Fernando Fariñas: «Independentzia ezin daiteke aurkeztu panazea balitz bezala»
Fernando Fariñas (Zumarraga, 1971) PSE-EEren hautagaia da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Zumarragako Udaleko lehenengo alkateordea, eta Ogasun, Lan publiko, Industria, Ingurumen eta nekazaritza batzordeetako burua da. Ingeniari teknikoa eta psikologoa da ikasketaz, eta urtetan ArcelorMittal enpresan lan egin du, Zumarragan. Alderdi sozialistarekiko lotura «etxetik» datorkio.
Nolatan eman zenuen hautagai gisa aurkezteko urratsa?
Aita betidanik egon da PSE-EEra afiliatua. Ikasketak amaitzean ni ere alderdi sozialistako kide egin nintzen. Orain lau urte, Anton Arbulu Zumarragako alkate sozialista ohiak kargua utzi zuenean, zerrendan hurrengoa nintzen eta zinegotzi izatea egokitu zitzaidan. Nire ekarpena egiteko hautua egin nuen. Egun politikatik urrundu egiten da jendea eta nik uste dut kontrakoa egin behar dela: hurbildu.
Patxi Lopez lehendakari izan den legealdiko zein balorazio egiten duzu?
Sozialistok ilusio handiz ikusi genuen Patxi Lopez lehendakari kargua hartzen. Denbora luzean borroka egin dugu, eta une horretan gure herriagatik borrokatzeko unea iritsi zela sentitu genuen. Krisi ekonomikoa areagotu egin zen Lopezek lehendakaritza hartu zuenean. Zaildu egin zen alor publikoaren kudeaketa, ez baita erraza gutxiagorekin berbera egitea. Nolanahi ere, gure balorazioa positiboa da. Bestalde, Madrilen eta Gasteizen gobernu sozialista bana aldi berean egon izanak bakearen bidean lagundu duelakoan nago. Aitzitik, denbora gutxi izan dugu Euskal Herriko lema gobernatzeko.
Zergatik aurreratu ditu Patxi Lopezek hauteskundeak?
PPk gobernuaren egonkortasunerako ituna hautsi zuenean, egoera ekonomikoa ikusita, hauteskundeak aurreratu zituen. Hautesleek krisi ekonomikoari aurre egingo dion gobernua aukeratu beharko dute. Egonkortasunaren alde deitu zituen bozak Lopezek.
Ezker abertzalea aurkeztuko da hauteskundeetara. Zer deritzozu?
Normaltasun demokratikoaren seinale da. Herrialde batek aurrera egingo badu aukera guztiekin izango da. Niretzat positiboa da. Are garrantzitsuago, ezker abertzalea aurkeztea beste indarrak jazarrita ez gaudenaren seinalea ere bada.
Zeintzuk dira alderdi sozialistaren programaren lehentasunak?
Egoera ekonomiko honetan inor bazterrean geratu ez dadin lan egitea. Murrizketak bereizi gabe egiten ari dira. Gu ez gara murrizketen aldekoak. Gu ez gaude zerbitzuak kentzearen alde; izan ere, denbora luzean gizartearen lanari esker irabazitako eskubideak dira. Gure apustua doikuntza da, eta ekonomia suspertzea. Iruzur fiskalaren kontra egitea ezinbestekoa da. Zerga gehiago bildu behar da, baina ez soldatapekoen poltsikotik, ondasun handietatik baizik.
Orduan, ondasun handiei zerga gehiago ezartzearen aldeko zarete?
Bai, justizia sozialaren alde egiten dugu. Enpresa irabaziak gizartean inbertitzearen aldeko gara, ez lituzkete soilik ondasun handiak handiagoak egin beharko.
Egoera ekonomikoaz hitz egin duzu, nola deskribatuko zenuke?
Oso kezkagarria da. Ez da epe laburrean argirik ikusten eta aterabidea zein izan daitekeen jakitea zaila da. Jakin badakigu, halere, murrizketa ez dela krisiari aurre egiteko bidea. Ingurumari honetan, gure kezka handiena da krisia sektore ahulenei eragiten ari dela, klase ertaina desagertzen ari dela, eta ondasun handiak gero eta handiagoak direla.
Zein da independentziaren inguruan duzuen posizioa?
Gure leloa Guk, gure bidea da. Subiranotasunaren abenturak oso arriskutsuak izan ohi dira. Ezin daiteke independentzia panazea balitz bezala aurkeztu. Jendeak lanpostua behar du, osasun sistema bat, hezkuntza sistema bat.
