Jabetzaren erregistroan 1983tik 1997ra immatrikulatu zituzten. Orubeak dira ia denak, baina bertan zer dagoen zehazten du. Herrietako parrokiak dira jabeak
Eliza Katolikoak bere jabetza gisa azkeneko ia 40 urteetan immatrikulatu dituen ondasunen gaia Eusko Legebiltzarrera iritsi da. Nafarroan duela urte batzuk bezala, erregistroei zerrenda bidaltzeko eskatu zien parlamentuak, ekainaren 18an EH Bilduk egindako eskaera bat tarteko. Espainiako Konstituzioa 1978an onartu zenetik, Elizak zenbat eta zein ondasun inskribatu dituen jakin da orain: Goierrin 68 ondasun dira (Gipuzkoan denera 388, Araban 72, Bizkaian 65 eta Nafarroan 1.087).
Jabetza erregistroan ondasun bat lehenengo aldiz inskribatzea da immatrikulatzea. Goierriren kasuan, 1983tik 1997ra herri guztietan erregistratu zituen Donostiako Gotzaindegiak, 1980ko hamarkadan 42 ondasun izan ziren, eta gainerako 26ak 1990-1997 aldian. Titularra herri bakoitzeko parrokia da.
Gehien-gehienak (%91) orubeak dira. Hala ere, garbi zehazten da erregistroko agirietan lur horretan zer dagoen: 29 eliza, 27 ermita eta bi hilerri-kapera dira Goierrikoak. Lau etxe, bi baratze eta lau lursail ere badira.
Hain zuzen, Hipoteka Legeak (1946koa) ez zuen uzten gurtza edo kultu erlijiosorako lekuak jabetza pribatu gisa inskribatzen. Eliza Katolikoak instituzio publikoen pareko trataera izan zuen ordea, eta nahikoa zuen bere buruari ziurtagiri bat egitea, ondasuna bere izenean jartzeko.
Eraikina ezin, orubea bai
Elizen eta ermiten jabetza zuzenean ezin zenez inskribatu, zeharkako bide bat erabili zuten: orubea egin zuen Elizak bere, bertan dagoena ere inplizituki harena bihurtzeko.
Legearen muga hori 1998an kendu zuen Espainiako Gobernuak. Goierrin, baina, aurrekoak dira ondasun jabetzaren erregistro guztiak, eta Setienek sinatuta daude —1979tik 2000ra izan zen Donostiako gotzain—.
Immatrikulazio gehien 1983an daude eginak, 17 ondasun. Gehien Idiazabalen daude, zortzi erregistrorekin, Urtsuaran auzoko bi etxe, hiru baratze eta eliza barne.
Zerga-kargarik ez daukate Elizaren ondasun horiek guztiek, salbuetsita daude.