Migel Irizar: «Munduko apezpiku gazteenetakoa izan nintzen»
Migel Irizar (Ormaiztegi, 1934) urte luzetan gotzain izan da Perun. Duela gutxi hartu du erretiroa, eta maiatzean Euskal Herrira etorri zen. Dena den, Amerikara itzultzeko asmoa du. Noiztik datorkizu bokazioa? Mutil koxkorra nintzela, parrokian akolito izan nintzen. Apaizaren lana gustatzen zitzaidan. Gainera, nire osaba pasiotarra zen, Gabiriako eskola hementxe genuen… Hara joan nintzen, 11 urterekin. Nobiziatua Araban egin nuen, Angoston. Filosofia eta Teologia, berriz, Urretxun ikasi nituen. Oso gazte nintzela ordenatu nintzen, 23 urte bete gabe, Arantzazun. Erroman Gizarte Zientziak ikasi nituen eta hemen geldituko nintzela uste nuen, irakaslea izango nintzela, baina Liman nire beharra zutela esan zidaten. 25 urte nituen joan nintzenean. Espero zenuena aurkitu al zenuen? Pasiotarrak oihanera joaten ginen, misioetara, baina ni Liman utzi ninduten. Hango Unibertsitate Katolikoko irakaslea izan nintzen. Ondoren, Bilbora bidali ninduten, pasiotarren kurian aholkulari lana egitera. Hiru urtera Perura itzuli nintzen. Oihanean egon nintzen, eta ondoren gotzain izendatu ninduten. Nolakoa izan zen oihaneko esperientzia? Oso berezia. Peruko inguru aberatsenetik pobreenera pasatu nintzen. Ez zegoen argindarrik eta telefono bakarra zegoen. 17 urte eman nituen abenturazko turismoa egiten. Han ez dago jakiterik egunak zer ekarriko duen: bero handia egiten du, eta bizitza gogor samarra da. Ibaia besterik ez dago. Ibaia da hango autopista. Libre ginen gehien [...]
Migel Irizar (Ormaiztegi, 1934) urte luzetan gotzain izan da Perun. Duela gutxi hartu du erretiroa, eta maiatzean Euskal Herrira etorri zen. Dena den, Amerikara itzultzeko asmoa du.
Noiztik datorkizu bokazioa?
Mutil koxkorra nintzela, parrokian akolito izan nintzen. Apaizaren lana gustatzen zitzaidan. Gainera, nire osaba pasiotarra zen, Gabiriako eskola hementxe genuen… Hara joan nintzen, 11 urterekin. Nobiziatua Araban egin nuen, Angoston. Filosofia eta Teologia, berriz, Urretxun ikasi nituen. Oso gazte nintzela ordenatu nintzen, 23 urte bete gabe, Arantzazun. Erroman Gizarte Zientziak ikasi nituen eta hemen geldituko nintzela uste nuen, irakaslea izango nintzela, baina Liman nire beharra zutela esan zidaten. 25 urte nituen joan nintzenean.
Espero zenuena aurkitu al zenuen?
Pasiotarrak oihanera joaten ginen, misioetara, baina ni Liman utzi ninduten. Hango Unibertsitate Katolikoko irakaslea izan nintzen. Ondoren, Bilbora bidali ninduten, pasiotarren kurian aholkulari lana egitera. Hiru urtera Perura itzuli nintzen. Oihanean egon nintzen, eta ondoren gotzain izendatu ninduten.
Nolakoa izan zen oihaneko esperientzia?
Oso berezia. Peruko inguru aberatsenetik pobreenera pasatu nintzen. Ez zegoen argindarrik eta telefono bakarra zegoen. 17 urte eman nituen abenturazko turismoa egiten. Han ez dago jakiterik egunak zer ekarriko duen: bero handia egiten du, eta bizitza gogor samarra da. Ibaia besterik ez dago. Ibaia da hango autopista. Libre ginen gehien komeni zena indartzeko: ebanjelizazioa, hezkuntza… Aroztegi eskola ireki genuen.
Ondo moldatzen al zineten indigenekin?
Misioetako garaia nire eskolarik onena izan zen. Han oso pozik nengoen, eta ez nuen uste handik aterako nindutenik; baina Limako portura bidali ninduten: Callaora. Beste mundu bat, Liman zazpi milioi pertsona bizi baitira. 38 urte nituen. Paulo VI.ak izendatu ninduen gotzain! Setien baino apur bat lehenago ordenatu nintzen! Egungo Aita Santuak orain bete ditu 35 urte gotzain: nik berak baino urte gehiago eman ditut!
Ormaiztegin poz ederra hartuko zuten gotzain ordenatu zintuztenean.
