Goierri okupatu zutenekoa
36ko Gerra uztailaren 24an iritsi zen Goierrira, altxatuen tropak Zegamatik sartu zirenean. Bi erasoalditan hartu zuten eskualdea; lehen erasoaldiak abuztuaren 5era arte iraun zuen; bigarrenak irailaren 17tik 20ra.
Uztailaren 18an hasi zen Espainiako Gerra Zibila, Francoren menpeko soldaduak II. Errepublikaren kontra altxatu zirenean. Mola jeneralak uztailaren 19an hasi zuen altxamendua Nafarroan eta Araban, erreketeen eta falangisten laguntzaz. Gipuzkoan ere batu zitzaion jendea altxamenduari, Donostiako Loiolako koartelean kasu, baina errepublikaren aldeko indarrek geldiarazi egin zituzten. Araba eta Nafarroa, ordea, azkar erori ziren faxisten eskuetan, eta uztailaren 22an, Altsasutik barrena hasi zuten Gipuzkoaren eta Goierriren konkista.
Nafarroatik zetozen tropek hiru aldetatik gauzatu zuten Goierriko erasoaldia: Zegamatik, Idiazabaldik eta Ataundik. Albizu komandanteak, 400 gizonekin Lizarratik abiatu zenak, uztailaren 24an jo zuen Zegamarantz. Baita okupatu ere. Segurara jo zuten ondoren, eta Zerain eta Mutiloa ere hartu zituzten egun berean. Erasotzaileen bigarren talde bat Malcampo komandantearen agindupekoa zen. Iruñetik trenez Etxarri-Aranatzera joan ziren haiek. Ataun zuten helburu. Cayuela koronelak, bere aldetik, Idiazabalerantz jo zuen uztailaren 25ean. Goierri erasotu zuten hiru fronteetan talde handiena zen berea.
Uztailaren 25ean, Malcampo komandantearen tropak Ataunen sartu ziren, Lizarrustitik gauez joanda. Inguru haietan zeuden tropa nazionalekin bat egin zuten horrela. Hurrengo egunean, uztailaren 26an, Malcampok Lazkao hartu zuen.
Beasain jopuntuan
Cayuela koronelaren helburu nagusia Beasain hartzea zen, Tolosarantz joateko bidea irekiko baitzion horrek. Beasainek, berriz, ez zuen defentsa handirik, gudari eta miliziano gehienak Donostian baitziren. Hala ere, herri hau galtzeak faxistei bidea irekiko ziela ikusirik, miliziano talde bat herriaren defentsara batu zen. Horien buru Alejo Beñaran Goardia Zibilaren kapitain urretxuarra eta Eibarko goardia munizipalaren burua ziren.
Hiru zutabek erasotu zuten Beasain. Malcampok eskubitik, Albizuk erditik eta Cayuelak ezkerretik. Uztailaren 26an borrokaldi gogorrak izan ziren herri inguruetan nazionalen eta Eibartik etorritako milizianoen artean. Erasotzaileak gehiago ziren, ordea, eta milizianoek herrigunera, atzera egin zuten. Hurrengo egunean, 27an, erresistentzia gainditu eta Cayuelaren soldaduak herrian sartu ziren. Miliziano gehiago etorri ziren, baina ezin izan zuten ezer ere ez egin.
Gau hartan Gipuzkoako okupazioaren pasarte ilunenetako bat idatzi zuten frankistek Beasainen. Garaiko iturrien arabera, 60 lagun inguru fusilatu zituzten 27ko gauean. Beste iturri batzuek 35 fusilatu aipatzen dituzte. Bata edo bestea izan, Goierriko herri askotako bizilagunak hil zituzten gau hartan.
Tropa nazionalek Ordiziarantz egin zuten ondoren. Uztailaren 29an jo zuten lehen erasoa. Julio Arostegiren arabera, eraso horrek huts egin zuen. Beste iturri batzuek, herria okupatua izan zela diote, baina hurrengo egunean milizianoek berriro ere herriaren kontrola eskuratu zutela, hildako askoren ondoren.
