http://youtu.be/F1ThSmcBP4k
Hiru ordu luze behar izan zituen Ertzaintzak astelehen iluntzean Loiolan (Azpeitia) ehunka lagunek osatu zuten giza harresia desegiteko. Goiz hartan bertan ekin zioten Madrilgo Auzitegi Nazional espainiarrean 28 gazte independentisten aurkako epaiketari; Xabier Arina, Imanol Salinas, Jazint Ramirez, Igarki Robles eta Irati Tobar auzipetuak, ordea, ez joatea erabaki zuten eta Loiolan aurkitu zuten babesa. Batzuk Azpeitian eta besteek Madrilen, "epaiketaren izaera politikoa" salatu nahi izan zuten.
Hiru ordu luze behar izan zituen Ertzaintzak astelehen iluntzean Loiolan (Azpeitia) ehunka lagunek osatu zuten giza harresia desegiteko. Goiz hartan bertan ekin zioten Madrilgo Auzitegi Nazional espainiarrean 28 gazte independentisten aurkako epaiketari; Xabier Arina, Imanol Salinas, Jazint Ramirez, Igarki Robles eta Irati Tobar auzipetuak, ordea, ez joatea erabaki zuten eta Loiolan aurkitu zuten babesa. Batzuk Azpeitian eta besteek Madrilen, “epaiketaren izaera politikoa” salatu nahi izan zuten.
Maskara zein peto laranjak eta koloretako pelukak jantzita, ehunka lagun bildu ziren basilikako eskaileretan: “Guztiak gara gazte auzipetuak, epaiketa hau euskal gazteriaren kontrako erasoa da”, zioten. Eskaileretan eseri eta elkarri gogoz helduta, bost auzipetuak babestea zuten asmoa. Ertzaintzak Angela Murillo epailearen aginduei men eginez, bostak atxilotu zituen Ertzaintzak indarrez.
Harresiaren bihotzetik
Gertatzen ari zen unean bertan sare sozialetan dardara eragin zuen albisteak. Harresiaren barnealdean zein kanpoan zeudenek etengabe bidaltzen zituzten irudiak; hainbat komunikabide bertatik zuzenean ere aritu ziren. Zalantzarik gabe, irudi gogorrak utzi zituen atxiloketak.
Gogorrak, eta hunkigarriak ere bai. Edo harrotasunez begiratzekoak. Hala diote behintzat gertakarien biharamunean, besoz beso, harresia osatu zutenen artean zeuden goierritarrek.
Ugari izan dira gazte auziperatuek joan zen igandean egindako deialdiari jarraituz Goierritik Loiolara joateko erabakia hartu zutenak. Batzuk igandean bertan joan ziren, besteak astelehenean.
“Oraingo honetan 28 hauei tokatu zaie, baina lan politikoa egiten duen beste edonor izan zitekeen. Gu izan gintezkeen”, dio harresian egon zen ordiziar gazte batek.
Hedabide espainolen presentziak iragarri zuen astelehenean Aske Gunera Ertzaintza iritsiko zela bost auzipetuak atxilotzera. Goierritarrek, beste ehunka lagunekin batera, bazekiten nora eta zertara zihoazen. Beraz, basilika atariko eskaileretan eseri, besotik heldu, eta bertan eutsi zioten ertzainek atera arte.
Polizia iristearekin batera, hedabideetako kazetari, argazkilari eta kamerak kanporatu zituzten. “Ez zuten lekukorik nahi”, diote. “Antifaz eta pelukekin geunden, ez zekiten non zeuden auzipetuak. Ez zekiten zer egin eta urduri zebiltzan ertzainak”, dio gazteetako batek.
Ertzainen indarkeria jarrerak ez dituela harritu diote gazteek. «Auzipetuak handik ateratzeko agindua Auzitegi Nazionalarena da, baina agindu hori betetzeko modua Gasteizko Gobernuarena», diote.
Horregatik, gogor kritikatu dituzte Josu Erkorekaren hitzak, ertzainen operazioa “egokia” izan dela ziotenak. “Kazetariak handik ateratzea eta han geundenok indarrez tratatzea EAJren kontua da. Beraz, badute garaia bide berrira egokitzeko”, gaineratu dute.
Borrakadak, irainak, mehatxuak, esku eta ukondo bihurrituak eta hamaika ezinezko postura ikusi ahal izan ziren. Harresian parte hartu zutenek ordea sentitutako indar, gogo, ilusio eta elkartasuna gogoratzen dituzte.
Atxiloketak
Agian harresian zeudenen artean alderdirik okerrenetakoa Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak eramango zuen. Atxilotua izan zen, Azpeitiako bizilagun batekin batera. Hasiera batean “atentatu” delitua egotzi zioten arren, bere abokatuek zehaztu dute “erresistentzia larria eta desobedientzia” egitea egotzi diotela. Berak argi du bera izan zen gisan, beste edonor izan zitekeela: “Norbait behar zuten istorioari buelta emateko. Zer entzun da hedabide handietan? Ertzain zaurituarena. Nik ez nuen kontakturik izan ertzainekin, atxilotua nengoela esan eta atera ninduten arte”, dio Hach Embarekek.
Berarekin batera, beste zortzi goierritar gazteri ere atxilotuta zeudela esan zieten hasieran. “Ez genuen identifikatzea nahi, beraz atxilotuta eramango gintuztela esaten ziguten. Taldea handitzen ari zen eta azkenean bi bakarrik eraman zituzten”, dio Beasaingo beste gazte batek.
Loiolan gertatutakoari distantziaz begiratuta, bere osotasunean ulertuta, zentzurik ezin zaiola topatu diote: “Bizi dugun garaiotan ez du logikarik gisa honetako ekintzak egin behar izateak, absurdua da Gobernu espainolaren jarrera eta baita Gasteizkoarena ere”, diote. Hala ere, desobedientziaren bidean jarraitzea beharrezko ikusten dute, Gobernu espainolak bere jarrera aldatzen ez duen bitartean. “Guk bide berri bati ekin diogu, baina beraiek betikoari eusten diote. Lanean jarraitu behar dugu jarrera aldatzea beste erremediorik gelditzen ez zaien artean”, diote.
Helburuak beteta
Aske Gunearen bultzatzaileen arabera, astelehenekoa “salbuespen politikekin eta epaiketekin bukatzeko bide luzean urrats berria” izan zen; “Aske Guneko lagunek eta auziperatuek egitasmo zehatz honetako helburuak lortu ditugu”.
Segiko kide izatearen akusazio beraren baitan epaitutako beste 40 gazte absolbitu egin zituzten joan den ekainean, tartean Xumai Matxain eta Ion Telleria goierritarrak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.