Ordenatu ondoren herrira etorri nintzen, eta garai hartako egunkari guztietan atera nintzen. Munduko apezpiku gazteenetakoa izan nintzen. On Gaspar parrokoa hemen zen oraindik, eta ni bere akolitoa izan nintzen.
Zer moduz Liman?
Oihanetik atera nintzenean negar egin nuen. Dena den, ondo moldatu nintzen. Liman bizimodua errazagoa da, eta egitasmoak aurrera ateratzea ere bai. Eskola asko egin ditugu. Sukaldariena, adibidez. Gaston Acuriok lagundu digu. Sukaldari oso ona da, eta Arzak laguna du. Bestalde, hemengo enpresa handienak han daude. Hau guztia lortzeko laguntza handia izan dugu, baita Espainiarena ere. Arrasatera (Gipuzkoa) ere etorri nintzen, hemengo esperientzia gertutik ezagutzera. Arizmendiarrieta ezagutu nuen.
Hezkuntza al da premia larriena?
Ezin diegu behar duten guztiei eskola eskaini, baina hartzen ditugunak ondo irteten dira: lanarekin.
Zer moduz moldatu zara Peruko gobernuarekin?
Ondo. Pasatu diren presidente guztiak ezagutu ditut. Fujimorirekin gainontzekoekin baino okerrago moldatu nintzen. Hasieran txukun samar aritu zen, baina gero ustelkeria nagusitu zen. Gainera, autoritarioa zen. Urte hauetan guztietan okerrena Sendero Luminosoren hilketak eta militarren gehiegikeriak izan dira. Eta Fujimorik 150.000 emakume gazte antzutu zituen. Gehienak indigenak ziren.
Zein da egungo egoera?
Peru ondo doa. Azken zortzi urteotan ekonomiak gora egin du. Garai batean baino segurtasun handiagoa dago, bai ekonomikoki eta bai juridikoki. Behartsu asko dago oraindik, baina mugako pobreziak behera egin du eta klase ertainak gora.
Herri gatazkatsu ospea du.
Ez da hemendik dirudien bezain gatazkatsua. Baina arazorik ez da falta. Esan bezala, ekonomiak gora egin du eta horrek beste arazo batzuk ekarri ditu. Europako ereduak gauza onak ditu, baina baloreetan ere aurrera egin behar da. Gainera, narkotrafikoarekin arazo handia dugu. Koka asko ekoizten da eta narkotrafikoa dagoen tokian indarkeriarik ez da falta. Arazoa konpontzen saiatzen ari dira, baina Peru oso handia da: Espainia hiru aldiz.
Zein dohain behar ditu gotzain on batek?
Nire ustez, oihanean lan egiteak asko lagundu zidan. Artzain on bat izateko, jendearengandik hurbil egon behar da. Entzuten jakin behar da.
Perura itzultzeko asmorik ba al duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Nire mundua han dago. Oihanean misiolari izan naiz, Latinoamerikako elizan kargu asko izan ditut, 42 urtetan gotzain izan naiz… Aurki 100 urte beteko dira pasiotarrak Peruko oihanera heldu ginela, eta memoria historikoa idatzi behar dut.
Perun 50 urte daramatzazun arren, ez duzu euskara galdu.
Erraztasuna galdu dut, baina beste batzuek hizkuntza galdu dute. Nongoa naizen galdetzen didatenean, Ormaiztegikoa naizela esaten dut beti. Ez diet esaten Gipuzkoakoa edo Donostiakoa naizela.
Nola ikusten duzu Ormaiztegi?
Aldatu egin da, baina ez da asko hazi. Irizar enpresa mundu osoan ezaguna da. Autobus berria Brasilen aurkeztu zutenean, gonbidatu egin ninduten. Perun Irizar markako autobus bat ikusten duten bakoitzean, ea zenbat diru irabazten dudan esaten didate. Nire familiak sortu zuen enpresa, eta aitonak eta aitak bertan lan egin zuten. Niri ere bertan lan egitea zegokidan, baina apaiz sartu nintzen.
Nola ikusten duzu Euskal Herria?
Badakit kezkatuta zaudetela, ekonomia dela eta. Lanik ez egotea kezkatzekoa da. Geroz eta behartsu gehiago dago, Caritasek duen lana ikustea besterik ez dago. Bizimodurik onenera ohitu zarete, eta hori galtzea gogorra da. Bestalde, gazteak gutxi joaten dira elizara. Ez dakigu zer gertatuko den elizarekin. Ebanjelizazio lana hasi beharra dugu berriro, baina zenbat jende dugu horretarako?