Denbora tarte horretan, Ordizian 100 pertsonako hiru zutabe sortu zituzten, fusilez, pistolaz eta ehizako eskopetaz hornituta. Metrailadore bat eta mortero bat zituzten soilik. Cayuelak, ordea, 800 pertsona inguru zituen bere agindupean. Jende gehiago izateaz gain, arma eta prestakuntza hobeak zituzten faxistek.
Antolaketa arazoak ere batuta, Ordizian zeuden indar errepublikarrek atzera egin zuten, Tolosarantz, eta tropa nazionalek erresistentzia gutxirekin hartu ahal izan zuten herrigunea, azkenik, abuztuaren 1ean.
Errepublikaren aldeko borrokalariek Alegi-Orendain-Gaintzan ezarri zuten defentsa lerroa. Cayuelak 1.000 soldadu inguru zituen ordurako Goierrin. Bi taldetan banatu ziren hauek. Batak, Aldir komandantearen agindupean, Itsasondo ingururantz jo zuen. Beste batek, Baeza kapitainaren pean, Zaldibia, Abaltzisketa eta Gaintza zituen jomugan. Gaintza helburu garrantzitsua bihurtu zen nazionalentzat. Ordizia kontrolatzen zen hortik.
Gual komandanteak jaso zuen Gaintza erasotzeko agindua. Errepublikaren aldeko indarrek mortero bat zuten hemen, ordea, eta tropa nazionalen erasoa geldiarazi zuten, egun batez. Nazionalek, hurrengo egunean eta 250 falangista gehiagoren laguntzaz, Gaintza hartu zuten.
Fronte lerroa egonkortuta
Fronte lerroa Beasaindik Brinkolara hedatu zen. Errepublikarren aldetik Ormaiztegi, Gabiria eta Legazpi ziren fronte lerroan zeuden herriak. Nazionalak Seguran, Mutiloan, Beasainen, Zegaman, Zerainen* eta Idiazabalen zeuden. Milizianoek ez zuten fronte lerro guztia defendatzeko armarik. Belokin eta Irimon zegoen bigarren defentsa lerroa. Hemen egoera antzekoa zen.
Donostia hartu ondoren, irailaren 17an hasi zuten tropa frankistek Gipuzkoa erdigunea konkistatzeko erasoaldia. Tejero buru zuen taldea Donostiatik Beasainera joan zen, eta Ormaiztegi hartu zuen, erresistentzia gutxirekin. Defentsan aritu zirenek trenbidearen zubia txikitu zuten, faxisten igaroa moteltzeko. Hala ere, hauek Gabiria hartu zuten ondoren, eta Atagoitirantz jo zuten gelditu gabe.
Irailaren 19an, frankistek fronte osoan ekin zioten erasoari. Tejeroren soldaduak Legazpirantz abiatu ziren, Belokiko defentsa lerrora iritsiz. Ezkion zuen Tejerok aginte gunea. Belokiko gurutzearen maldan ezarri zen erresistentzia gune garrantzitsuena, baina tropa nazionalek, bi aldetatik jota, ezustean harrapatu zituzten milizianoak eta gudariak. Faxistak Eitzatik etorriko zirela uste zuten, baina Izazpitik joanda, bizkarretik harrapatu zituzten. Trintxerak borrokan hartu zituztela diote iturri batzuek, eta defendatzaileak Aizpuru baserritik behera Aizpurutxurantz ihes egin zutela. Egun horretan Legazpi hartu zuten, baita Brinkola eta Telleriarte auzoak ere, horiek gehiago kostata.
Hurrengo egunean, Tejeroren menpeko tropek jada inguratuta zituzten Zumarraga eta Urretxu okupatu zituzten. Gelditu ere egin gabe Deskargarantz jo zuten. Goierri osoa hartu zuten horrela, aro beltz eta luze bati hasiera emanez. Borrokaldiei dagokienez, neguaren etorrerarekin batera fronte lerroa Elgetan ezarriko zen. Intxortako gudua hastear zegoen.
