Postalak bidaltzea, gustuko afizioa Agustin Zubeldiarentzat
Legazpiar honek lagunei eta senitartekoei postalak idaztea gustuko du. Gabonak edo urtebetetzeak zoriontzeko, edo bidaiaren bat egiten duenean... urtean 500dik gora bidaltzen ditu posta bidez. Bidalketa guztien erregistro zorrotza darama, eta postal eta zigilu bildumak ditu eginda.
Etxeko buzoira propaganda eta isunak besterik ez dira iristen azken aldian. Fakturarik ere ez ia, formatu digitalera pasatu direlako asko. Inork gutxik jasotzen du gutunik, eta idatzi, gutxiago oraindik. Gabonak postalen bidez zoriontzeko ohitura ere ia-ia desagertuta dagoela esan daiteke.
Gehienek ez dakite zigilu batek zenbat balio duen ere. Legazpiko Agustin Zubeldiak ondo daki zein kostu duen Correos bidez gutun bat bidaltzeak: «A, B, C… tarifetan daude banatuta zigiluak. A tarifa, adibidez, 0,89 eurokoa da. 20 gramo arteko eta tamaina arrunteko gutunentzat da. Hortik gora, pisuaren araberakoa da prezioa: 20 gramotik gora pisatzen badu, 1,03 euro dira. Destinoa ere kontuan hartzen da, eta Estatu Batuetara gutun arrunta bidaltzeko 2,15 euro behar dira, Europara 1,65 euro… ».
Bilduma ederra du eginda, «aspaldian erosita ditut. Behin egiten duzu inbertsioa, eta tarifetan banatuta daudenez, ez dute balioa galtzen. Gero etxean dituzu, behar dituzunean erabiltzeko». Tarifetan banatuta bakarrik ez, gaia, tamaina eta irudia ere kontuan hartuta sailkatuta ditu. Eta askotan erabiltzen ditu. «Etxean balantza txiki bat dut, eta zehatz-mehatz pisatzen ditut gutunak, jakiteko bakoitzari jarri behar zaion zigilua. Legazpiko Correosen ezagutzen naute, eta ez dute nire gutunik pisatzen, zigilua ondo jarrita dutela badakitelako».
Urtebetetzeak zoriontzeko
Askotan joaten da legazpiar hau Correosera. Izan ere, lagunei eta familiakoei urtebetetzeak zoriontzeko postal bat bidaltzeko ohitura du, gutun azal batean sartuta, helbidea eta igorlea ondo adierazita, eta dagokion zigilua jarrita. Eta lagun eta familiako asko ditu, urtean 300 inguru bidaltzen dituelako, «ia egunean bat!». Hainbeste izanda, erregistro zorrotz bat eramaten du, eta ondo apuntatuta du nori, noiz eta zer bidali dion: «Erosten dudan postal bakoitza eskaneatu egiten dut, eta batzuk errepikatuta ditudanez, apuntatu egiten dut nori bidali diodan, zergatik, zenbat urte bete dituen hartzaileak… Etxe berean bizi direnei postal berdina ez bidaltzeko egiten dut hori. Hala ere, izaten dut despisterik, eta behin amari eta semeari berdina bidali nien».
Berak jasotzen dituenak ere apuntatuta ditu, «baina askoz ere gutxiago izaten dira!». Horiek gorde egiten ditu.
Zigiluekin bezala, postalekin ere osatu du bildumatxo bat. «Legazpin bertan erosita ditut batzuk, Apatxon. Egiten ditudan bidaietan ere erosten ditut, batez ere museoetan edo Londresen bezala, denda espezializatuetan. Londres postalen paradisua da!». Internetez erosten dituela ere onartu du.
Era askotako postalak ditu, «batzuk oso bereziak, puzzle formatukoak adibidez, edo zabalgarriak; horrelakoak, 50 urte, 60 urte… urte borobilak betetzen dituzten lagunei eta senitartekoei bidaltzen dizkiet». Horiek bezala, bidaltzen dituen gainerako postalak ere pertsonalizatuak dira, «mezu pertsonalak idazten dizkiet euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo, Adimen Artifizialak lagunduta, beste hizkuntza batzuetan ere bai». Apaindu ere egiten ditu, eta hartzaileak betetzen dituen urteak, adibidez, zenbakien eranskailuekin jartzen ditu, eta bestelako apaingarriak ere erabiltzen ditu: «koloretako errotulagailuak edo boligrafoak, forma eta gai askotako eranskailuak, hizkiak… nire lana hartzea gustatzen zait». Karpeta lodi batean ditu gordeta guztiak.
Gabonetako postalak
Gabonak zoriontzeko ere bidaltzen ditu postalak, aurten 200 inguru. Ia mundu osoan zehar ditu lagunak eta senitartekoak, eta toki askotara bidali ditu: Espainiara, Latino Amerikara, Estatu Batuetara, Europara… 240, zehazki. Aurten goiz ibili dela dio, «abenduaren 1ean bidali nituen azkenak». Ea aurten iaz baino gehiago jasotzen dituen beraj! «2024an 230 bidali nituen, eta nik 35 jaso nituen bakarrik!»
Gabonetako postaletan gaia aukeratzekotan kontu handia du, «erlijioa, Olentzero, Papa Noel… edozeini ezin diozu bidali jaiotzaren irudia, adibidez».
Bidaiatzen duenean ere badu postalak bidaltzeko ohitura. «Duela bi urte Inter Rail bat egin nuen, Helsinkiraino, eta makina bat postal bidali nituen bitartean gelditutako hirietatik».
Elkarren arteko komunikaziorako Whats App eta beste aplikazio batzuk hainbeste erabiltzen diren garai honetan postalak bidaltzeko ohitura «zaharkituta» dagoela onartzen du Zubeldiak, baina berari asko gustatzen zaio eta jendea animatzen du hori egitera. «Gainera, lagunak mantentzeko balio dute, eta senitartekoekin harremanak ez galtzeko ere bai».