Hala ere, euskaldunen gehiengoaren nahia hori balitz, entzuteko prest egongo zinatekete?
Gure diskurtsoa autonomista eta federalista da. Ez dugu uste Espainiatik irtetea konponbidea denik. Ez dugu autonomi erkidegoen subiranotasuna defendatzen; baina, noski, herria subiranoa da. Autogobernua defendatuko dugu; haustura ez da konponbidea, ordea. Diskurtso subiranoek sumina sortzen dute.
Euskararen eremuan zein da zuen apustua?
Legealdi honetan ereduen gudarekin amaitzea izan da gure asmoa. Alderdi sozialista betidanik euskal hezkuntza sistemaren sustatzailea izan da. Hiru hizkuntzen eredua ekarri dugu.
Baliabide faltak, halere, eredu horren aplikazioa moteldu du.
Egoera ekonomikoak baldintzatu du, baina gure gobernuaren lehentasuna hezkuntza izan da. Doikuntzak egin ditugu, baina dena dela ez dugu eremu horretan murrizketarik ezarri.
Abiadura handiko trena estrategikoa al da zuentzat?
Bai. Beti pentsatu izan dugu Espainia lotuko duen garraiobidea dela.
Europa mailan Espainiak eraiki du abiadura handiko trenarentzat errail gehien. Momentuz, adituek diotenez, erabiltzen ez delako toki askotan ez da errentagarria.
Ez dut jendeak erabiltzen ez duenik sinesten. Guretzat Euskal Herriak abiadura handiko trena eduki behar du. Antzekoa gertatzen da metroarekin, eta Donostian metroa eraikitzearen aldeko gara. Bilbokoa beharrezkoa ez zela zioenik bazegoen, jendeak ez zuela erabiliko… Eta bilbotarrek erabiltzen dute. Errentagarria izango dela uste dut, baina baliabideak egoerara egokitu beharko ditugu.
Hondakinen kudeaketaren gaian zein da zuen proposamena?
Eztabaida horri zaborren gerra deitzen diogu. Gure ereduan birziklapena eta berrerabilpena dira giltzak. Europako politikarekin bat gatoz, errefusa erraustearen aldekoak gara; hori bai, harik eta garantia tekniko gehienekin.
Goierri garaian onartutako kutsadura maila gainditu zen iaz. Komunikabide batek publikatutako datuen arabera, urtean neurritik gorako 35 egun onartzen dira. Goierri garaian neurriak 42 egunetan gainditu ziren. Zer diozu?
Airearen kalitatea hobetu egin da azken urteotan, eta iazkoa salbuespena da klimak ez zuelako lagundu. PM10 partikulen emisioa hobetu behar da, eta horretarako lanean ari gara Goierri garaian. PM2,5 partikulen jaitsiera erakusten dute neurketek, eta orain hiru aste, Eusko Jaurlaritzako ingurugiro sailarekin Airearen Kalitateko Planaren barruan lan egiteko hitzarmena sinatu genuen.
Inkestek diote herritarren kezka handiena politikoak direla. Sinesgarritasun falta hori zergatik gertatzen dela uste duzu?
Ezinbestekoa da alderdiek herritarrak erakartzea, baina garrantzia bera dauka herritarrek publikoa kudeatzeko modu bakarra politika dela sinestea. Herritarrak politikara hurbildu beharko lirateke, guztiok izan behar gara politikari. Nire ustez, liberalismo ekonomikoari klase politikoaren ospe-galtze hau oso ondo datorkio.
Hauteskunde aurreko inkesten arabera, alderdi sozialista hirugarren indarra izango da, EAJren eta EH Bilduren ondoren.
Esan ohi da inkestarik onena hauteskunde egunekoa dela, baina irabaztea zaila izango dela badakigu. EAJk emaitza onak izaten ditu legebiltzarrerako hauteskundeetan eta orain arte egon ez den indar berria dago, EH Bildu, zeina goren aldian dagoen… Optimistak gara, hala ere.
Gasteizko legebiltzarrean indar abertzaleek eserlekuen gehiengoa izango dutela ere badiote inkestek.
Ez litzateke lehenengo aldia izango. Niretzat hori ez da kezkagarria, baina egungo egoera ekonomiko honetan erabakiak arduraz hartu ditzaten nahiko nuke. Hala ere, eta emaitzak-emaitza, hurrengo legealdian ere gure alderdiaren ekarpena ezinbestekoa izango da, orain artean izan den bezala.