Igartzako jauregian izango da, 19:00etan. ’Indar, 75 urte’ erakusketa inauguratuko dute gaur Usurbe Antzokian.
Lemniskata elkarteak antolatutako Azaroa Zientziaroa 2015 egitasmoko bigarren jardunaldian, Demokraziako beasaingo Alkate Hautetsiekin solasaldia egingo dute. 1979. urteaz geroztik Beasainen izan diren zortzi alkateak eseriko dira mahaiaren inguruan. Bihar, Igartzako jauregian, 19:00etan izango da ekitaldia. Oihana Sarasola lazkaotar kazetariak gidatuko du saioa.
Era horretan, Lemniskatak, «omenaldi xume bat» egin nahi izan die herriko alkateei. «Solasaldira legealdi bakoitzeko alkatea gonbidatu dugu garai bakoitzeko hautetsi guztiak ordezkatuz», zehaztu du Lemniskatako Jose Luis Etxezarretak.
Legealdi bakoitzeko eginkizun garrantzitsuenak, anekdotak eta bizipenak oroimenera ekarri nahi dituzte antolatzaileek.
Era berean, «beren esperientzietatik jakin nahiko genuke ere zein ahulgune eta indargune ikusten dituzten Beasaingo etorkizunean».
Lasa (1979-83), Imaz (1983-87), Erguin (1987-91), Arriola (1991-95), Jauregi (1995-2003), Plazaola (2003-2011), Agirre (2011-2015) eta Aldasoro (2015) izan dira azkeneko alkateak.
Bestetik, gaur bertan, 19:00etan, Indar, 75 urte erakusketa inauguratuko du Lemniskatak Usurbe Antzokian. Hilaren 22ra arte egongo da ikusgai Indar enpresaren historia.