Sail honetako artikuloak • Gogoratzearen garrantziaz
Istorio txikien historia
Historia letra larriz idazterakoan istorio txiki asko aurki daitezke barrenean. Goierrin ere 36ko Gerrak pasarte asko utzi zuen, gehienak ere mingarriak. Kronika orokorrak irakurrita, Goierri erresistentzia handirik gabe hartu zutela irakur daiteke. Borrokaldi luzerik egon ez arren, borrokaldiak izan ziren, eta horiekin batera sufrimendua ere iritsi zen. Goierritarrek, halaber, eskualdetik kanpo fronte askotan jardun zuten gudan. Hona hemen pasarte batzuk. Ataunen, adibidez, zuhaitzak bidean gurutzatuta saiatu ziren faxistei bidea mozten. Beasaindik etorritako errepublikarrek, berriz, Kaxetako zubia bota zuten dinamitarekin, faxistak Lizarrustitik behera San Gregoriora sar ez zitezen. Zumarragan ere, bi zubi bota zituzten Aizpurutxurantz ihesean. Goierriko beste zubi batek historia tristeagoa du, ordea. Frankisten erasoa oztopatu nahian, errepublikarrek Ormaiztegiko zubia ere bota zuten. Zumalakarregi museoko Mikel Alberdiren arabera, dinamitaz saiatu ziren lehenik, baina ezin izan zuten. «Burdinazko egitura irekia zen eta saiatu arren ez zuten lortzen». Bergaran siderurgia enpresa bat zegoen eta bertako langileei sopleteekin bota zezaten eskatu zieten. Langile horiek 1936ko irailaren 15etik 16ra bota zuten zubia, bi lekutatik moztuta. Frankistek, ordea, egun oraindik ere ikus daitezkeen zementuzko oinarriak jarri zizkioten, eta igarotzea lortu zuten, baina eraisketak min eman zien. Horren erakusle da ondoren gertatu zena. Faxistek Bergarako langileek zubia botatakoan ateratako argazkia topatu zuten eta zigor moduan, argazkian zeuden langileetariko batzuk harrapatu, eta zubi azpian fusilatu zituzten, tartean zumarragar bat gutxienez. Goierrin eta kanpoan Guda pasarteez gain, herritarrek zapalkuntza ere jasan behar izan zituzten okupazioan zehar eta ondorengo urteetan. Soldadu frankistek herritarrak eskua altxatzera gonbidatzen zituzten, armekin mehatxu eginaz. Ataungo Sutegi etxe ondoan zegoen ume batek agur egin nahi ez ziela, eta kamioiak gelditu zituzten umeari eskarmentua emateko. Harrapatzea lortu ez, eta etxeari su eman nahi zioten. Herriko karlista batek baretu zuen amorrua. Irailaren 9an, ordea, Etxarri Aranazko alkatea Ataunera joan zen, besteak beste, hainbat emakumeri ilea mozteko asmoz. Zapalkuntzaren sinboloa zen hori. Herriko plazan ilea moztu zioten lehenengo emakumea Sutegikoa zen. Goierritarrek gerran bizitako pasarteez hitz egiterakoan ezin da gure eskualdera mugatu. Horren erakusle da 26 urteko urretxuar baten kasua. Galdames itsasontzian hil zen, 1937ko martxoan, Matxitxako inguruan. Baionatik Bilboko fronterantz zihoazen Euskal Itsas Gudarosteko Gipuzkoa, Bizkaya, Nabarra eta Donostia Bou itsasontzien babesean. Canarias gerraontziarekin topo egin zuten, ordea, eta Nabarra eta Gipuzkoa Bouek egin zioten aurre. Arrantzontziak ziren, gerrarako moldatuak. Espainiar gudaontziak, Gipuzkoa itsasertzera joatera behartu zuen, kaltetuta, eta Nabarra, aldiz, hondoratu egin zuen. Kronika batzuen arabera, kapitainak, lehen ofizialak eta sukaldariak itsasontziarekin hondoratzea erabaki zuten. Beste 30 marinel inguru hil egin ziren, eta gainontzekoei heriotz zigorra barkatu egin zieten erakutsitako ausardiagatik. Galdames itsasontzia gatibu hartu zuten, baina kainoikada bat ere bota zioten eta lau pertsona hil zituzten. Hauetako bat gazte urretxuar bat zen.Sail honetako artikuloak • Gogoratzearen garrantziaz