Goierritarrek 'herriko tabernen' aurrean gaitzetsi dute Auzitegi Gorenaren epaia
Ehunka goierritarrek protesta egin dute, gaur iluntzean, ixteko epaia eman dieten ‘herriko tabernen’ aurrean edo herrietako plazetan bilduta. Gaur arratsaldean jakinarazi dute Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia, herriko tabernak ixteko eta arduradun politikoei kartzela zigorra agintzen diena.
Ordizian, Plaza Nagusian, Herriko tabernak libre eta zabalik pankartarekin bilkura isila egin dute. 60 bat lagun bildu dira, 19:30ean. Gaur bezala, bihar ere elkarretaratzea egingo dute, leku eta ordu horretan. Bertan zeudenek jakinarazi dutenez, Ordiziako Herrikoan ez dute arratsaldean inolako jakinarazpenik jaso, ezta defentsako abokatuek ere. “Hori jaso eta aztertu ondoren, abokatuekin batera ikusi beharko da zein prozedura jarraitu, gero”, azaldu dute.
Lazkaon, Antsoategi tabernaren aurrean ehun-bat herritar elkartu dira, 20:00etan. Han ere arratsaldean zehar ez da aparteko gora-beherarik sumatu. Antsoategi herrikoa libre pankarta zabaldu dute.
Beasainen ere jende mordoxka bat izan da elkarretaratzean. Arrano tabernaren aurrean izan da bilkura, Kale Nagusian. Epaiketa politikoa izan dela salatu, eta Arrano taberna eta elkartea ez ixteko aldarrikatu dute.
Zumarragan, Amalur elkartaren parean bildu dira makina bat zumarragar eta urretxuar. Bai Amalur elkartea, bai Urretxun dagoen Aldiri ez ixteko eskatu dute, “Libre” zioen pankarta laranja bereizgarriarekin.
Zaldibian ere 20:00etan hasi da protesta ekitaldia, plazan. Joxepane libre. Aski da, auzi politikorik ez idatzita zeukan pankarta zabaldu dute. Hain zuzen, Zaldibian gaurko zeukaten batzar bat deituta. Epai hau berez uztailean ateratzea aurreikusten zuten auzipetuek, eta ordurako zer erabaki hartu hitz egin nahi zuten.
Seguran, herriko plazan, jende mordoa bildu da. Elorri kultur elkartea eta Elorripe taberna “libre eta zabalik” nahi dutela adierazi dute.
Denera Goierriko zortzi ‘herriko taberna’ eta elkarte ixteko agindu du Auzitegi Gorenak: Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Zaldibia, Segura, Beasain, Ordizia eta Lazkaokoak.
Gaurko elkarretaratze batzuen argazkiak (argazkilariak: Maialen Igartua, Loinaz Agirre, Janire Arrondo, Eskeine Legorburu, Aimar Maiz eta Twitter)
Erlazionatutako edukia'Herriko tabernen' aurkako epaia berretsi du Auzitegi Gorenak