CAFeko langileek urte bukaera arte egunero lau orduko lanuztea egitea erabaki dute
Berria.info- CAFeko zuzendaritzarekin bildu ostean, Beasaingo lantokiko langileek gaur batzarrean lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute. Zuzendaritzak ezarri nahi duten lan espediente erregulazioaren aurka aurten amaiera arte lau orduko lanuzteak egingo dituzte. Ostiral honetan eta hurrengoan jai dutenez, zehazki beste sei egunez eutsiko diete lanuzteei.
Bihar, gainera, Gasteizera joango dira Eusko Legebiltzarrera, parlamentarien aurrean enpresaren erabakia salatzera. Zehazki, hogeitik gora autobus joango dira, eta langile batzordeak BERRIA.INFOri jakinarazi dioenez, euren egoera salatzera joango diren langile gehiagorekin bat egingo dute. Langile batzordearen asmoa euren jarrera agertzea izango da, eta ahal izanez gero, hurrengo lehendakariari euren mezua helarazi.
Ostegunean, beste manifestazio bat Beasainen
Gaurkoa CAFeko langileek enpresaren asmoak ezagutu zituztenetik egin duten hirugarren bozketa izan da, eta ezezko botoak gehiago izan diren arren, gehiengoak protestekin jarraitzearen alde egin du. 1.404 langilek eman dute botoa, eta horietatik 1.157 agertu dira mobilizazioen alde eta 161, kontra; 84ek zuri bozkatu du. Ostegunean Beasainen beste manifestazio bat egingo dute, gainera, eta datorren asterako mobilizazio gehiago iragarri dituzte.
Orain dela bi aste inguru hasi ziren langileak protesta egiten, enpresarengandik lan erregulazio espedientea ezarri nahi zutela jakin zutenetik. Sindikatu guztiek esan zuten ezetz. Hainbat lanuzte egin dituzte harrezkero, eta gutxienez hiru manifestazio Beasainen, Ordizian eta Donostian, Gaurko borroka, biharko enplegua lelopean. Langile batzordeak salatu du CAFek irabazi asko dituela, eta, hala ere, dosierra ezarri nahi dietela.
Enpresak dio datorren urteko lehen sei hilabeteetan ez dagoela lanik IV. dibisioan, eta lan prozesuaren amaieran dauden 892 langileri eragin diezaieke.













