«Murrizketen bidetik jarraituta, ez gara gurpil ero honetatik aterako»
Hauteskunde kanpainaren zurrunbiloan buru-belarri sartuta dabil Mikel Arana (Ordizia 1973), Ezker Anitza alderdiaren lehendakari gaia. Irratiko elkarrizketa batetik atera berritan, eta beste ekitaldi batera joan aurretik erantzun die Goierriko Hitzaren galderei. Eusko Legebiltzarrean bosgarren indar moduan toki bat lortu nahi dute, ezkerreko politikak eta ezkerreko alderdien arteko elkarlana bultzatzeko.
Banaketa prozesu batetik dator Ezker Anitza. Atomizazio horrek ez al ditu ezkerreko alderdiak ahultzen?
Egia da ezkerrak banaketarako joera handia duela eta ahalegin bat egin behar dugula ahalik eta indartsuen agertzeko, baina komeni da gogoratzea zergatik izan zen haustura hori. Gogoratu behar da Ezker Batuaren izenean, pertsona batek, Javier Madrazok hain zuzen ere, zer nolako negoziazioa egin zuen Araban. Bertan geunden hainbat kidek erabaki genuen horrelako zintzotasun falta duen ordezkari batekin ezin politikarik egin. Beraz, kasu honetan behintzat, ezkerraren banaketa baino gehiago izan da zintzotasunaren banaketa bat.
Badirudi lau bloke nagusiren artean banatuko dela pastela. Zuek alderdi txikia izanda, ordezkaritza lortzea izango da zuen erronka nagusia.
Hemen interes garbi bat egon da, komunikabideen eta alderdi handien partetik, Euskadi lautan banatu daitekeenaren itsura emateko. Baina bost lagun baino gehiago dituen edonork daki Euskadi ezin dela lau zatitan bakarrik banatu. Gure ustez ezinbestekoa da ezkerreko alderdi bat egotea, independentista ez dena, nahiz eta autodeterminazio eskubidea defendatu. Gure ustez badago bosgarren esparru bat, eta hori Ezker Anitzak ordezkatzen du.
Alderdi ikuspegia alde batera utzita, zer dago jokoan hauteskunde hauetan?
Bi gauza daudela jokoan. Batetik ea ezkerreko alderdiak gai garen hiritarra politikaren erdigunean kokatzeko; eta ezkerrak gehiengoa badu Eusko Legebiltzarrean, hori izango da gure ahalegina; ezkerreko alderdien artean komunikazio bat eta elkarlan bat bultzatzea, eskuineko politikei aurre egiteko. Bestetik, datorren legealdia bakearen eta normalizazioaren legealdia izango da. ETAk duela urtebete erabaki zuen ez zuela bere ekintzekin gehiago jarraituko, eta zentzu horretan, aurrerapauso batzuk eman ditugu eusko legebiltzarrean, gutxieneko printzipio etiko batzuk ezarriz; eta ezker abertzaleak bat egiten badu printzipio horiekin, nik uste bide onean egongo garela.
Orain arte alderdien arteko banaketa abertzale eta ez abertzaleen artean egin izan da; zuek ordea, ezker eta eskuin ardatza aipatzen duzue.
Herri honetan urte askoan egin izan da abertzaleen eta ez abertzaleen arteko banaketa. Baina banaketa horrez ondorioz, askotan eztabaida soziala bigarren plano batean gelditu da. Krisialdi ekonomiko honek ikuspegi hori aldatzea eskatzen du, eta ezker-eskuin ardatzean kokatzea eztabaida; ze murrizketek, ikurrinarekin egin edo Espainiako banderarekin egin, eragin berdina dute herritarrengan. Horregatik, ezker-eskuin ardatzera bueltatu nahi dugu, Europako eta mundu osoko beste herrialdeetan bezala. Zentzu horretan, ezkerreko alderdi guztiei egiten diegu gonbitea, geure arteko antzekotasunak bilatzeko. Horrek ez du esan nahi, noski, autodeterminazioaren inguruan sakondu behar ez dugunik eta konponbide bat bilatu behar ez dugunik. Baina inkestek azaltzen dute euskal hiritarren lehentasuna ez dela hori momentu honetan; lehentasuna egoera ekonomikoa da, pentsioak, hezkuntza eta osasun publikoa, prestazio sozialak… eta horren inguruko eztabaida egin nahi dugu.
Krisiak ere itzal luzea ekarri du. Zuek zein proposamen egiten duzue egoera ekonomikoari aurre egiteko?
