Mendijur 21 urte zituela hil zen Eitzagako aldapan behera, lasterketa batean parte hartzen ari zela.
Amelio Mendijur txirrindularia izateko jaio zen. Lortu zuen, txirrindularia izan zen, bere garaiko onenetakoa, eta mito izatera ere iritsi zen. Baina, mito gehientsuenak bezala, laburra izan zen bere bizitza, eta bere ibilbide profesionalean onenean zegoela amaitu zen dena beretzat. 17 urte zituen txirrindularitzan nabarmentzen hasi zenean, eta 21 urte Eitzagako aldapan behera bizia galdu zuenean.
Agustin Aizpuru zumarragarrak ondo ezagutu zuen Mendijur, «Rodriguezenea tailerrean lan egiten zuen gazte arrunt bat zen eta han hasi zen bizikletarekiko bere zaletasuna pizten». Garai hartan txirrindularitzarako afizioa handia zen. Mendijurrekin lan egiten zuten, orduan lasterketetan hasi berriak ziren Anjel Askasibar urretxuarrak eta Jesus Errazu aizpurutxoarrak. Alejandro Ejea ere lankide zuten, eta hark lagunduko zion gerora ziklo-kroseko entrenamenduak prestatzen.
Zumegileen aldapako denda
Agustin Aizpuruk garai hartan ireki zuen bere txirrindu denda Zumegileen aldapan; 1960. urtea zen. «Hogei metro koadroko lokal txiki bat zen. Lantoki izateaz gainera, herriko txirrindulari eta zaletu askoren topagune ere bihurtu zen». Han sendotu zen bien arteko harremana. «Goierrirekin aritzen zen lasterketetan Mendijur, baina bizikleta konpontzera niregana etortzen zen. Bestelako giroa genuen bertan, gazteak ginen», dio.
Mendijurri buruz galdetuta, pertsona irekia zela oroitzen du Aizpuruk dirdira begietan, «besteekiko aurreiritzirik gabekoa, gertukoa zen», gaineratu du. Txirrindulari bezala, errepideko bizikletan eta ziklo-krosean aritu zen, baina markarik onenak azken modalitate honetan egin zituen. Lasterkari bezala, «ez zen elegantea, baina indarra zuen. Ziklo-krosean bizikleta bizkar gainean korrika egin behar zenean, ez zuen parekorik», dio.
1964an Espainiako ziklo-kros txapelketa irabazi zuen, eta urte bete beranduago, 1965ean, Italian jokatu zen munduko txapelketan bosgarren egin zuen. Urte hartan, ezin izan zuen Beran (Nafarroa) egin zen Espainiako txapelketa bigarrenez irabazi. «Irabazteko aukera garbiak izan zituen. Lehenengo zihoan, baina matxura txiki bat izan zuen eta ondorioz, Jose Luis Talamillok aurrea hartu zion. Azkenean, bigarren gelditu zen».
Errepideko bizikletarekin ere egin zituen hainbat ekintza gogoangarri. Arrateko igoeran, erlojuz kontrakoan, adibidez, Jacques Anquetilen aurretik amaitu zuen. «Ikaragarria izan zen, Anquetilek ordurako bost Tour irabaziak zituen, eta Mendijur oraindik ez zen profesional mailan ere aritzen».
Azkeneko bi urteetan Kas taldean aritu zen Mendijur. Garai hartako talde indartsuena zen. «Iburretan egin zuen Mendijurrek Kasekoekin fitxatzea», oroitzen du Aizpuruk. Luis Urdangarin Antton Barrutia txirrindulariaren laguna zen. «Barrutia Dalmacio Langarika Kaseko zuzendariarekin etorri zen Zumarragara. Urdangarinen bitartez jakin zuten Mendijur nire dendan aurkitu zezaketela». Eta hala joan ziren Iburretara kontratua sinatzera.
Mendijur garai hartako idolo bihurtu zen. Jarraitzaile ugari zituen eta Zumarragatik eta Urretxutik autobusak betetzen zituzte bera ikustera joateko. Hura ikusita, Beasaingo munduko txapelketako antolatzaileek Mendijurrentzat propio egindako zirkuitu bat antolatu zuten. Faborito nagusia zen, baina ezin izan zuen inoiz proba hartan parte hartu. Hilabete batzuk lehenago hil zen Bergarako txapelketan parte hartzen ari zela. Eitzagako aldapan behera zioan, matxura batzuk izan eta gero atzean gelditu, eta aurretik zuen pelotoia harrapatzeko lanean. Pazko bigarrena zen, egun horretan hil zen txirrindularia, eta une berean jaio zen mitoa.
Bizikleta zaleentzako probak antolatu ditu Goierrik asteburuan
Urretxuko Goierri kirol elkarteak antolatuta makina bat proba izango dira asteburu honetan bizikleta zaleentzat. Goierriko zikloturista taldeak antolatuta, mendiko bizikleta proba egingo dute bihar goizean eta errepideko zaletuentzat beste bat igandean. Bihar arratsaldean jokatuko da, bestalde, Amelio Mendijurren omenezko txirrindulari proba.
XX. Mendi Bizikleta Proba 10:00etan irtengo da Areizaga-Kalebarren plazatik, eta nahi duten zaletu guztiek hartu ahal izango dute parte bertan. Baita igandean egingo den elkarte arteko zikloturista proban ere. Leku beretik irtengo da, 09:00etan.
Amelio Mendijurren omenezko txirrindulari probak, bestalde, 31. aldia beteko du aurten. 60. hamarkadan herriko idolo bihurtu zen txirrindulari hura omentzeko proba izango da. Javier Garcia de Andoin elkarteko lehendakariak zehaztu duenez, «junior mailan jokatuko da. Eta hamar edo hamabi talde ezberdinetako 60 bat txirrindulariren parte hartzea espero dugu». 16:00etan emango diote hasiera lasteketari elkartearen egoitza parean.
Elkartetik iazko proban Izaro Lasa txirrindulari zumarragarrak izan zuen istripu larria gogorarazi nahi izan dute. Lasa guztiz osatuta dago izandako lesioengatik. Elkartetik «familiari gure poztasuna adierazi nahi diogu horregatik», amaitu du.