziren Aranzadiko kide batzuei Leonen aurkitutako hobi baten gainean. Entzule batek, Zaldibiako bizilaguna bera, Euskal Herrian ere halakoak bazirela esan zuen. Udalarengana jo zuen, eta udalak Aranzadirengana. Ikerketa egin, eta bi gorpu aurkitu zituzten, fusilatutako bi gazterenak. Garezurrean tiro bana zuten.
Ikerketa, ordea, denboraren aurka doa. 2009an Berria egunkarian Aranzadiko kideek adierazi zutenez, «2002an Zaldibian topatutako bi gorpuak identifikatzea ez dugu lortu. Oso-oso zaila izango da hori inoiz jakitea». Paradoxa da. Gorpuak identifikatu ez arren, memoria kolektiboa berreskuratzeko lanean mugarri izan zen Zaldibiako aurkikuntza. Artikulu berean jarraitzen dutenez, «gauza garrantzitsu bat gertatu zen. Izan ere, ordura arte halako gertaerak familia barruko testuinguruan geratzen ziren, eta belaunaldiz belaunaldi igarotzen ziren». Zaldibiko gorpuak agertu zirenean, «katarsi» moduko bat gertatu zela diote: jende gehiago hobien berri ematen hasi zen. «Ordura arte historia indibiduala zena kolektibo bihurtu zen. Oso urrats garrantzitsua da hori memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduaren sorreran».
36ko gerrako galtzaileei buruz idaztea zaila da. Baina idatzi egin behar da, oroitzapenak historia direlako, eta gogoratzen ez badira, historia ahaztu egiten delako, eta desitxuratu. Batzuek izena galdu zuten, baina guztiei izana kendu nahi izan zieten. Goierriko Hitzak argitaratuko duen tarte honek historiaren eta memoriaren txoko bat izan nahi du; oroimen izpi bat, gogoetarako bide bat. Galtzaileen historia gogoratzen ez bada, belaunaldi berriek irabazleen historia ikasten jarraituko baitute.