Guk batez ere bi proposamen zehatz egiten ditugu. Batetik, politika fiskala aldatzea, gehien duenak gehien ordain dezan; bestetik, iruzur fiskala desagertarazi behar da. Euskadin iruzur fiskala bukatuko balitz, ez litzakete murrizketarik egin beharko; guztira 2.400 milioi euro gehiago izango genuke diru kutxa publikoan, hau da, EAEko aurrekontuaren %20 gehiago. Administrazio publikoak ekonomiaren motorra izan behar du; horregatik langabeziaren kontrako plan bat egitea proposatzen dugu, inbertsio publikoak eginez irakaskuntzan, osasunean, azpiegituretan eta jasangarritasunean. Horrek hainbat jende langabeziatik ateratzea ekarriko luke, eta ondorioz, baita kontsumoa handitzea ere.
Arlo sozialean, nola ikusi dituzue orain arte ekonomia arloan egin dituzten murrizketak?
Murrizketen bide hau jarraitzen bada, ez gara inoiz gurpil ero honetatik aterako; azkenean murrizketek kontsumoaren jaitsiera dakarte, horrek diru sarreren jaitsiera eta horrek, era berean, murrizketa gehiago aplikatu beharra. Gure ustez administrazioak ezin du murrizketa politika horrekin jarraitu; egin behar duena kontrakoa da: diru gehiago izan prestazio gehiago eman ahal izateko. Hiritarrek jakin behar dute egungo zor publikoa ezin dela ordaindu. Ezinezkoa da. Eta beraz, egin beharko dena da, troika delakoaren aurrera joan eta esan: ‘aizue, gu ez gaude zor hau ordaintzeko prest; birnegoziatu egingo dugu’. Bere garaian Hego Amerikako herriek Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean egin zuten moduan. Hori da krisialditik ateratzeko modu bakarra, eta ez merkatuen eta troikaren aurrean belauniko jartzea.
Murrizketez ari garenez gero, Madrilgo gobernuak iragarri du AHTren lanetarako aurrekontua murriztu egingo duela. Zer iruditzen zaizu?
Abiadura Handiko Trenarekin gertatzen dena da, inoiz ez zela martxan jarri behar. Batetik, sekulako dirutza kostatzen delako, eta bestetik, ingurumenari egiten dion kalteagatik. Edo gai gara azpiegituren inguruan benetako herri ikuspegi bat izateko, eta erabakitzeko zer nolako azpiegiturak behar ditugun, edo bestela hor izango dugu sekula bukatuko ez den tren bat, milaka milioi euro kosta izan zaiguna. Azkenean egin egingo da, baina begi bistakoa da ez diola euskal hiritarrari batere mesederik egingo.
Zaborra da pil-pilean dagoen beste gaietako bat, batez ere Gipuzkoan. Zer proposatzen duzue?
Gure proposamena erraustegirik ez egitea da. Erraustea ezin da soluzioa izan, eta aurkitu behar dugu modua zaborra erretzea beharrezkoa izan ez dadin. Horretarako aukera bakarra, zabor gutxiago sortzea eta gehiago birziklatzea da. Hori da gure propo- samena; hortik aurrera, hiritarrek aukeratu behar dute zein bilketa sistema nahi duten, izan atez atekoa, bosgarren edukiontzia edo beste ereduren bat. Hiritarrek parte-hartze handiagoa izan behar dute, eta Gipuzkoan eta Goierrin pil-pilean dagoen gai honetan uste dugu ezinbestekoa dela hiritarrek erabakitzea zein bilketa mota nahi duten.
Euskararen Legeak 30 urte bete ditu. Zer da egin dena eta zer dago egiteko?
Une honetan gehien kezkatzen gaituena ez da euskararen ezagutza, ikusten delako belaunaldi berrien euskara menperatzen dutela, eta guraso gehienek A eta B ereduak alde batera utzi eta D ereduaren aldeko apustua egin dutela. Kontua da oso jende gutxik erabiltzen duela euskara eguneroko bizitzan. Horretarako guretzat ezinbestekoa da belaunaldi gazteen eta belaunaldi zaharren artean dagoen zulo hori estaltzea. Eta hori nola lortzen den? Ba belaunaldi zaharrenak ere euskaldunduz. Horretarako ezinbestekoa da guretzat helduen euskalduntzea indartzea. Guk egiten dugun proposamena da euskaraz ikasi nahi duen inor ez dadila ikasi gabe gelditu baliabiderik ez duelako. Pertsona horientzat euskaltegiak debalde izan behar lirateke, Eusko Jaurlaritzak ordainduta. Horrela uste dugu ezagutza ez ezik, erabilera ere zabaldu egingo litzatekeela, eta euskaldunok, egunerokoan euskaraz bizitzeko aukera gehiago izango genukeela.