Goyo Larrañaga, Alberto Aierbe, Ainhoa Txurruka, Asier Sarriegi eta Edurne Albizu maratoiaren aurkezpenean, Donostian
Bi proba izango dira aurten Zegaman: nazioartean dagoeneko ezaguna den mendi maratoia eta aurten lehen aldiz egingo duten kilometro bertikala. Maiatzaren 15ean egingo dute kilometro bertikala, ostiral arratsaldez, eta maiatzaren 17an mendi maratoia. Izena emateko epea ostiraletik otsailaren 6ra egongo da irekita.
Mendi maratoiaren kasuan, iaz denbora onena egin zutenei emango dizkiete 125 dortsal. Beste 225, berriz, zozkatu egingo dituzte izena ematen dutenen artean. Kilometro bertikalari dagokionez, zozketa bidez aukeratuko dituzte 150 parte hartzaileak. Otsailaren 27an egingo dituzte bi zozketak.
Ibilbidean aldaketa txiki bat. Antolakuntzak jakinarazi duenez, aldaketa txiki bat baino ez da izango mendi maratoiaren ibilbidean: Ultzamatik behera jaitsi beharrean, Beundatik pasako dira korrikalariak, pista zati bat saihesteko. Aldaketa honek ez die eragingo lasterketaren distantziari eta desnibelari.
Kilometro bertikala Aitxurira. Kilometro bertikalari dagokionez, Harrihanditik aterako dira parte hartzaileak, eta Aitxuriko gainera igoko dira. 3.248 metroko ibilbidea izango da, 1.015 metroko desnibelarekin.
Europako proba kontinentala. Munduko kopa irabazteko hiru proba puntuagarritan eta proba kontinental batean parte hartu behar da. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, munduko koparako puntuagarria izateaz gain, Eurpako proba kontinentala izango da aurten Sky kategorian. Antolatzaileak gustura agertu dira aukeraketagatik, horrek Europako elitea erakarriko duelako.