Irailaren 26an, greba orokorra
Goierriko ELA eta LAB sindikatuek irailaren 26rako greba orokorrerako deia egin zuten, atzo. Lau prentsaurreko eskaini zituzten eskualdean, bakoitzak bina, bere aldetik. Mezua, ordea, bat eta bera eman zuten: egun osoko lanuztea egitea «beharrezkoa» da. Bankari laguntzeko dirua murrizketak eginez ari dira ateratzen administrazioak, eta herritarrak eta langileak dira ordaintzaile. Murrizketa gehiago iritsiko diren susmoa agertu dute.
Greba egunean, 12:00etan herrialdeko manifestazioa Donostian egingo dute sindikatu deitzaileek —ELA, LAB, CNT, ESK, STEE-EILAS, CGT, EHNE eta Hiru—. Goierritarrei Anoeta estadiora joateko eskatu diete 11:30erako, hango zutabean erdigunera joateko.
Arratsaldean, eskualdekako manifestazioak izango dira. Goierrin, 18:00etan hasita, Beasainen (Zubimusu plazatik) eta Zumarragan (Euskadi plazatik) irtengo dira. Legazpin ere egitko eskaera bada; atzo ziren erabakitzekoak.
Greba «beharrezkoa»
ELAk sindikatuak irailaren 26ko grebak erantzun zabala izatea «beharrezkotzat» jo du, eta, hortaz, Goierriko langileriari dei egin dio antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzeko.
Aitor Goenaga Goierriko ELAko arduradunak Urretxun esan duenez, «gobernuaren politikak ez dira aldatu, eta beste batzuek sortutako krisia langileak ari gara ordaintzen». Azken hilabeteetako gizarte murrizketa «handiak» aipatu zituen Oria-Goierriko ELAko zerbitzuetako arduradun Ana Alkortak, «etorkizunean murrizketa eta erreforma gehiago» egingo dituztela ziurtatuz. «Besteak beste, pentsioen murrizketak aipatzen ari dira».
Testuinguru horretan, ELAk bestelako aukerak eskaintzen dituela adierazi zuen Alkortak, «beste eragileekin» elkarlanean jarraitzeko ideiari eutsiz. Bestalde, Euskal Herriko politikariei «murrizketak hemen ez aplikatzeko eta politika fiskalak eta sozialak aldatzeko» dei egin diete, krisitik ateratzeko bide zuzena dela argudiatuta.
Datozen egunetan eskualdean garatuko dituzten ekimenak zerrendatu zituen Goenagak. Goierriko herrietan informazio kanpainak egiten hasita dago ELA, «pankarta bitartez edo herri bilerak eta enpresetan batzarrak deituz». Hilaren 22an, Donostian Gipuzkoa mailako manifestazioa egingo dela eta, Goierritik autobusak antolatuko dituzte.
Amaitzeko greba aurreko egunetan enpresa txikietan piketeak informazioa banatzen ariko direla aipatu zuen, eta greba egunean bertan ohiko egitaraua mantenduko dutela: piketeak goizean, herrialdeko manifestazioa eguerdian Donostian, eta eskualde mailakoak arratsaldean.
Herritarrentzat «miseria»
Greba orokorra «justifikatuta» agoela eta «beharrezkoa» dela azaldu du, bere aldetik, Goierriko LABek. Finantza sistema erreskatatzeko administrazioa murrizten ari den saldoak 102.000 milioi euroko balioa du, LABen datuen arabera. Horri bankari emango zaizkion 100.000 milioiak gehituta eta orain arte jaso dituen 146.000 milioiak kontuan hartuta, «oinarrizko zerbitzuak bermatzeko» funtsa gutxituko du.
«Diru publikoa bankuei oparitu, eta herritarrentzat murrizketak, erreformak, pribatizazioak, zerga igoerak eta soldata jaitsierak datoz. Hau da, miseria», esan du LABeko Usua Lasak.
Letorkeen lehen erreskatearen ondoren, «Estatuaren interbentzioa eta inposatuko dituzten neurriak» negoziatzen ari direla salatu du LABek. Greba «orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko handiena» gertatu delako planteatu dute, eta Euskal Herriko erakundeengana zuzendu du kritika LABek, EAEko eta Nafarroako gobernuek «murrizketa-politika berdinak aplikatzen jarraitzen dutelako».
LABen iritziz, euskal gobernuak politikak diseinatzen «kapitalaren zerbitzura eta agindura» ari dira, «Madrildik inposatuaren derrigortasunean ezkutatuta».
«Beste aukerarik badago»
«Alternatiba» badagoela eta posible dela erantsi du Lasak, hiru ardatzen gainean jardunez gero: Espainiako Gobernuaren erabakiak ez aplikatu; euskal instituzioen aurrekontuetan ezarritako murrizketak bertan behera utzi; eta krisitik ateratzeko politikak sortzerakoan «plan instituzional integrala» indarrean jarri.
Bestetik, lau eskaera aldarrikatu ditu LABek: bankari diru gehiago ez, euskal instituzioek murrizketak ez aplikatzea, politika publikoak «errotik» aldatzea, eta «behingoz» euskal instituzioak gizartearen zerbitzura jartzea. «Madrildik ez badute uzten, neurrien menpeko ez izateko erabakia behingoz hartu behar da, miseria sortu besterik ez eta behar ditugun konponbideetatik urruntzen gaituztelako neurri horiek».
Administrazioa «inposatzen» ari den neurri sorta sei multzo nagusitan bereizi dituzte sindikatuek—ikus ondoko zerrenda—. «Neurri horiek gizartea geroz eta gehiago txirotuko dute, eta krisiari soluziorik ez diote emango», esan du LABeko Haizea Mendiak.